EuskarAbenturan izena emateko epea zabaldu dute

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 13a, 09:49

Datorren urteko martxoaren 8ra arte izango dute interesa duten eta 2007 eta 2008 urteen artean jaio diren neska-mutilek 2024ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. Horretarako, aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidali beharko dute. Guztira, 125 gazte aukeratuko dituzte, uztailaren 1etik 31ra bitartean Euskal Herri osoa zeharkatzeko, oinez eta euskaraz.

Abenduaren 1ean ireki zuten izen-emate epea, eta Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urte arteko gazte euskaldun orok eman ahalko du izena; 2006 eta 2009 urteetan jaiotakoen kasuan, soilik Ipar Euskal Herriko eta diasporako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute.

Interesatuek, minutu bateko aurkezpen-bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz. Proiektu horiek Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu, eta apirilaren 24an jakinaraziko dute 125 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda.

Aurten, hautagaitza bidali gura duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai izango dituzte aukeran: euskara batua eta euskalkiak; emakumea eta kirola; eta utopia. Informazio guztia, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun