Otxabene sektorearen urbanizazio prozesuaren ondorioz, Lipperheide familiaren etxea zen eraikinaren titulartasuna jaso zuen Berangoko Udalak. Azpiegitura nahiko kaltetuta dago, eta, etorkizunean, horri erabilera bat emateko asmoz, Udalak 333.000 euroko inbertsioa aurreikusi du etxeko teilatua eta fatxadak konpontzeko. Hala ere, Itziar Aguinagalde alkateak zehaztu du egokitzapen-obrak izango direla, "ez da guztiz erreformatuko".
Inbertsio hori joan den astean aurkeztu zuen gobernu-taldeak ezohiko batzordean; horretan, aldi berean, datorren martxoaren 5ean bozkatuko dituzten aurrekontuen berri eman zuten.
Etorkizuneko erabilera
Alkateak iragarri duenez, ekintza horren helburua da eraikinaren segurtasuna bermatzea, ondoren, jarduera ekonomiko bat gauzatu ahal izateko azpiegitura horretan, hala nola hotel bat: "Uneotan, Berangok ez du hotel-jarduerarik udalerrian, eta horixe izan daiteke aukeretako bat". Hala ere, gogoratu beharra dago, Otxabene sektorea urbanizatzeko proiektua aurkeztu zenean, aurreko gobernu-taldeak aurreikusi zuela kultur-jarduerak garatzeko eraikina izan zitekeela hori, edota azokatxoak eta ekimen publikoak egiteko gune bat, 2015eko lurralde zati-planean jasota dagoen bezala.
Horren inguruan galdetuta, Aguinagaldek zehaztu du Icaza jauregian laster abiatuko dituzten egokitzapenakaz udalerriko beharrak beteko dituztela, bai kultur arlokoak bai artistikoak. "Nahikoa izango da gure auzokideen beharrei erantzuna emateko", ondorioztatu du alkateak. Ildo horretan, hilabetearen hasieran, jauregi horri atxikitako kotxetegia inauguratu zuten, Moreaga parkeari zerbitzua emateko ambigu-tabernagaz eta ludotekagaz.