Euskaran igeri egin ezina

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2022ko urr. 4a, 14:31

Igerilekuan, bere lehen besokadak jainkotiarrak direla dio Angel Erro idazleak, eta gizatiar bilakatzen direla ondorengoak: baldarragoak eta itsusiagoak, nekearen ondorioz. Bada, igeriketaz eta nekeaz idaztea dagokit oraingoan niri ere. Erandioko Udal Kiroldegiak gaztelera hutsean eskaintzen baititu haurrentzako antolatutako igeriketa ikastaroak.

Eta nekea baino ez dut sentitzen halakoekin, itxura batean, Euskaraldiarekin, Euskararen Egunarekin eta bestelako euskararen aldeko festetan parte hartzeko gogoz diren udal ordezkariek, gero sekula ez dutelako euskararen aldeko grina bera erakusten eguneroko grisean. Eta Erandioren soziolinguistikaren parekoa den edozein herritan, euskararen alde ez egitea, haren kontra egitea da.

Badira ikastaroa osorik euskaraz eta erdiz euskaraz ematen dituzten monitoreak. Haien ekimen propioz, hori bai. Gaztelera hutsean baita eskaintza ofiziala. Baita kexak agertu ostean ere.

Nekatzeraino errepikatzen zaigu euskararen kasuan ezagutzatik erabilerarako saltoa emateko ordua dela, eta hala da. Erandioko udal ordezkariek ere sarri errepikatuko zuten leloa. Euskara zeharlerrotzat izango dute lanerako. Eta euskara teknikariak — eta saiatuak— ere baditu herriak. Baina gero heltzen da saltoa egiteko unea, eta urik ez igerilekuan. Kolpean desagertu egiten da berez euskararen alde egiteko sortutako azpiegitura hori guztia, azkenean, dena erabaki pertsonal eta indibidual bat balitz bezala. Haurren ehunekorik handiena euskaraz eskolatzen duen herri batean, haur horiei eskolaz kanpoko ekintzetan euskara erauzteak ondoriorik ez balu bezala.

Euskaraz eskolatutako haur horiek azkar ikasiko dute euskaraz bizitzea beti izango dela korrontearen aurka igeri egitea. Baita euskararen alde omen daudenekin ere.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun