Antsietatea maneiatzen ikasteko tailerra egingo dute Urdulizen, emakumeei zuzenduta

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 23a, 10:32
Ikastaroan zehar, genero ikuspegia erdigunean izango da, izan ere, antolatzaileen esanetan, generoak eragin handia du subjektibotasun femeninoaren eraikuntzan. Argazkia: FREEPIK

Otsailetik apirilera 10 sesio egingo dituzte antsietatea kudeatzen ikasteko Urdulizko Kultur Etxean, martitzenero, 16:45etik 19:45era. Antsietatea edo depresioa jasaten duten emakumeei zuzenduta dago, baita zeharka egoera hori bizi duten senitartekoei ere. Hala, izen-ematea otsailaren 5era arte eman daiteke prebentzioa@uribekosta.eus helbidean edota 688 699 454 eta 946 859 611 zenbakietan. Helburua da emakumeen bizitzan ondo sentiarazten dituzten faktoreak eraikitzen laguntzea, hala nola autonomia osasun mentalaren kudeaketan eta autozaintza eta ahalduntzea sustatzea psikofarmakoen erabileraren ordez.

Programaren helburu zehatzak honakoak dira: antsietatea maneiatzeko gaitasuna hobetzea (antsietate-mailak murriztea); depresioa maneiatzeko gaitasuna hobetzea (depresio-mailak murriztea); psikofarmako gutxiago hartzea; bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dituzten familia eta gizarte-loturak garatzea edo indartzea; rol psikosozial berriak garatzea eta gizarte-laguntzako taldeetan sartzea.

Zehazki hurrengo egunetan egingo dituzte sesioak: otsailaren 13an, 20an eta 27an; martxoaren 5ean, 12an eta 19an eta apirilaren 9an, 16an eta 30ean. Taldea osatzeko betiere aurretiazko elkarrizketa egingo dute antolatzaileek.

Ikastaroan zehar, genero ikuspegia erdigunean izango da, izan ere, antolatzaileen esanetan, generoak eragin handia du subjektibotasun femeninoaren eraikuntzan. "Hortik abiatuta, emakumeek beren ondoezak ezagutu ditzakete, adibidez, antsietatea. Antsietate horrek sustraitze historiko, sozial eta kultural sakona du, femeninoa denaren eraikuntza sozialarekin lotuta". Halaber, esparru teorikoa eta metodologia ere duela azaldu dute: osasunaren ikuspegi komunitarioa eta soziala, alegia. "Bertan, taldeek zeregin nagusia betetzen dute elkarri laguntzeko, elkartasuna adierazteko eta elkar ulertzeko gizarte-lotura berrien sustapenean, psikodramaren metodologiarekin (garapen eta hazkunde pertsonala, rolak garatuz)".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun