Uribe Kostako abenturazaleen eta jaizaleen uda irudikatu gura dugu!

Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 4a, 13:41

Bidali zure udako argazkiak eta lortu sari itzelak!

Uribe Kostako abenturazaleen eta jaizaleen uda irudikatu gura dugu. Bidali zure argazkiak, eta lortu sari itzelak! HIRUKAk antolatu duen zozketan parte hartzeko, argazkiak zuk zeuk igoko dituzu zozketaren atalera. Horretarako epea irailaren 3ra arte egongo da indarrean. Hainbat sari  banatuko ditugu...

Argazkiak igotzen dituzten uribekostar denen artean hainbat sari banatuko ditugu zozketa bidez, Errigorako kutxa, Ibaizabalen liburu-sorta bat, Sputniken eskaladan trebatzeko sarrerak eta Donostiako Aquariuma bisitatzeko sarrerak.

Uribekostarrak non, Uribe Kosta han! Zelan, non, nogaz igarotzen duzu uda? Konta egiguzu argazkien bitartez! Zuretzat uda zer den adierazten duen argazkia HIRUKAri bidaltzea gura dugu: irailaren 3ra bitartean, zozketaren atalera igoz.

Inguruotan edo urruntxoago, uribekostarron uda zelakoa den eta zer-zelako abenturak igarotzen dituzten irudikatu gura dugu: eskualdean udaz gozatzen duten edo munduan barrena oporretan dauden Uribe Kostako herritarren lekukotza ja­so gura dugu; baita euskaraz harremanetan ipintzeko topalekua eskaini ere. Lagun arteko giroaren, hondartzako zein mendiko osteren, he­rriko jaietako irudien, monumentuen, eraikinen, paisaien, lagunen eta abarren ar­gazkiak bidal ditzakezue. Saridunak zozketa bidez aukeratuko dira, irailaren 13an.

Parte hartzeko baldintza, betebehar eta gainerakoei dagokienez, adi honako hauei denei:

Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako norbanakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Uribe Kostatzat hartzen dira ondoko herri hauek: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Gorliz, Plentzia eta Lemoiz.

2023ko udako irudiak aurkeztuko dira; parte-hartzaile bakoitzeko 3 argazki, gehienez.
Argazkiek horizontalak izan beharko dute; kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak; JPG edo PNG formatuetan.

Zozketaren atalera bertara igo beharko dira fotografiak. Berton, Uribe Kostako Uda argazki-galerian ikusgai egongo dira.

Oinarriak:

Baldintzak eta betebeharrak:

Antolatzailea
Uribe Kostako komunikazio-taldea, HIRUKA Koop. ELK.


Helburua
HIRUKAk topaleku digitala eskaini gura die eskualdean udaz gozatzen duten edo munduan barrena oporretan dabiltzan uribekostarrei, euren lekukotza jasotzeko eta euskaraz harremanetan egoteko.

Parte-hartzaileak
Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako herritar denek parte har dezakete. 


Parte hartzeko
Epea: uztailaren 6tik irailaren 3ra bitartean (biak barne).
Bidea: www.hiruka.eus-en argazki-lehiaketaren atalera igo beharko dituzte argazkiak, eta bertako datu-eskaera bete:

  • Egilearen izen-abizenak, adina eta herria.
  • Harremanetarako telefonoa.
  • Argazkiaren izenburua.  

Argazkiak

  • 2023ko udan ateratakoak.
  • Horizontalak.
  • Koloretan zein zuri-beltzean.
  • Jpg edo png formatuetan. Gehieneko neurria: 5MB.

Sariak

  • Errigorako kutxa
  • Ibaizabalen liburu-sorta bat
  • Sputniken eskaladan trebatzeko sarrerak
  • Donostiako Aquariuma bisitatzeko sarrerak.

Ez dira emango horien ordezko beste sari batzuk.

Sari-banaketa
Zozketa bidez aukeratuko dira saridunak.

Irailaren 13an jakinaraziko da saridunak nortzuk diren, hiruka.eus agerkari digitalean. HIRUKA e-postaz edo telefonoz ipiniko da eurakaz harremanetan.

Parte-hartzaileek ondoko baldintza hauek onartuko dituzte:
2023ko Uribe Kostako Uda Lehiaketan parte hartzen duenak oinarri hauek bere osotasunean onetsiko eta onartuko ditu.
    •    Parte hartzeak esan gura du egileak aitortzen duela bidalitako lanaren eta horren edukiaren ardura eta eskumena duela. Beraz, parte-hartzaile bakoitza izango da hirugarren baten eskubideak ukatzearren gerta litezkeen erreklamazio guztien arduradun bakarra, honen barruan sartuz muga bako jabetza industrialeko edo intelektualeko lege-jabetza eta irudi-eskubideak. HIRUKA komunikazio-taldea kalte barik utziko duela hitzematen du.
    •    Hiruka Koop ELK. ez da irudien jabe izango, hala eta guztiz ere, jasotako argazkiak HIRUKAren artxiboan gordeko dira, eta lehiaketan parte hartzen duenak onartzen du HIRUKA komunikazio-taldeak bere argazkiak erabili ahal izango dituela, beti ere egilearen izena aipatuz. Erreklamaziorik izanez gero, idatziz bidali beharra egongo da helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK., Martikoena 16, 2. solairua - 48992 Getxo, Bizkaia.
    •    Parte-hartzaileek emandako datuak zozketa bideratzeko erabiliko den HIRUKA Koop. ELK-aren fitxategi batean sartuko dira. Halaber, HIRUKA Koop. ELK-k jakinarazten du datu pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren eta horretarako aplika daitezkeen araudien arabera noizgura erabil dezakezula datu pertsonalak sartzeko, horiek zuzentzeko, ezeztatzeko edo horiei aurka egiteko eskubidea. Horretarako, idatzi bat bidali behar diozu, postaz, HIRUKA Koop. ELK-ri, egindako eskaera adieraziz eta NANaren kopia bategaz, helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK – Martikoena 16, 2. Solairua – 48992 Getxo, Bizkaia. Bestela, bezeroarentzako arreta-zerbitzura deitu: 944 911 337, edo mezu elektroniko bat bidali hurrengo helbidera: hirukakoop@hiruka.eus
    •    Antolatzaileek bere gain hartzen dute argazki batzuk lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea, uste badute giza eskubideen kontrakoak direla: bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa, ohorezko eskubidea, bakoitzaren intimitatea eta familiarena edo bestelako eskubide urraketak adierazten dituzten lanak ez dira onartuko.
    •    Beharra izanez gero, antolakuntzak beregan hartzen du oinarriak aldatzeko ahalmena eta, modu berean, ahalmena du oinarrietan ez datorren edozein gertakizun konpontzeko. HIRUKA Koop. ELK.-k bere egiten du, edozein arrazoi dela-eta, zozketa behin betiko aldatzeko, bertan behera uzteko edo eteteko eskubidea, eta ez du inolako erantzukizunik izango horregatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun