Euskarari atara kontuk!

"Urte barri-barri, txarri belarri"

Joanes Atxa Olaiz 2022ko ots. 4a, 09:31

Abestiek, bertsoek, koplek eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren ohiturek bitxikeria paregabeak dakartzate barnean. Bizkaia osoan abesten den Urteberri-kanta honek ere, gure hizkeraren, usadioen eta hizkuntzaren inguruko hainbat harribitxi gordetzen ditu. 

"Urte barri-barri, txarri belarri, dekonak ez dekonari, nik ez dekot eta niri!". Horrela hasten da Bizkaiko herri askotan urte berriari ongi-etorria emateko abestia. Gure amama zenak urtero-urtero abesten zigun, Gabon Zahar gaueko turroiak digeritu eta Urteberri eguneko ajeari aurre egiten laguntzeko. Eske-kopla deritzogun horietariko bat da hau, herriko kaleetatik barrena gabonsaria eskatzen ibiltzen zenekoa. Izan ere, orduko ohiturak gogoratzen dituen kanta da, urte berria auzoko etxeetatik intxaurrak eta gaztainak eskatuz hasten zen garaikoa.

Ez da bertsio bakarra, inondik inora ere. Resurrección María de Azkuek lan handia egin zuen XX. mende hasieran, herrietako kanta, esaera eta ohiturak biltzen. Hark bildu zituen abesti honen lehen aleak eta ordutik, hamarnaka zenbatu ditzakegu Urteberri-kanta berberaren aldaera ugariak: Arratia aldekoak, Bermeokoak, Ondarroakoak, Gernikakoak eta baita Uribe Kostakoak ere.

Nahiz eta bertsio asko eta ugariak izan, bada elementu bat, aldaera hauetan guztietan ageri dena: hasierako errima errepikakorra. Kopla hau hain sarkor eta kantagarri bihurtzen duen osagaia da hasierako errima. Eta hara, aukera paregabea ematen digu honek gure hizkerari buruz hitz egiteko!

Mendebaldeko euskalki osoan zehar, bada presente dagoen arau fonologikoa. Honek, hainbat hitzetako e letrak a bihurtzen ditu, r letraren aurretik badaude. Hau da, berri hitzari, barri esaten diogu Bizkaian eta txerri hitzari, txarri. Gure hizkeraren aldaketa horri esker, koplaren hasierak berebiziko indar eta nortasuna du: "Urte barri-barri, txarri belarri".

Erregela hori askotan agertzen da hitz askotan, esaterako: bardin, garriko, hasarratu,… eta baita hainbat izenetan ere, adibidez, Erandioko Akarlanda. Baina gure hizkeretan bakarrik erabiltzen al da erregela hori? Noski ezetz. Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri batzuetan ere bardin erabiltzen da, eta badaude bokal aldaketa horren bitartez sortutako hainbat hitz, Euskal Herri osoko hizkeretan sakabanatuta daudenak.
Kopla honek familia giroan abesteko besterik balioko ez zigula uste genuenean,  hainbat bitxitasun ekarri dizkigu. Batetik, zeinen baliagarriak ditugun gure hizkeretako hitzak, baita koplak kantatzeko ere. Eta bestetik, ez dela gure hizkera ezaugarri bereizi eta bakartuak dituen euskalkia. Nahiz eta hamaikatxo kilometrotara egon, denok hitz egiten dugu oso antzeko edo bardin

«Urte barri barri
txarri belarri,
dekonak ez dekonari
nik ez dekot eta niri.
Apalazio zalduna
iru erregen eguna,
zotzak eta paluek
txori biorren kontuek.
Emongo bozu emoizu
baldin emongo badozu,
zuri begira gagozan arte
egiten jaku berandu.
Apalazio miri montaña
hiru intxaur eta lau gaztaina»

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun