Eskuz Esku abesbatzak eta Berangoko Emakumeen Elkarteak ikuskizun berezia taularatuko dute zapatuan Berango Antzokian

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 7a, 17:51
Eskuz Esku abesbatzako kideak, Muxikebarri Antzokiko emanaldian. © Eskuz Esku abesbatza

Getxoko Eskuz Esku abesbatza eta Berangoko Emakumearen Elkartea elkarlanean, Con nombre de mujer izeneko ikuskizuna taularatuko dute zapatuan, hilaren 9an, Berango Antzokian. Sorpresaz beteriko lana izango da hori, musika eta dantza uztartzen dituen performance gisa. Saioa 19:00etan hasiko da.

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, tokiko Udalak ikuskizun berezia eramango du Berango Antzokira. Bertan arituko dira Getxoko Eskuz Esku abesbatza eta Berangoko Emakumearen Elkartea, "emakumearen gaiak erdigunean jartzeko asmoz", abesbatzako presidente Esther Zarragak azaldu duenez.

Horrek iragarri duenez, joan den abenduan Muxikebarri Antzokian aurkeztutako ikuskizunaren modukoa taularatuko dute zapatuan Berangon, baina hango agertokira egokituta eta tokiko Emakumearen Elkarteagaz elkarlanean. Hala, alde batetik, getxoztarrek Les misérables eta Le Fantôme de l'Opéra bezalako piezen zatiak  interpretatuko dituzte, musika eta mugimendua uztartuta; "izan ere, gure abesbatza apur bat ezberdina da; abestiak koreografiakaz lantzen ditugu", azpimarratu du abesbatzaren presidenteak. Horrez gainera, zapatuko emanaldian, talde berangoztarrak zumba-saio bategaz parte hartuko du ikuskizunean.

Ikuskizuna arrastiko 19:00etan hasiko da, eta sarrera euro batean egongo da eskuragai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun