Bi birziklapen lantegi bisitatu dituzte Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko arduradunek

Erredakzioa 2024ko api. 26a, 09:53
18 kidek birziklapenaren kudeaketa eta tratamenduaren ezagutzan sakondu ahal izan zuten. © URIBE KOSTAKO MANKOMUNITATEA

Apirilaren 18an, hondakinak tratatzeko Bizkaiko bi planta garrantzitsuenetara bisita antolatu zuen Ekogunek. Hala, hiri hondakinen kudeaketa ezagutarazi zieten Mankomunitatea osatzen duten zazpi herrietako udal arduradun, tekniko eta langileei.

Guztira, 18 kidek osatu zuten taldea, eta kudeaketa eta tratamendu prozesu horien ezagutzan sakondu ahal izan zuten. Era berean, Uribe Kostako eskualdean hondakinak behar bezala bereizteko eta birziklatzeko prozesuak sustatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu zuten, gaur egun sortzen zabor kantitate handiaren aurrean.

Lehenik eta behin, espedizioak Arraiz mendian (Bilbo) dagoen Tratamendu Mekaniko-biologikoko Instalazioa (TMB) bisitatu zuen. Bere 23.000 m2-tan birziklatzeko eta balorizazio termikorako (CSR) materialak berreskuratzen dira, gainerakoa inertizatuz. Horrela, isuritako hondakin primarioen kopurua murriztea eta zabortegien bizitza baliagarria handitzea lortzen dute. Ondoren, Konpostegira abiatu ziren, Artigasen (Bilbo) dauden instalazioetara. 14.000 m2-ko azaleragaz, helburu nagusi du konpostatzea Uribe Kostako udalerrietatik jasotako frakzio organikoa eta inausketa eta orezaintza hondakinak, baita beste ekoizle handi batzuenak ere: Merca Bilbao, etab. Konpostatze-prozesuaren bitartez goi-mailako konposta lortzen da eta gaur egun lorezaintzan nahiz nekazaritzan erabiltzen ari da ongarri bezala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun