Otxantegi Herri Lurra: "Herritarrak geurera erakartzen saiatu gara ere, kontzientzia kolektibo barik ez baitago hau gelditzerik"

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 14a, 12:03
Otxantegi Herri Lurra proiektuko hainbat kide, artxiboko irudian.

Nekazaritzaren mundua kaletarrei gerturatu eta inguruko proiektu urbanistikoak geldiarazi guran, Otxandategi dorretxearen lursailak okupatu zituzten orain urte bi hainbat herritarrek, Berangon. Iaz, handik aterarazteko saiakera egin zuten jabeek, baina ez zuten lortu; orain, aldiz, bigarrenez kanporatzeko deialdia helarazi diete epaitegiek: apirilaren 18a.

2022an abiatutako proiektua da Otxantegikoa. Daborduko urte bi igaro dira; zer balorazio egiten diozue egindako bideari?

Orokorrean, lan polita egin dugula uste dugu; gure baliabideak kontuan hartuta, hemen jarraitze hutsa itzela da; pentsa, milioiak balio dituen proiektu urbanistiko bat bi urtez atzeratzea lortu dugu.

Egia da sarri askotan ideia eta helburu potoloak darabiltzagula buruan, eta guzti-guztiak gorpuztea zaila dela, baina, oraingoz, Otxantegi eta haren ingurua babestea lortu dugu; gainera, bidean hainbat jakintza geureganatu eta partekatuta, ez da gutxi, gero!  

Zelan laburbilduko zenukete lurrotan egindako lana?

Esan bezala, xede zuzena eta pragmatikoena bertan egin nahi duten etxebizitza proiektua geldiaraztea da. Hala ere, jakin badakigu egungo logika kapitalistaren baitan dagoen egiteko modua dela, horregatik, ez dugu diskurtsoa txoko jakin honetara mugatu nahi izan. Ildo horretatik, inguruko beste kolektibo batzuekin saretu ez ezik, herritarrak geurera erakartzen saiatu gara ere, kontzientzia kolektibo barik ez baitago hau gelditzerik.

Horretarako, hainbat bide baliatu ditugu. Batetik, dibulgazio eta hausnarketara bideratutako hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditugu, hala nola nekazaritza ekologikoa, krisi klimatikoa nahiz industria trantsizioa ardatz izan dutenak. Bestetik, aisialdiari lotuago, hainbat jai ospatu ditugu; neguburu eta udaburua, gau beltza, urteurrenak... horien bitartez naturak gure egutegian duen garrantziaz jabetu gara, baita elkartzearenaz ere.

Ortua ere aipatu beharra dago, jakina. Proiektuaren aurpegirik plastikoena dugu hau, ikasteko eta elkartzeko balio izan diguna, auzolan ugari antolatu dugu eta. Lurra lantzeak berau defendatzeko hamaika arrazoi erantsi dizkio lehendik genituenei. 

Bidea, baina ez duzue erraza izan: isunak, desalojo saiakerak… Zer iritzi diozue horri?

Ez da inolako sorpresa izan. Horrelako proiektuekin inguruko enpresei zein lur-jabe handiei mesede egiten zaie eta argi dago helburu hori betetzeko eragozpena garela. Hori dela eta, kideetako batek epaiketa izan zuen orain urtebete inguru, herriko ekintzetan errepresioa jasan izan dugu, ez baitigute Erdi Aroko azokan posturik jartzen utzi, ezta jaietan txosna ere. Gainera, iazko udako manifestazioan Aguirre-Lipperheidetarren lorategia lantzearren isuna jarri digute.

"Uste dugu aurrekoan baino bortitzago etorriko direla, baina guk geure aldetik ez dugu bortizkeriarik erabiliko"

Apirilaren 18rako bigarren huste saiakera izango duzue, zer aurreikuspen duzue?

Itxaropentsu gaude eta berriz gelditzen saiatuko gara. Uste dugu aurrekoan baino bortitzago etorriko direla, baina guk geure aldetik ez dugu bortizkeriarik erabiliko; edonola ere, ahalik eta sendoen erresistituko dugu. Hortaz, garrantzitsua da inguruko antolakunde eta herritarren elkartasuna izatea. Lan egunak eta asanblada irekiak antolatzen gabiltza horretarako. Martxoaren 5ean, hain zuzen ere, asanblada irekia izango dugu Otxantegin, 18:30ean.

Zergatik okupatu zenituzten lurrok, eta zergatik kanporatu gura zaituztete?

Ez dugulako gure eskualdea txikitzearen lekuko hutsak izan nahi. Gazteak gara, kale-katuak, ez gara baserrian hazi, eta askok ez dugu orturik izan hona sartu arte; baina urte gutxian gure ingurua zelan aldatu den ikusi dugu: Tosu, Areneazpi, Landaida, Santa Ana, Inkesta... Zentzugabekeria hau gelditu beharra zegoela uste genuen, eta Otxantegi okupatzea horretarako ekintza zuzena zen, esanahi handikoa, gainera. Batetik, Aguirre-Lipperheid familiarena delako, Berangoko lur-jabe handiak direnak. Aurreko maizterra gu sartu aurretik kanporatu zuen sendi horrek eta urteetan ez diote konponketarik egin etxeari, beraz, badirudi ez liekeela gehiegi arduratu beharko inork espazioa probesteak. Bestetik, bertan 500 etxebizitza inguruko proiektua egin nahi dutelako, eta horrek hirigintza ereduaren gaineko hausnarketa mahai-gaineratzeko ez ezik, borroka marko teorikotik ateratzeko aukera ere ematen digu, alegia, helburua betetzeko aukera gehiago.

Nekazaritzarako lurren beharragatik abiatu zenuten proiektu hau, besteak beste. Zer egoera bizi du landa-eremuak gaur egun Uribe Kostan?

Bai, gu ez gara nekazari profesionalak, etengabe ikasten gabiltzan jakin-min handiko gazteak baizik, baina badakigu zein garrantzitsua den elikagaiak gertu ekoiztea, eta horretarako lurra behar da. Oso ideia logiko eta agerikoa den arren, badirudi batzuentzat ez dela hain erreza ulertzen; izan ere, gure eskualdean oso lur emankor gutxi geratzen dira, eta daudenak ordainezinak.

Nekazariek dagoeneko nahikoa estutasun jasan behar dute krisi-larrialdia dela-eta: bat-bateko euri jasak, lehorteak, izurriteak, sasoiz kanpoko eguraldia... Horrez gain, Europar Batasunak ezarritako gero eta baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte euren jarduera bide legaletik egin ahal izateko, eta nekazari edo abeltzainik gertu duen edonork jakingo du horrela etekinak ateratzea ezinezkoa dela, bizitzeko lain, ez behintzat.

Beraz, udalen betebeharra lehenengo sektorean dabiltzan horiei laguntza eta erraztasunak ematea behar luke, are gehiago itotzen ibili beharrean. Ez al du zentzu handiagoa berez naturala dena babesteak, antinaturalari zigilu berdea jartzen ibiltzeak baino? Gure kontsumo ohiturak krisi honen eragile nagusia dira, hala, ez badugu sorgin-gurpilean erori gura, gertuko produktoreak jagon beharko ditugu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun