Bide Barriak

Janire Enzunza Landa 2022ko urt. 31a, 09:00

Gero eta argiago ikusten dot jenteak ez dauala behar besteko denporarik hartzen pentsateko eta hausnartzeko, bakardadea topau eta urruntzeko; horrek eragiten dau gurpil zoro baten beti buelta bardinak emotea. Gizartean hainbat zeregin ontzat emonda dagoz, eta normalena ei da horreei jarraitzea. 

Baina zergaitik ez gainditu estereotipoak? Zergaitik ez hortik urrundu eta holango galderak egin geure buruari: zelan nago? Zer gura dot? Zerk eta nork eragiten deust on eta kalte? Zelan lortu dana dalakoa? Zelan konpondu arazoa? Irakurri dodan akabuko liburuan hainbat sentimendu topau dodaz, pozgarriak eta tristeak, eta idazleak ohartarazi deust naturak emondako aukerak gehiago eta gehiagotan gozatzeaz: erreka baten ur-etorriaren edo itsasoko olatuen zaratea, egunsenti edo arrastietako ikuspegiak, arbola arteko lasaitasuna eta txorien txioa, haizearen indarra aurpegian…

Egia esan, gizakiak lotura estua eduki dau natureagaz orain dala gitxira arte, eta ondo etorriko litzakigu harreman hori behin betiko ez etetea. Urte barrirako amets edo asmoa izan leiteke geure parajeko naturan barruratzea, horretarako zentzumenak garatzea eta minutu edo, ausartu ezkero, ordu batzuetan, sakelekoa ahaztea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun