#0KM - Berton bertokoa

Udondo Harategia: "Kalitate oso altua dugu eta gure bezeroak fidelak dira, betikoak"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 17a, 10:11
43 urte ditu negozioak.

Gotzon Udondok 2020an harategi familiarraren oinordekotza jaso zuen, pandemia bete-betean. Hala, bere planen artean harategi bateko buruzagia izatea ez egon arren, egun, zoriontsu eramaten du aurrera beti etxean ikusitako ogibidea. Udondo Harategia Berango erdigunean kokatuta dago, eta bere bezeroak "betikoak" direla baieztatu digu.

Duela 43 urte, Gotzon Udondoren gurasoek aitaren abizena daraman harategia ireki zuten. Hala, negozioaren burua den 30 urteko gazteak negozioagaz jarraitzen du egun. Halere, ez zuen inoiz espero harategiaren buru bilakatzea. "Bizitzak buelta asko ematen ditu", aitortu du.

Harategiak bertoko produktua saltzen du, eta horrek egiten du berezi bere ustetan: "Euskolabel denda gara, eta gustatzen jaku hemengo produktua saltzea". Gainera, haiek egindako elaboratuak eta sukalkiak ere saltzen dituzte. Hala, tokiko abeltzainei erosiz, gainontzeko harategietatik bereizten ahalegintzen dira. Euren ustez, "kalitatea" baita euren faktorerik garrantzitsuena.

Nahiz eta azken urteetan komertzio eta supermerkatu handi asko ireki inguruan, aitortu du euren kasuan ez dutela ezberdintasunik nabaritu. "Kalitate oso altua dugu eta gure bezeroak fidelak dira, betikoak. Horren ordez, hoberantz egin dugula uste dut", baieztatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun