Metro Bilbaok ez du bideragarri ikusten Plentzia, Sopela eta Urdulizera maiztasunak areagotzea

Ander Zarraga 2024ko mai. 3a, 13:33

Besteak beste, Uribe Kostako metroaren maiztasuna 20 minututik 13 minutura handitzea eskatu dute udalek. © WIKIPEDIA

Apirilaren 25ean, Plentzia, Sopela eta Urdulizko alkateak Metro Bilbaoko ordezkariakaz batu ziren zerbitzuaren maiztasuna areagotzeko eskatzeko. Sopelako alkateak azaldu duenez, erantzuna ezezkoa izan zen, "beharrezko inbertsioak egiten ez badira, eta oraingoz, Metro Bilbaok ez du horiek egiteko konpromisorik hartu".

Gaur-gaurkoz, Sopela, Urduliz eta Plentziako herritarrek 20 minutuko maiztasuna dute Metro Bilbaoko zerbitzuan, guztien artean baxuena. Hori dela eta, hiru udalerri horietako osoko bilkuretan mozioak onartu zituzten, honako eskariakaz: metroaren 1. linea osoan 13 minutuko gutxieneko maiztasuna bermatzea, metroaren unitateen maiztasuna sei minutu eta 40 segundora handitzea bideragarria den ebaluatzeko azterketa tekniko bat egitea eta Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori eskatzea instalazioak eta material mugikorra berritzea aurreikusten dutenean bateragarria izan dadila inguruko geltokietan metroaren maiztasuna hobetzeagaz. 

Mozio horren edukiak Metro Bilbaori jakinarazteko asmoagaz bilera egin zuten apirilaren 25ean Plentziako alkate Aitor Garagarzak, Sopelako alkate Guruzne Carrassonek, Urdulizko alkate Itziar Iratzagorriak eta Metro Bilbaoko ordezkariek.

Bilera horretan, Metro Bilbaok emandako erantzuna jakinarazi zuen Sopelako alkate Guruzne Carrassonek Udalaren azken osoko bilkuran: "Gaur egun, Uribe Kostako hiru udalerrien proposamena bideraezina da, beharrezko inbertsioak egiten ez badira. Alde horretatik, Metro Bilbaok ez du, oraingoz, inbertsio horiek egiteko konpromisorik hartu. Gainera, zalantzan jarri dute proposamenaren bideragarritasun teknikoa".

Gauzak horrela, Sopela, Urduliz eta Plentziako udaletako ordezkariek konpromisoa hartu dute beren txosten teknikoari buruzko azalpenak emateko, maiztasunak handitzeari buruzko akordio batera iritsi ahal izateko helburuagaz. Gaineratu dutenez, akordio hori flota berritzen denean egin beharko litzateke.

Carrassonen hitzetan, "Metro Bilbaorekin harremanetan jarraituko dugu Sopela, Urduliz eta Plentziatik igarotzean maiztasuna handitu dadin, gure Udaleko korporazio osoaren agintaldia eta gure bizilagunen aldarrikapen historikoa. Martxoko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioak adierazten zuen bezala, funtsezkoa da Uribe Kostako garraio publikoaren eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko neurriak hartzea, garraio pribatuaren erabilera eragotziz eta ingurune naturala babesten eta zaintzen eta sopeloztarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen ikuspegi jasangarri baten alde eginez".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun