Uribe Kostako 11 talde arituko dira martxoaren 23-24an Euskal Non-League Day oinarri-futbolaren jaian

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 20a, 11:39
Erandioko Betiko Neskak, artxiboko irudian.

Athletic Clubek, Fundazioaren eskutik, II. Euskal Non-League Day jaia ospatuko dute martxoaren 23an eta 24an. Oinarri-futbolaren aldeko ekimen horretara Athleticegaz hitzarmena duten 170 klubak gonbidatu dituzte, eta daborduko 80tik gorak eman dute izena, tartean, Uribe Kostako 11 futbol-talde.

Euskal Non-League Day ekimenaren helburua da talde hitzartuek eta horiek ordezkatzen duten futbol hezitzaileak gizartean eta kirolean duten garrantzia azpimarratzea, antolatzaileek azaldu dutenez. Horretarako, "merezi duten ikusgarritasuna eta aintzatespena ezagutzera emateaz gain", Athletic Clubek zozketak antolatuko ditu tokiko zaleek festan eta Euskal Non-League Day jaialdiaren bigarren edizioan parte har dezaten. Izan ere, jaia talde bakoitzaren zelaian izango da.

Hitzartutako klub bakoitzak Athletic Clubek antolatutako zozketetarako txartel sorta bat jasoko du. Txartelaren prezioa 3 eurokoa izango da, eta bildutako diru guztia hitzartutako klubarentzat izango da, eta horiek komunitateko gizarte-erakunde batera bideratu ahal izango du zenbatekoaren zati bat.

Gainera, tokiko zelaietara bertaratzea sustatzeko, Athletic Clubek gizonezkoen lehen talde osoak sinatutako kamiseta bat, emakumezkoen lehen taldeak sinatutako kamiseta bat eta LaLigako partida baterako sarrera bi zozkatuko ditu martxoaren 23an eta 24an Twitterrera, Facebookera edo Instagramera #EuskalNonLeagueDay traola erabiliz oinarri-futboleko partida batean argazki bat igotzen duten pertsona guztien artean.

Gurean, Uribe Kostan, hurrengo klubek parte hartuko dute jaian: Arenas Club, Barrika Futbol Elkartea, SD Erandio Club, Erandioko Betiko Neskak, Gaztelueta CF, CD Getxo, SD Leioa, Leioako Emakumeak FKE, Neguri SD, SD Plentzia eta Urduliz FT.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun