Edukiontzi urdinera botatzen den % 17 inguru ez da ez papera ez kartoia Uribe Kostan

Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 12:07
Edukiontzi urdin bat. © URIBE KOSTAKO MANKOMUNITATEA

Uribe Kostako Mankomunitateak ohartarazi duenez, papera eta kartoia birziklatzeko edukiontzietan jasotzen diren hondakinen % 16,7 desegokia da. Egindako azterlanaren arabera, 2022ko datuen parekoak dira: orduko hartan, desegoki gisa katalogatutakoen zenbatekoa % 16,8koa zen.

Kartoiak (% 69,70) eta paperak (% 13,64) bildutako materialaren % 83,34 osatzen dute. “Inpropioen” artean, zura (desmuntatutako altzari txikiren bat, egurrezko apal edo euskarriren bat...), plastikozko ontziak eta ehunak nabarmentzen dira.

Beirarenagaz batera, urdin koloreko edukiontziak dira Mankomunitateko udalerrietan denbora gehien daramatzatenak martxan. Hala, birziklatzeari bultzada berri bat emateko asmoz, edukiontzi horien erabilera gero eta eraginkorragoan aurrera egiteko eta betetzen duten ingurumena zaintzeko funtzioa indartzeko, Mankomunitateak edukiontzi urdinera bota beharreko edukiak zeintzuk diren gogorarazi du:

  • Papera: aldizkariak, egunkariak, paperezko poltsak, apunteak edo oharrak, oparitarako paperak....
  • Kartoia: arrautzontziak, kaxak, bilkariak, bilgarriak...

Zer EZ bota: Tetrabrikak, paper metalizatuak edo plastifikatuak, olioz edo koipez zikindutakoak, pixoihalak, aluminiozko papera, plastikozko poltsak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun