Elkarrizketak

Plataforma Tirante: "Gizartearen eraldaketa bultzatzeko tresnatzat daukagu artea"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mai. 6a, 18:09
Aiara Sedanogaz (ez dago argazkian), Estibaliz Villa, Andion Iturbide, Jose Ibn eta Constanza Lobo artistek osatzen dute Plataforma Tirante.

Plataforma Tirante artista-taldeak "Berdintasunaren taupadak" izenburuko dokumentala plazaratu du. Egoitza Lutxanako eskola zaharrean daukan kolektiboak artea erabiltzen du "eraldaketa soziala bultzatzeko" asmoz. Besteak beste, adierazpen artistiko bihurtzen dute hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta gizarte-mugimenduk egiten duten lana.

Zerk bultzatu zintuzten dokumental hau egitera?
Estibaliz Villa: Aitortu behar dugu ikus-entzunezko lan bat egiten dugun bigarren aldia dela; lehenengoa duela urte batzuk egiten genituen Noviembre Kulturala jardunaldien 12. edizioan egin genuen, jaialdi horren urte guztietako irudiak batzeko asmoz.

Constanza Lobo: "Berdintasunaren taupadak" dokumentala izenburu berbera daukan ikuskizunetik dator; askotan antzeztu izan dugu boluntariotzaren alde, emakumeenganako indarkeriaren aurka... Ekitaldiaren arabera moldatu ohi dugu ikuskizuna. Dokumentalak, berriz, adierazten du arteak ere bere lekua daukala komunikazioa lantzeko, eraldaketa sozialaren bidean.

Zer aurkituko dugu bertan?
Jose Ibn: Artea sentsibilizazio eta eraldaketarako tresna egokia dela ikus dezakegu dokumentalean; oraingo honetan, genero-indarkeriari heltzeko erabili dugu. Bide batez, biolentzia-mota hori gizartearen edozein arlotan egon daitekeela agerian uzteko ere balio dezake dokumentalak; konturatzen ez bagara ere, egon badago.

Zertan laguntzen dute arazo horietaz jabetzen adierazpen artistikoek?
J.I.: Artea barruraino heltzen da; sentimenduak kolpatzen ditu. Barne-aldaketarako bidea ahalbidetzeko balio dezakete adierazpen artistikoek.

Genero-indarkeriaren arazoari irtenbiderik ematen diozue dokumentalean?
J.I.: Irtenbidea baino, horri aurre egiteko bide bat erakusten dugu. Borroka kolektiboa gozamenaren bidez egitea bultzatzen dugu guk. Arazoaren muinera heltzeko modu interesgarria da ikuskizun bategaz gozatzeko batu, arazoaz jabetu, eta, batera, horri aurre egiteko pausoak ematen hastea. Esaterako, dokumentala Sarean elkartean aurkeztu genuenean, ikusle denek amaitu zuten abesten. Aurretik, Erandioko Kalezulo gaztetxean egin genuen aurrestreinaldia.

Umore Azokan parte hartuko duzue.
E.V.: Hala da, bai. Maiatzaren 20an eta 21ean Boulevard 2 gunean eskainiko dugu "Tras la frontera" lana; 19:00etan eta 20:00etan izango dira saioak. Urtebetez ibili ginen ikuskizuna lantzen 2015ean, CEAR Euskadi elkarteagaz batera. Asilo-krisiaz eta errefuxiatuen aferaz dihardu lan horrek; oroimen historikoagaz alderatzen dugu, euskaldunok 1937an bizi izandakoa gogoratuz. Ikuskizunak dantza, antzerkia eta musika batzen ditu.

Aurretik, zapatu honetan Sopelan egongo zarete.
E.V.: Sekeko gaztetxea ixtea erabaki dute, GAS Gazte Asanblada Sopeloztarra indartzeko asmoz; beste hainbat taldek legez, kontzertua emango du Plataforma Tirantek sustatutako Mis ovarios 33 taldeak. Uztailean, berriz, Medicus Mundigaz landutako kale-ikuskizuna estreinatuko dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun