Elkarrizketak

Trabudu Dantzari Taldea: "Euskal Herriko folkloreak etorkizun oparoa dauka"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko eka. 16a, 10:24
Gaur egun, 4 eta 47 urte arteko 111 dantzarik osatzen dute Astrabuduko dantza-taldea. © TRABUDU DANTZARI TALDEA

Trabudu Dantzari Taldea 40. urteurrena ospatzen dabil; ekainaren 19ra arte, Euskal Astea antolatu dute, Astrabuduan. Juan Miguel Luque Cañamero dantza-taldearen arduradunak azaldu duenez, irailean ere Euskal Astea egingo dute.

Zer ekitaldi egongo da orain egiten zabiltzaten Euskal Astean?
Besteak beste, ostiralera arte erakusketa jarri dugu Josu Murueta plazan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak utzitako jantziekin; ostiral arratsaldean, arropa horiek jantzi eta desfilea egingo dugu dantzariok, 20:00etan. Ea zelan ateratzen den...

Dantza-talde galiziar bat ere gonbidatu duzue Euskal Astera, ezta?
Athetic Goitiko taldeak antolatutako Athletic Eguna aprobetxatuz, zapatuan, Pontevedrako Arbo herriko Barca de Loimil taldea izango dugu gurekin; 18:30ean kalejira, eta 19:00etan dantza-erakustaldia egingo dugu elkarrekin. Izan ere, truke kulturala egingo dugu eurekin; uztailaren 23an eta 24an gu joango gara Galiziara, Arboko taldearekin dantzatzera.

Zazpi taldegaz batuko zarete.
Astrabuduko jaiak abuztuaren 10aren bueltan izaten dira beti; dantza-taldeetako kideok oporretan egoten gara garai horretan, eta ezin dira gurera etorri. Hori dela-eta, Euskal Astea amaitzeko, domekan, dantzaldia egingo dugu, 12:00etatik aurrera, inguruko hainbat talderekin: Agurra (Algorta), Goi-alde (Erandiogoikoa), Gorantzaileak (Sondika), Gure Ohiturak (Leioa), Lainomendi (Derio), Txikiak (Lamiako) eta Uztargi (Altzaga) batuko zaizkigu, hain zuzen ere.

Eta euskal dantzaren etorkizunari zer deritzozu?
Trabudu Dantzari Taldeari dagokionez, nire ustez, etorkizuna eduki badaukagu; dirurik ez, ordea! Egindakoen artean, esaterako hiru urte daramatzagu euskal musikaren eskolarekin; txistua, txalaparta, panderoa, soinua eta alboka jotzen irakasten dugu. Pozik nago. Jende asko animatu da ikasten.

Zer beste ekitaldi prestatu duzue Trabuduren 40. urteurrena ospatzeko?
Irailaren 19tik 25era ere Euskal Astea egingo dugu Astrabuduan; baina, horretan, Trabudu Dantzari Taldearen historia lau haizetara zabaldu gura dugu. Orain egin dugun bezala, astelehenenetik ostiralera erakusketa egongo da; argazkiena, kasu horretan. Ostiralean bertan, hitzaldia egingo dugu, euskal dantzek Erandion izan duten presentziari buruzkoa.

Zapatuan, berriz, goizean, haurrentzako puzgarriak eta tailerrak egongo dira; eta arratsaldean, denok dantzatuko dugu Astrabuduko futbol zelaian. Guztira, 300 lagun inguru batzea espero dugu; izan ere, Trabuduko kide izandakoek osatutako nesken zazpi taldek eta mutilen beste hamarren batek dantzatzea lortu nahi dugu. Lehendabizi kalejira egingo dugu, eta, gero, dantzaldia; gauean, berriz, Garilak 26 erromeria-taldeak joko du.

Azoka eta Euskal Ezkontza ere prestatzen zabiltzate, ezta?
Bai. Bigarren Euskal Aste horren barruan, irailaren 25ean, domeka, azoka jarri nahi dugu San Lorentzo kalean; asmoa da musika-tresnak, jantziak eta materiala jartzea. Horretaz gain, egun berean, goizez, lehenengo Euskal Ezkontza egingo dugu Astrabuduan; 1800. urtea balitz bezala. Bazkariaren ostean, Patxi eta konpainia taldea ekarri nahi dugu dantzaldirako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun