Uribe Kostako Mankomunitateak ireki du Guraso Eskola ekimenean izena emateko epea, maiatzaren 2ra arte

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 22a, 17:13
Eskaintza eskualdeko zazpi udalerrietako batean erroldatutako pertsonei zuzenduta dago.

Urtero legez, tailerrak doakoak eta aurrez-aurrekoak izango dira, eta xedea da Uribe Kostako Mankomunitateko haurren eta haien familien ongizatea hobetzea. Baldintza bakarra, tailerra osatzen duten saioetara joateko konpromisoa hartzea da. Eskaintza eskualdeko zazpi udalerrietako batean erroldatutako pertsonei zuzenduta dago, eta ikastaroak haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoei begira antolatu dituzte. Izen ematea, hemen.

Uribe Kosta Mankomunitateko haurren eta haien familien ongizatea hobetzen jarraitzeko helburuagaz, Uribe Kosta Zerbitzu Mankomunitateko Gizarte Hezkuntza Artekaritzak (GHAZ) eta Adikzioen Prebentzio eta Osasuna Sustatzeko Zerbitzuak Guraso Eskola ekimena abiarazi du beste urte batez. Hurrengoak dira emango dituzten tailerrak:

  • Haur Hezkuntza: Sandra Martín Andrés Diziplina Positiboko Familien hezitzaileak sei saio emango ditu maiatzean eta ekainean Kurtzio kultur etxean, arrastian.
  • Lehen Hezkuntza: Iñigo Zaballos Diez neuropsikologian hezia eta arlo digitalean aditua da, eta sei saio eskainiko ditu arrastian, maiatzean, Gorliz Erakusgelan.
  • Bigarren Hezkuntza: Jorge Madariaga, ADOS S.C.ko psikologo klinikoa, haur eta gazteakaz esku hartzen aditua, lau saiotan arituko da maiatzean eta saio batean ekainean, denak arrastian, Berango Gazte Laben

Saio guztiak gaztelaniaz izango dira baina nahi duenak euskaraz parte hartu ahal izango du. Izena emateko azken eguna, maiatzaren 2a izango da, egun hori barne.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun