"Argazkilaritzaren txokoan" ikasitakoa praktikan jartzeko argazki-lehiaketa antolatu dugu. Parte har ezazu!

Erredakzioa 2022ko eka. 8a, 11:31

Askatasun –ia– osoz mugitu gaitezkeen urte honetan, oporrak, ihesaldiak edo dena delakoak zelan, non eta nogaz igarotzen duzun konpartitzeko aukera duzu hemen, betiere urte biotan argazkilaritzari buruz ikasitakoari eraginda. Hala, udako abenturak islatzen dituen argazkia HIRUKAri bidaltzea gura dugu, irailaren 30a baino lehen, le­hiaketaren atalera igoz edo foto@hiruka.eus helbidera bidalita.

Aurten ere, argazki-lehiaketa antolatu du HIRUKAk. Paperezko edizioan azken urte biotan argazkilaritzari lotutako ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz, inguruotan edo urruntxoago, uribekostarron uda zelakoa den ikusi gura dugu: eskualdean udaz gozatzen duten edo munduan barrena oporretan dauden Uribe Kostako herritarren lekukotza ja­so gura dugu; baita euskaraz harremanetan jartzeko topagunea eskaini ere. Lagun arteko giroaren, hondartzako zein mendiko osteren, he­rriko jaietako irudien, monumentuen, eraikinen, paisaien eta abarren ar­gazkiak bidal ditzakezue irailaren 30era arte (egun hori barne).

Foto Ricardo eta Foto Xabier argazki-denden laguntzagaz eta sariakaz antolatu du HIRUKAk argazki-lehiaketa.

Ohi legez, lehiaketan parte hartu ahal izango dute Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako norbanakoek (Uribe Kostatzat hartzen da: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Gorliz, Plentzia eta Lemoiz). Hala, parte-hartzaile bakoitzak 2022ko irudiak aurkeztu ahal izango ditu, gehienez hiru argazki: horizontalak; kolorezkoak ala zuri-beltzezkoak; jpg edo png formatuetan.

Hiruka.eus agerkari digitalean le­hiaketarako propio egongo den atalera igo beharko dituzte fotografiak, edo foto@hiruka.eus helbide elektronikora bidali. Ondoren, lehiaketarako propio sortutako argazki-galerian ikusgai egongo dira.

Ekitaldi honetan bi sari banatuko ditugu: lehenengo saria izango da irabazlearentzat, 60 x 40 zentimetroko metakrilato-argazki bat; bigarrena, parte hartzaile guztien artean zozkatuko dena, Fujifilm Instax Mini 11 kamera.

Lehenengo sariarentzako, HIRUKAren inguruko argazkigintzan aditu talde batek galbahetuko ditu aurkeztutako argazkietatik onena.

Oinarriak

Antolatzailea

Uribe Kostako komunikazio-taldea, HIRUKA Koop. ELK.; Foto Ricardo eta Foto Xabier argazki-denden laguntzagaz. Parte-hartzaileek ez dute izango lotura zuzenik Uribe Kostako komunikazio-taldeagaz, HIRUKA Koop. Elkarteagaz, ezta zozketa egiten duten denda biakaz.

Parte-hartzaileak

Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako herritar denek parte har dezakete.

Oharra

Parte-hartzaileek ez dute izango lotura zuzenik Uribe Kostako komunikazio-taldeagaz,  HIRUKA Koop. Elkarteagaz. HIRUKA Koop. ELK-ko langile eta ahaide hurbilekoakaz, ezta zozketa egiten duten FOTO RICARDO zein FOTO XABIER dendakazaz.

Parte-hartzeko

- Epea: irailaren 30ra bitartean (egun hori barne).

- Bidea: www.hiruka.eus-eko argazki lehiaketaren atalera igo beharko dituzte argazkiak, eta bertako datu-eskaera bete:

  • Egilearen izen-abizenak, adina eta herria.
  • Harremanetarako telefonoa.
  • Argazkia noiz eta non ateratakoa den.
  • Argazkiaren izenburua.

Argazkiak

  • 2022 urtean ateratakoak.
  • Horizontalak.
  • Koloretan zein zuri-beltzean.
  • Jpg edo png formatuetan. Gehieneko neurria: 5MB.

Baldintza hauek onartuko dituzte parte-hartzaileek

2016ko Uribe Kostako Uda Lehiaketan parte hartzen duenak oinarri hauek bere osotasunean onetsiko eta onartuko ditu.

  • Parte hartzeak esan gura du egileak aitortzen duela bidalitako lanaren eta horren edukiaren ardura duela. Beraz, parte-hartzaile bakoitza izango da hirugarren baten eskubideak ukatzearren gerta litezkeen erreklamazio guztien arduradun bakarra, honen barruan sartuz muga bako jabetza industrialeko edo intelektualeko lege-jabetza eta irudi-eskubideak. HIRUKA komunikazio-taldea kalte barik utziko duela hitzematen du.
  • Hiruka Koop ELK. ez da irudien jabe izango, hala eta guztiz ere, jasotako argazkiak HIRUKAren artxiboan gordeko dira, eta lehiaketan parte hartzen duenak onartzen du HIRUKA komunikazio-taldeak bere argazkiak erabili ahal izango dituela, beti ere egilearen izena aipatuz. Erreklamaziorik izanez gero, idatziz bidali beharra egongo da helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK., Martikoena 16, 2. solairua - 48992 Getxo, Bizkaia.
  • Parte hartzaileek emandako datuak zozketa bideratzeko erabiliko den HIRUKA Koop. ELK-aren fitxategi batean sartuko dira. Halaber, HIRUKA Koop. ELK-k jakinarazten du datu pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren eta horretarako aplika daitezkeen araudien arabera noizgura erabil dezakezula datu pertsonalak sartzeko, horiek zuzentzeko, ezeztatzeko edo horiei aurka egiteko eskubidea. Horretarako, idatzi bat bidali behar diozu, postaz, HIRUKA Koop. ELK-ri, egindako eskaera adieraziz eta NANaren kopia bategaz, helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK – Martikoena 16, 2. Solairua – 48992 Getxo, Bizkaia. Bestela, bezeroarentzako arreta-zerbitzura deitu: 944 911 337, edo mezu elektroniko bat bidali hurrengo epostara: hirukakoop@hiruka.eus
  • Antolatzaileek bere gain hartzen dute argazki batzuk lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea, giza eskubideen kontrakoak direla uste badute: bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa, ohorezko eskubidea, bakoitzaren intimitatea eta familiarena edo bestelako eskubide urraketak adierazten dituzten lanak ez dira onartuko.
  • Beharra izanez gero, antolakuntzak beregan hartzen du oinarriak aldatzeko ahalmena eta, era berean, ahalmena du oinarrietan ez datorren edozein gertakizun konpontzeko. HIRUKA Koop. ELK.-k bere egiten du, edozein arrazoi dela-eta, zozketa behin betiko aldatzeko, bertan behera uzteko edo eteteko eskubidea, eta ez du inolako erantzukizunik izango horregatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun