Denbora berriak datoz

Josu Esnaola 2023ko urt. 21a, 08:00

Gaztetxo ginela ezagutu genuen Olentzero, aurpegi zikineko zurrutero tripaundia. Jakin genuen Euskal Herriko zenbait txokotan tradizio luzea zuela, solstizioari lotutako ospakizunen parte zela, garai batean enborra baino ez zela, eta gure iruditerian bere lekua egin zuen.

Urte batzuetara, jendartearen estandarretara egokitzeko edo, basati itxura leundu zioten. Olentzero dotore eta txukunak hartu zuen ikazkin zarpailaren lekua. Bazterreko kontu bat izatetik Eguberrietako ospakizunen erdigunean kokatzera ailegatu zen.

Azkenik, berdintasunaren izenean edo, Mari Domingi agertu zaigu bere ondoan. Ez daukat argi laguntzailea, emaztea, bikotekidea, laguna edo zer demontre den, baina bikote hetero perfektuaren figura indartu baino ez duela egiten iruditzen zait. Gainera emakumea plazara ateratzen badu ere, bigarren mailan geratzen dela esango nuke, Olentzeroren gerizpean.

Ez ote litzateke egokiagoa Olentzero emakumea izatea? Non agertzen da gizonezkoa izan behar duela? Jakintzat ematen dugu, Jainkoa gizonezkoa zela edo beste hamaika kontu jakintzat eman izan ditugun legez. Ea 2023ko Olentzerok pausu hori ematen duen jendarte feminista eraikitzeko bidean.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun