Gorrondatxe taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du bihar Erandion

Ander Zarraga 2024ko ots. 28a, 15:51

Niko Brochado musikariaren gidaritzapean, Gorrondatxe taldeak bere estudioko lehen lana aurkeztuko du bihar, otsailak 29, Altzagako Merkatu Zaharrean. 19:30ean hasiko den emanaldian folk doinuak entzun ahalko dira, Getxo eta bere inguruetan inspiratuta dauden euskarazko abestiakaz.

Gorrondatxe taldea osatzen dute Niko Brochado ahotsa eta gitarra, Itziar Martinez ahotsa eta panderoa, Esther Gabiola bibolina, David Mellado perkusioa eta Aitor Brochado bateria eta baxua. Musikan ibilbide luzea duten musikariak dira beraiek, hainbat musika taldetako partaideak baitira, baina oraingoan, Gorrondatxe izenpean batu dira folk-rock, habanera eta zortziko estiloko musika egiteko. Euskaraz kantatzen dute eta beren letrak inguruko paisaietan, Getxoko herritarretan edo feminismoan eta naturan daude inspiratuta 

Nikok kontatu duenez, taldea Martinez eta bera Getxoko Andres Isasi musika-eskolan ari zirenean hasi zen: "Ahots-teknika ikasten ari ginela, Itziarrek nire abestiak kantatzera animatu ninduen eta hortik jendea batzen hasi ginen". Gerora, abesti gehiago osatzen joan zirela kontatu du eta taldekide ezberdinakaz probatzen hasi ziren, "Esther taldean sartu zen arte, hori itzela izan baitzen", gogoratu du abeslariak.

Gabiolak txikitatik jotzen du biolina eta hainbat musika taldetan ere aritu dela kontatu du, tartean, Ander Enziondo musikariagaz edo Mconak taldeagaz. Gorrondatxera batzean, kontatu du egiten duten musika motak asko erakarri zituela, "gaur egun ez delako horrelako musikarik egiten, eta Nikoren ahotsa ere asko gustatu zitzaidalako". Melladok ere azpimarratu du denak oso leku desberdinetatik datozela, eta hainbat estilo desberdin jotzen dituztela; adibidez, berak cumbia, conga eta horrelako doinu latinoak jo ohi ditu.

Aitor Brochado Nikoren loba da eta bere musika entzun zuenean baxu bat falta zitzaiola gomendatu eta gero sartu zen taldera. "Nik bateria jotzen dut eta 16 urteetatik daramat beragaz eta beste hainbat taldegaz jotzen. Gorrondatxen, baxua jotzen dut, baina diskoko hainbat abestitan bateria ere grabatu dut", kontatu du. 

Aurreratu dutenez, bihar, otsailak 29, Erandioko Merkatu Zaharrean diskoaren aurkezpen ofiziala egingo dute, Track 1 elkarteari esker. Beraiekaz batera, diskoan kolaboratu duten hainbat musikari ere izango dituzte, tartean, Ivan Allue Txistuman eta Romoko abesbatzako abeslariak. Horrez gain, martxoaren 11n, Emakumearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan ere kontzertu bat eskainiko dute EHUko Leioako campusean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun