Espero zenuen Euskarazko Saiakerako Euskadi Saria irabaztea?
Ezusteko itzela izan zen. Ospe handiko idazleak izaten dira Euskarazko Saiakerako Euskadi Saria irabazten dutenak: Jose Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941), Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Iurreta, Bizkaia, 1958), Joseba Gabilondo Alberdi (Urretxu, Gipuzkoa, 1963)... Ni, ordea, ez nau inork ezagutzen. Ez nuen inondik inora espero.
Zelako garrantzia ematen diozu jasotako sariari?
Ekonomikoki, izugarrizko dirutza da, 18.000 euro; holako sari bat irabazita ez bada, denok ondo dakigu pentsatzeak eta hausnartzeak ez duela diru askorik ematen. Zentzu horretan, oso ondo dago. Horretaz gainera, norberaren autoestimurako primeran dago. Azkenik, ateak zabalduko dizkidan ala ez, horrek ez nau batere kezkatzen; oso ondo nago nagoen lekuan, eta ez daukat inolako asmorik beste inora joateko.
Orain arte egindako ibilbidea saritu egin dutela uste duzu?
Soberan, esango nuke nik; lehen aipatu bezala, Azurmendik, Sarrik eta Gabilondok daukaten ibilbideei erreparatuta... Nik, egia esan, zenbait argitalpen baditut, baina oraindik gaztea naiz. Hain zuzen ere, saria ez zidatela niri emango pentsatzeko beste arrazoietako bat hori zen. Epaimahaiak esaten duenagatik, nolabait «ahots berri bat» saritu omen dute. Nik ez daukat oso argi zein izan den gakoa.
Nor izan zenuen akorduan saria jaso zenuenean?
Lehenik eta behin, emazteaz gogoratu nintzen; izan ere, familia daukagunok soberan dakigu horrelako lanak egiterakoan bikotekideak zama hori bere gainean hartu behar duela. Horretaz gain, nirekin batera, lehiakide zen nire lagun min Eduardo Apodaka Ostaikoetxeaz (Bilbo, 1965) oroitu nintzen. Saria berak irabaziko zuela uste nuen; Identitatea eta anomalia bere lana kristoren liburu puska da-eta. Saria jasotzerako orduan, eskerrak emateaz gain, horixe bera esan nuen: sorpresa izan dela niretzat idazle gaztea naizelako; eta, horretaz gain, Eduk merezi zuela esan nuen, ibilbide oparoa daukalako.
Zer estimatzen da gehiago: dirua edo aipamena?
Zorionez, ez daukat behar ekonomiko handirik; eta ospeari dagokionez, ez dut behar. Beste nonbaiten esan nuen ez naizela plaza-gizona, ez naizela ego handikoa; nahiago dut ezkutuan egon. Kasu honetan, diruak mesede handiagoa egin dit, sariaren ospeak berak baino gehiago.
Zer nabarmen dezakezu "Tartaroa. Mina, boterea eta mina" saiakera-liburuaz?
Batetik, Juan Ignacio Artzuaga antropologoak eta beste batzuek esaten dute mitologiak dagokion lekua berreskuratu behar duela; neuk ere horren aldarria egiten dut. Liburuan, Tartaroa bera, izatez, izaki mitologikoa da. Horretaz gain, kapitulu bakoitzeko abiapuntua mito bat da beti; izan ere, mitoek, aspaldikoak edo berriak izan arren, beti daukate nolabaiteko harreman estua errealitatearekin. Niri, gainera, balio zaizkit metafora gisa gaur egungo egoera ere ulertzeko.
Bestalde, irakaslea naizenez, nire ikasleak eta beraiekin dauzkadan eztabaidak izaten dira idazteko pizgarria. Beti dago zalantza gazteak despolitizatuta ote dauden edo inplikatzen diren... Horri dagokionez, oso ezkorra naiz; etortzen zaizkidanean, noraezean dabiltzala eta politikaren inguruan nahiko ezjakinak direla sumatzen dut. Beste arrazoi bat da horrelako liburuak idazteko.
Epaimahaiaren arabera, "egungo pentsamendu filosofikoetan gako diren eztabaidetan sakontzeko" aukera ematen duten gogoetak plazaratu dituzu.
Gehiegi esatea dela uste dut. Eskertzen dira hitz horiek, baina, lehentxeago ere esan dizut: ni ez naiz neure burua estimatzen duen horietarikoa. Egia da, neurri handi batean, egunerokoa badela planteatzen den guztia. Tesi filosofikoa egin nuenean, gai horiek jorratu nituen; hortaz, badago ikerlan bat eta gaur egungo analisi bat.
"Egungo gizartearen beldurrak eta mamuak" berbabide dauzkazula ere esaten dute epaileek.
Jorratzen ditudan gaiak asko dira. Alde batetik, globalizazioa daukat hizpide; izan ere, ezin da gaur egungo arazo bat bera ere ulertu globalizazioa ulertu barik. Horretan gaude harrapatuta; saihestezina da. Horri lotuta, globalizazioak dakartzan ondorioetako batzuk aipatzen ditut: guztientzat arazo bihurtu diren ekologia, biktimizazioa, botere-harremanak... Baina, bereziki, herri-mugimenduen nolabaiteko porrotaz edo ainguraketaz hitz egiten dut; eta horrekin batera, hiperkapitalismoaren kontsumismo bortitzaz. Ematen du hori dela gure utopia bakarra: ea lortzen dugun gero eta gehiago kontsumitzea, sekula ase barik. Globalizazioa eta kontsumismoa dira liburuaren haria.
Epaimahaiak dio "saiakera ulerterraza" erabiltzen duzula. Ahalegin berezirik egin duzu horretan?
Bai. Egia da tesi edo ikerlan bat egiten duzunean asko irakurtzen duzula, terminologia berri asko ezagutzen duzula, eta perspektiba galtzen duzula azkenean, erabiltzen duzun hizkuntz hori ulerterraza den ala ez nabaritzeko. Lehenengo trilogia idatzi nuenean, jendeak esaten zidan: "ez dizugu piperrik bere ulertu; ia modu ulerterrazago batean idazten duzun". Pamiela argitaletxearekin atera ditudan bi liburuetan, "Tartaroa. Mina, boterea eta mina" (2015) zein "Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa" (2012) saiakeretan, ahalegindu nintzen hizkuntza ulerterrazagoa erabiltzen, eta epaimahaiak aintzat hartu du.
Euskal Herriaren inguruan ere idatzi duzu.
"Espektroak" trilogia euskal kulturaren eta nortasunaren inguruko ikerketa bat da, esparru desberdinetatik begiratuta: antropologia, psikologia, filosofia... Hirugarren saiakera argitaratuta, "esanda dago dena" pentsatu nuen, eta pasatu nintzen nire bigarren kezka horretara: kapitalismoa eta kontsumismo bortitza.
Horrenbestez, pentsaraztea da zure helburua?
Saiakerak idazten ditugun guztion helburu nagusia hori dela uste dut, besteengan eragina izatea. Eragina zer nolakoa izango den ez dago igartzerik; baina, printzipioz, hori da pizgarria. Lehen esaten nizun moduan, sikiera, ea nire ikasleak edo belaunaldi gazte hauek xaxatzeko edo ernatzeko modurik dagoen.
Zelan hartu dute saria Sopelako Ander Deuna ikastolako zure ikasleek?
Ni baino askoz hobeto hartu dute; ni erabat lotsatuta nengoen bitartean, "Zorionak zuri" abestia kantatuz hartu ninduten. Gainera, nik ez nien ezertxo ere esan; beraientzat ere ezustekoa izan zen.
Zer da errazagoa eskolak ematea edo idaztea?
Nik biak maite ditut; biak plazer handiz egiten ditut. Bestalde, biek dituzte arazoak. Alde ilunagoa zeinek izango lukeen? Bada... eskolak emateak. Baina, ez eskolak emateak berak, inguruan dagoenak baizik: nagusi bat daukazu, burokrazia bat dago, guraso batzuk daude bakoitza bere pentsamoldearekin... Liburu bat idazten duzunean, ordea, idazten duzu eta ez diozu inori inolako azalpenik eman behar.
Gogoko izango zenuke zure lana beste hizkuntza batzuetara itzultzea eta argitaratzea?
Euskadi Sariak beste 4.000 euro ematen ditu itzulpena egitea nahi baldin baduzu. Egia da inguruko elebakarrek maiz esaten didatela noiz demonio idatzi edo itzultzen dudan zer edo zer gaztelerara. Nire apustua euskara hutsean idaztea da eta, gero, itzulpenak badatoz, ondo etorriak izan daitezela.