Udal hauteskundeak 2015

Joseba Goikouria alkategai izateko berretsi du EAJk

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 4a, 19:23

Joseba Goikouria egungo Erandioko alkatea datozen udal-hauteskundeetan berriz ere zerrendaburu jeltzalea izango da, berriki Erandioko EAJren tokiko hiru uri batzarrek, Erandio Landa, Altzaga eta Astrabuduakoak, aho batez alkatetzarako hautagai izendatu ostean.

Goikouriak 2009ko ekainean eskuratu zuen Erandioko alkatetza, Mikel Arieta-Araunabeñaren ordez, hark agintean 14 urte eman eta gero utzi zuenean. Goikouria 1996ko abenduaren 19an sartu zen aurrenekoz zinegotzi moduan. Egun hartatik aurrera, eta alkate bilakatu bitartean, Udalaren hainbat esparrutan egin zuen lan eta, EAJk azpimarratu duenez, 13 urte horietan "ibilbide politiko zabalari ekin zion, hainbat sail barrutik ezagutuz". Tarte horretan, alkateorde ardura betetzen zuen eta Ogasun eta Funtzio Publikoaren ordezkaria ere bazen, giza baliabideen eta aurrekontuen kudeaketaz arduratzeagaz batera; hala nola, ondareaz eta kontuen batzorde bereziaz. San Jose egoitzaren arduradun politiko nagusia ere izan zen, eta baita Erandio Landan (hangoa da bera jatorriz) dagoen Eguneko zentroarena ere. Aurretik, lehenengo hiru urteetan, Hiritarren Segurtasun sailaren eta Udaltzaingoaren ardura izan zuen. Geroago, 1999tik 2003rako legegintzaldian, Gizarte Ekintza sailaren ardura hartu zuen. Funtzio hauek betetzeaz gain, Eroskin ere egiten zuen lan garai hartan.

Joseba Goikouria, lanbidez, kimikaria da. Bere jardute profesionala Eroski kooperatiban garatu zuen 1990. hamarkadatik 2003ra bitartean, konpainiaren Kalitate Sailean. Harrezkeroztik, eszedentzian dagoen bazkide kooperatibista da, Erandioko Udalean betetzen duen funtzio publikoari "erabat eta esklusiboki dedikatzeko".

Joseba Goikouriarentzat "erabateko lehentasuna dute langabeziaren aurkako borroka, azken urtean beherakada itxaropentsua ezagutu duena; udal-kontuaren oreka mantentzea –une honetan Erandiok ez dauka zorrik–; pertsonen ongizatea eta zerbitzu sozialei bereziki erne egotea", hautagaitzaren iturriek zehaztu dutenez. Era berean, "herriko auzorik jendetsuenetan dagoen aparkatzeko arazoa konpontzea" du lehentasunen artean. Egungo alkateak agindu dituen beste ekimenak dira: "Hiria Arautzeko Plan Orokorraren aurrera joatearen eskutik birsorkuntza urbanistikoa lortzea; enpresa-aktibitate berrien sustapena eta bertako merkataritzaren bultzada; eta bereziki hirigunetik aldenduta dauden populazio guneei arreta eskaintzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun