Barinatxe hondartzara sartzeko arrapalak itxita jarraituko du segurtasun arrazoiengatik

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 2a, 09:49
Udalak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erantzunkidetasun partekatua izatea, hondartzaren segurtasuna eta garbitasun egokia bermatzeko.

2023ko abenduan, lur-jausi bat gertatu zen Barinatxe hondartzara sartzeko ezpondan. Horregatik, Udaltzaingoak ingurua hesitzea erabaki zuen eta kartel bat jarri zuen arriskuaz ohartarazteko eta pertsonei eta ondasunei arriskuak kentzeko. Egun, hainbat bileraren ostean, Sopelako Udalak bere gain hartu du jarduketa-proiektua enkargatzeko ardura, baldin eta inplikatutako administrazioek elkarregaz finantzatzeko konpromisoa hartzen badute itsaslabarreko ezpondan esku hartzeari lotutako gastuak estaltzeko. Bien bitartean, oinezkoentzako sarbidea arrapalatik hesitu da eta ibilgailuen jaistea debekatuta dago Aste Santuko opor guztietan.

2024ko urtarrilaren 10ean, Getxoko Alkatetzak eskaera formala igorri zion erakunde eskuduna den Itsasertz Mugarteari neurriak hartzeko eskatuz. Espedientean txosten tekniko geologiko zehatza sartu zen, baita itsaslabarra egonkortzeko proiektuaren aurrekontu xehatua ere.

Itsasertz Mugarteak erantzunik eman ez zuenez, Alkatetzak dekretu bat igorri zuen otsailaren 27an, eskatutako obrak berehala egiteko eskatuz. Jakinarazpen hori Itsasertz Mugartera ez ezik, hondartzak kontrolatzeaz arduratzen den Bizkaiko Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetara eta Getxoko Udalera ere bidali zituen.

Martxoaren 1ean, Itsasertz Mugarteko Burutzaren erantzuna jaso zen eta hark adierazi zuen Barinatxeko hondartzak ezaugarri natural paregabeak dituela eta itsaslabarra babes zorrotzaren pean katalogatuta dagoela eta, beraz, ezin dela indartu.

Ingurunea modu naturalean lehengoratzeko, zerbitzu-eraikina eta sarbide-arrapala eraistea proposatzen da. Horrela, hareatzara iristeko bitarteko bakarra eskailerak izango lirateke. Orain arte, ez dago behin betiko proiekturik, ezta neurri horiek gauzatzeko datarik ere.

Sortutako ziurgabetasuna ikusita, Sopelako Udalak martxoaren 6rako eta 13rako hainbat bilera deitu zituen Kostaldeko Demarkazioagaz. Bilera horien helburua Barinatxe hondartzako egoerari modu integralean heltzea izan zen, funtsezko alderdiak aintzat hartuta, hala nola sarbidea, segurtasuna, larrialdiak, garbitasuna eta tokiko surf eskolen jarduera ekonomikoan duen eragina. Gainera, behin-behineko ekintzen bidezko aldi iragankor bat ezartzeko aukera planteatu da, udako hurrengo denboraldian funtzionamendu egokia bermatze aldera.

Martxoaren 20an, bilera bat egin zuten Itsasertz Mugarteko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Getxoko Udaleko ordezkariek. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako ordezkariek ezin izan zuten lan-saio horretan parte hartu.Truke horien ondoren, Sopelako Udalak bere gain hartzen du jarduketa-proiektua enkargatzeko ardura, baldin eta inplikatutako administrazioek elkarrekin finantzatzeko konpromisoa hartzen badute itsaslabarreko ezpondan esku hartzeari lotutako gastuak estaltzeko. Era berean, nabarmendu dute oso garrantzitsua dela erantzunkidetasun partekatua izatea, hondartzaren segurtasuna eta garbitasun egokia bermatzeko.

Sopelako hirigintza zinegotzi Mikel Tapiaren arabera, Udalak bere esku dauden neurri guztiak ezarri ditu eta inplikatutako erakunde guztiak inplikatzeko eta sortutako arazoari ahalik eta konponbide azkarrena bilatzeko". Testuinguru horretan, pertsonen segurtasunarekin lotutako gaiak eta larrialdietan egin beharreko jarduerak dira Udalaren elementu kezkagarrienak.

Hori dela eta, oinezkoentzako sarbidea arrapalatik hesitu da eta ibilgailuen jaistea debekatu da. "Udaleko Hirigintza eta Herritarren Segurtasunerako Sailetik dei egiten dugu, Aste Santuko opor-egunak kontuan hartuta, neurri horiek errespeta daitezen eta udaltzainek eman ditzaketen jarraibideak une oro bete daitezen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun