Palestinarren kontrako genozidioa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte aste-akabuan Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 1a, 09:20

Itzubaltzeta-Palestina Herri Ekimenak deituta, Israel Gazan egiten ari den sarraskia eta palestinarren kontrako genozidioa salatzeko mobilizazioa egingo dute domekan, hilaren 3an, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan, 13:30ean. Erandion, gaur, barikuan, egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Altzagako metro geltokiaren aurrean. Algortan, aldiz, argazki-erakusketa bat jarri dute martxan, martxoaren 23ra arte, Abian kultur elkartean.

Palestinaren aldeko ekimenak egiten ari dira herriz herri, eta, gogoratu dutenez, Israelgo Armadak 30.000 pertsona baino gehiago hil ditu daborduko Gaza okupatzeko ofentsiba abiatu zuenetik. Baita milaka pertsona zauritu, lekualdatu eta, okupazioaren ondorioz, ura, janaria, erregaia, medikuntzarako hornidura falta eta deshidratazioa eragin ere.

Deitoratu dute jada ez dagoela bizi-aterpe segururik Gazako Zerrendan, eta milaka palestinarrentzako heriotza-kartzela bilakatu dela euren etxea. Hala ere, azpimarratu dute urriaren 7an abiatutako "ekintza genozidak" ez direla egunotara mugatzen, eta 75 urteko apartheid baten ondorio direla: "Israelek etengabe urratu ditu Nazio Batuen ebazpenak. Azken hilabetetako izugarrikeriaren mugak, ordea, Israelgo okupazio militarraren estrategia politikoa erakutsi digu: palestinar herriaren suntsiketa".

Gernika-Palestina

Itzubaltzetako taldeak azaldu duenez, Gernika-Palestina Deialdi Herritarren helburua da Euskal Herritik elkartasun-erantzunik ahalik eta zeharkakoena eta bateratuena antolatzea, oinarrizko hiru aldarrien gainean: Israeli sarraskiari amaiera ematea exijitzea, nazioarteko komunitatearen inplikaziorako interpelatzea eta palestinar herriaren eskubideen errespetua eskatzea.

Egoeraren larritasuna ikusita, "inoiz baino gehiago", elkartasun-ekimen aktiboak areagotzeko garaia dela iritzi diote herri-ekimeneko kideek: "Beste behin, agintari eta erakundeei exijitzen diegu Israel behar dezatela Palestinan burutzen ari den operazio militarrak berehala eteteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun