Elkarrizketak

Miren Dobaran Urrutia: "Euskalgintzagaz elkarlanean gabiltza euskara kalean egon dadila bermatzeko"

Kepa Ugarte Martiarena 2017ko api. 10a, 10:00

Miren Dobaran Urrutia (Berango, 1970) Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea. HODEI TORRES

Miren Dobaran berangoztarrak Patxi Baztarrika ordezkatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan, 2016ko abenduan; 2008an, Euskara Sustatzeko zuzendaria izan zen urtebetez, Bizkaiko Foru Aldundira joan aurretik. Berangoko alkatea ere izan zen Dobaran, 2000tik 2007ra artean. Euskal Filologian lizentziaduna da eta itzultzaile-ikasketak dauzka. Horrez gainera, euskara irakaslea izan da urte askotan, ikastoletan zein euskaltegietan.

Berangoko alkatea izan zinen 2000tik 2007ra arte. Zeintzuk dira garai horretatik dauzkazun oroitzapen atseginenak?

Orduan ikasi nuen entzuten; izan ere, egunero,  24 orduz, auzotarren zerbitzura egotea suposatzen du alkatea izateak. Esperientzia polita izan zen; sasoi horretan hasi ginen plangintza estrategikoakaz. Bestalde, egia esateko, esperientzia handiegia izan barik, jendea parte hartzen hasi zen udal-erabakietan. Gauza asko egin genituen.

Une zailak bizi izan zenituen?

Bai. Orduko egoera politikoa ez zen oso atsegina; gaur egungo egoerak ez dauka zerikusirik garai horretan bizi genuenagaz. Hala ere, kapaz izan ginen adostasunetara heltzen; herritarrentzat mesedegarriak izan ziren proiektu asko aurrera atera genituen. Gaur egun, orduan martxan ipini genituen egitasmoen emaitzak ikus daitezke; XXI. mendera ekarri genuen Berango.

Gaur egun, zelan ikusten duzu Berango?

Ondo ikusten dut. Bertoko gazteria oso dinamikoa da; horrez gainera, modan dagoen herri bat da. Etxebizitza sozialak eraikitzeko aukerak egon dira eta, oraindino, horrelako etxeak egiten dabiltza. Horri esker, apurka-apurka, gazte asko joan da bertara bizitzera. Bitartean, bere garaian, aurrerapauso handiak eman ziren gizarte-kohesioan. Berangoztarrek diotenaren arabera, bizi-kalitatea ere ona da.

Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria izan zinen. Zeintzuk izan ziren jardunbide nagusiak?

Eusko Jaurlaritzara 2008an heldu nintzen arren, laster hartu nuen Bilborako bidea; 2013ra arte izan nintzen Aldundiko Euskara zuzendaria. Bertan, euskararen erabileran eragitea zen garrantzitsuena. Apurka-apurka goaz euskalduntze-prozesuan; baina, egia da, oraindik ere badagoela asko egiteko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzan ere hori da gure lehentasunetako bat. Eskolari esker ume asko euskaldundu da; baina, oraindino, helduen euskalduntze-prozesuan lan handia dago egiteko. Hortik aurrera, erabilerarako jauzia egitea litzateke kontua.

Baldintza egokiak daude jauzi hori emateko?

Momentu honetan badago masa kritiko nahikoa erabileran eragiteko. Bizkaian, askotan, gatzagoa izaten da erabilerara bideratutako egitasmoak aurrera ateratzea: erdaldunez inguratuta egoteaz gainera, gure perfila urbanoagoa da. Hori guztiagatik, aukera gutxiago izaten dituzte euskal hiztunek euskara erabiltzeko. Bizkaiko Foru Aldundian nengoenean, horretarako aukerak sortzen ibili ginen, euskalgintzagaz batera.

Irakaskuntzan ibilia zara. Hori lagungarria al da Hizkuntza Politikari ekiteko?

Bai. Izan ere, erronka soziolinguistikoa daukagu irakasleok: umeak euskalduntzea da gure ardura nagusia. Horrek argi adierazten du eskoletan eta ikastoletan egiten den lana oso garrantzitsua dela, batez ere B eta D ereduetan. Baina, aldi berean, eskolak dena ezin duela egin konturatzeko balio digu. Daborduko asko egiten du: eskolan dabiltzan umeek problemarik ez daukate euskaraz moldatzeko. Bestalde, aisialdiko jardueretan ere sustatzen da euskara; batez ere eskolaz kanpoko jardueren bitartez. Hala ere, hezkuntza-sistemak mugak ere badauzka. Pentsatzen bagenuen eskolak salbatuko gintuela... Argi ikus daiteke ez dela nahikoa. Beste guztiok parte hartu behar dugu umeen euskalduntze-prozesuan: berbarako, administrazio publikoek ardura handia daukate, euskararen erabilera sustatzeko jardueran antolatzeko orduan.

Berbarako, Getxoko Udalak aisialdian ipintzen du indar gehien. Horrez gainera, gurasoen inplikazioa guztiz beharrezkoa da; gure seme-alabentzat jarraitu beharreko eredua gara aita-amok. Baina, umeen euskalduntzea ez da bakarrik hezkuntza-sistemaren, administrazio publikoen eta gurasoon ardura; herritar denon lana da gure seme-alabak euskal hiztunak bilaka daitezen.

Eskolaren alde esan behar dut lan oso polita egiten ari direla: metodologietan aldaketak egiten dagiten dabiltza leku askotan; hori mesedegarria izango da euskararentzat. Ez da gauza bera ume bat entzuten bakarrik izatea ikasgelan edo parte hartzen edo ahozkotasuna lantzen edukitzea. Horri esker, aldaketa handiak igarriko dira hurrengo urteetan, euskararen mesedetan.

Patxi Baztarrika ordezkatu duzu Eusko Jaurlaritzan. Bere lan-ildoak eta zureak bat datoz?

Bere lan-taldean egon nintzen, 2007an. Nire ustez, euskalgintza ere bat dator Bazkarrikak egindako hausnarketagaz; administrazio publikook eta euskalgintzako eragileek oso hurbil gaude, diagnostikoei dagokienez. Bere lantaldean erabileran eragiten jardun genuen; eta, orain, bide horretatik jarraitu behar dugu.

Egia da belaunaldi-aldaketa bat egon dela: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Saileko taldekide gehienak ikastolan ikasi dugu, D ereduan; eta unibertsitatean ere euskaraz egin ditugu ikasketak. Argi eta garbi, ikuspegi-aldaketa bat dakar horrek. Gure estiloagaz, baina, ildo berbera jorratuko dugu: iparra erabileran ipinita eta, batez ere, Bizkaian eraginez. Erronka nagusiak lurralde horretan eta Bilbon dauzkagu.

Zeintzuk dira zuen lan-ildo nagusiak?

Helduen euskalduntzean ahalegin handiak egin behar ditugu oraindino. Ez dadila dirua aitzakia izan helduak euskara ez ikasteko. Agintaldi honetan, B2 titulura arte zabaldu gura dugu euskara-eskolak doakoak izatea. Daborduko hasi gara administrazio ezberdinen arteko bilerak egiten; une honetan, posible da hori egitea herri askotan. Hala ere, saiatuko gara sistema bat adosten.

Bestalde, gazteak dira erabileraren aldeko jauzi hori egin behar dutenak. Eskolak neska-mutil asko euskaldundu ditu; baina, badakigu erabileran oraindik badagoela asko egiteko. Gazteei produktu erakargarriak eskaintzeko kapazak izan behar dugu; aisialdia izango da gure lan-tresna. Besteak beste, azterlan bat egin nahi dugu adin horretako jendeagaz: udaleku batzuetan batuko ditugu euskaraz bizi diren eta euskaldun berriak diren neska-mutilak, erabilera-ohitura horietan eragiten kapazak garen edo ez ikusteko.

Horrez gainera, egoera berria daukagu orain: euskararen hiru lurraldeetan aukera ikaragarriak egongo dira gauza asko komunean egiteko; erakunde ezberdinei zor zaien errespetua zainduz, noski. Baina, praktika onak elkartrukatzen eta beste hainbat programa adosten ahalegintzea beharrezkoa da, Iparraldearekin eta Nafarroarekin.

Azkenik, hizkuntz eskubideak bermatu nahi ditugu. Erakunde publikoetan inbertsio handia egiten gabiltza hizkuntz eskakizunekin eta funtzionarioak euskalduntzen. Herritarrek eskubidea daukate euskara edo gaztelera erabiltzeko, eta horretan aurrerapausoak eman behar dira.

Kale-erabileran jarduteko zelako garrantzia daukate euskalgintzako eragileek?

Euskalgintzako eragileak eta euskara elkarteak ezinbestekoak dira. Eusko Jaurlaritza garen aldetik, guk ardura batzuk ditugu Hizkuntza Politika diseinatzeko orduan; baina, ez dut ikusten ezer egin ahal dugunik euskalgintzarik gabe. Gu ezin gara leku askotara heldu; euskalgintza, ostera, kalean dago. Gure aurrekontuetan ikus daiteke hau asmatutako gauza ez dela; euskalgintzako eragileak daude diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeen artean. Gainera, aitortza zor diegu aipatutako eragileei; hauteskunde demokratiko batzuen ostean, Hizkuntza Politikaren diseinua guri egokitu arren, elkarregaz gabiltza lanean. Horrela izan behar du.

Gaur egun zentzuzkoa da A eredua mantentzea?

Berez, desagertzera doa A eredua; gurasoek eduki dute hori hiltzeko aukera. Momentu batean D eredua inposatu izan bagenu, ez dakit nik une honetan egoera berdina izango litzatekeen. Aita-amak zuhurrak izan dira eta, apurka-apurka, euskarari atxikimendua adierazi diote. Urte batzuen buruan desagertu egingo da A eredua. Ez dute aukeratuko; azken batean, gurasoen apustua eleaniztasunaren aldekoa delako. D eredua da hori bermatzen duena.

Leioan eta Getxon daukagu A ereduko Bizkaiko matrikulen erdia.

Agian, ahalegin handiagoa egin beharko dugu; baina, hemen ere lortuko da egoerari buelta ematea. A ereduko ikastetxeetako arduradunak ere euskara indartzeko gogoakaz ikusten ditut.

Euskarazko hedabideei dagokienez, zeintzuk dira zuen helburuak?

Une honetan, hausnarketa-prozesu batean gabiltza, Hekimen euskal hedabideen elkartearekin batera. Ondoriorik ez dugu atera oraindik; baina, oso argi daukagu tokian tokiko hedabide txikiak garrantzitsuak eta ezinbestekoak direla. Herritarrengandik hurbilen dauden komunikabideak dira. Horrez gainera, euskaldunok beharrezkoak dauzkagu; eskura eduki behar ditugu. Gure asmoa da ziurtatzea hedabide txiki horiek finantziazioa bermatzea. Ez dakit zelan egingo dugun; baina, gutxieneko egonkortasun bat eman nahi diegu. Diru-laguntzen oraingo deialdiekin, badakite zer izango duten hurrengo hiru urteotan. Hori izan behar du bidea; ekonomikoki lasaitasun bat ematea beharrezkoa da, hedabideek euren plangintza estrategikoak aurrera eroan ditzaten. Proiektua hobetzeko eta herritarren gogoetara ahalik eta hoberen egokitzeko balioko du horrek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun