Udalerrian inbertsioak egiteko 2,7 milioi bideratuko ditu Udalak 9,4 milioi euroko aurrekontuetatik

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 7a, 11:31
Besteak beste, Lantzarte auzoan birmoldatzeko lanak egingo dituzte.

Berangoko Udalbatzak 2024rako aurrekontuak onartu zituen martitzenean, hilaren 5ean, egindako ezohiko osoko bilkuran. Hala, Udalak 9,4 milioi euro izango ditu aurten, iaz baino % 6,22 gutxiago (10,4 milioi euro, 2023an). Gobernu-taldeak (EAJ-PSE) egindako proposamenak, PPren babesa izan zuen; EH Bildu abstenitu egin zen bozketan eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu zuen. Inbertsioen gehiengoa, 2 milioi euro, Lantzarte auzoa berrurbanizatzeko izango da.

EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz, EH Bilduren abstentzioagaz eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoagaz, Berangoko Udalak baditu 2024rako aurrekontuak, 9.444.946 eurokoak, guztira. Ildo horretan, Itziar Aguinagalde alkatea pozik agertu da lortutako emaitzagaz, "aurrekontu anbiziotsua eta errealista delako".

Inbertsioen kapituluari dagokionez, udal-gobernuak 2,7 milioi bideratuko ditu "herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan eskatu dituzten" zortzi jarduera gauzatzeko. Inbertsio nagusia Lantzarte auzoa berrurbanizatzeko proiektuarena izango da, bi milioi euro erreserbatu baitira horretarako. Horri dagokionez, udal-planak kaleen zoladura ordezkatzea, kaleen irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza bultzatzea aurreikusten du, baita aparkalekuak eta auzorako sarbideak berrantolatzea ere.

"Aurrekontua onartzea da herritarrekin ditugun konpromisoak lantzen eta garatzen jarraitzeko aukera ematen digun tresna. Gauzatuko ditugun inbertsio gehienak berangoztarrek adierazitako beharrei erantzuteko izango dira", azpimarratu du alkateak. Izan ere, udal-arduradunak azaldu duenez, inbertsio horiek udalerrian martxan jarritako aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek adierazitako beharrizanei erantzun gura diete.

Inbertsioak

Zertara Zenbatekoa
Bizipark instalazioak 65.000 euro
Itze ibaiaren ondoko paseoa 110.000 euro
Bidegorria udalerrian 215.985 euro
Lantzarte auzoa berrurbanizatzea 2.000.000 euro
Bizkerre etxearen (Lipperheide etxea) estalkia konpondu 333.000 euro
Zirkulazioa arintzeko ikerketa 17.000 euro
Getxo-Berango bizikleta-proiektua (S. Otxandategi) 35.000 euro
Moreagako ambigurako ekipamendua 10.000 euro
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun