Hitzorduak gogorarazteko SMSak bidaliko ditu gaurtik aurrera Osakidetzak

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 18a, 11:57
Azterketa eta kontsultak Urdulizko ospitalean eta Areeta eta Algortako osasun-zentroetan egiten dira.

Erandio izan ezik, eskualde osoari arreta egiten dion Uribeko ESIak berehalako mezuak (SMS) bidaliko dizkie herritarrei, arreta espezializatuko hitzordua dutela gogorarazteko. Hitzordua baino hiru egun lehenago bidaliko du Osakidetzak mezua pazientearen fitxan agertzen den telefono mugikorrera, pazienteak berak aukeratutako lehentasunezko hizkuntzan. Ekimena proiektu pilotu bategaz hasiko da, erradiodiagnostikoko zerbitzuko hitzorduakaz, eta, ondoren, gainerako kontsultakaz eta arreta espezializatuko azterketakaz osatuko dute.

Osakidetzako iturriek azaldu dutenez, SMS mezularitza-sistemak aukera emango du hitzordua gogoratzeko eta, hala badagokio, behar besteko aurrerapenaz hitzordu hori ezeztatzeko, joaterik ez badago. Mezuan adieraziko dira pazientearen jaiotza-data (identifikazio gisa), hitzorduaren eguna, ordua eta zerbitzua, eta hitzordua aldatu edo bertan behera utzi behar izanez gero, deitu beharreko telefono-zenbakia. Telefono bidezko arreta-ordutegia 08:00etatik 20:00etara da, astelehenetik barikura.

Sistema hori ezartzeak arreta espezializatuan hitzorduak kudeatzea erraztuko duela iragarri dute arduradunek. Gaur egun, Uribeko ESIak 175.000 biztanleri eskaintzen die zerbitzu hori, 18 udalerritan banatuta:  Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia. Azterketa eta kontsulta espezializatuak Urdulizko ospitalean eta Areeta, Algorta eta Mungiako osasun-zentroetan egiten dira. Erandio Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko parte da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun