Ekonomia  Erandio 2016-08-16 18:58

Erandion 200 lanpostu arrisku bizian daudela ohartarazi dute

Erandioko Enekuri auzoko Global Energy Services (GES) enpresan lan egiten duten 200 bat behargin lanpostu barik gera daitezkeela ohartarazi du CCOO sindikatuaren enpresako atalak. ELA, ostera, "haserre" eta "kezkatuta" agertu da enpresaren jokabideagatik. Biek ala biek Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari eskatu diote esku-har dezan, enpresaren jarraipena ziurtatzeko; energia berriztagarriei lotutako eraikuntza, muntatze- eta mantentze-zerbitzuetarako sozietatea konkurtso aurreko egoeran dago.

Erandion 200 lanpostu arrisku bizian daudela ohartarazi dute
GES taldeko behargin bat, zintzilik. © GES | Ikusi handiago | Argazki originala

ELA sindikatuak salatu du GESek Espainiako "parke eolikoen mantenu-zerbitzua saldu" gura duela, negozioaren zatirik "errentagarriena" omen dena. Zerbitzu hori barik enpresa bideragarria izango ez litzatekeela uste du sindikatu abertzaleak: "sozietatearen amaiera ekarriko luke". Era berean, ELAk gogora ekarri du "azken hilabeteotan jabeak deskapitalizatu" duela enpresa, "egungo zuzendaritzaren geldotasun eta konplizitateagaz". Horretarako, "beharrezkoak ez ziren auditoria oso garesti asko" erabili ei dute.

Era berean, CCOOren arabera, GESen jabeak, 3i inbertsio-talde ingelesak, enpresa "gainetik kendu" gura du. Bestalde, Gamesa jabe ohi eta bezero nagusiari lan-karga ukatzea leporatu diote.

CCOOren ustez, GES enpresa ixteko arriskuan dago. Hori gertatuz gero, Enekuriko 200 bat beharginez aparte beste 40 herrialdetako 1.400 langile ere joango lirateke kalera, hala nola Alemanian, Erresuma Batuan, AEBetan, Txinan, Txilen edo Mexikon.

CCOOk zein ELAk hainbat eskaera helarazi dizkiote GESeko zuzendaritzari, hala nola, "gardentasuna" eta bideragarritasun plan bat. Sindikatu abertzaleak exijitu du "soldatak ordaintzeko konpromiso serioa" har dezan eta prest agertu da zuzendaritza-taldearen kargu-uztea eskatzeko.

3i inbertsio-taldeari, ostera, enpresarekiko dituen asmoak publikoki jakinaraztea exijitu dio CCOOk. Sindikatu berak Gamesari GES laguntzea eskatu dio, enpresa erandioztarraren "langileak anabasara eroango dituzten azpijokoetan parte hartu beharrean". Izan ere, CCOOren ustez, 3i taldearen "asmo bakarra konpainia bere akabera eroatea da" eta bide horretan "GESeko zuzendaritza gaizkide dauka". Sindikatuak ziurtatu du ez duela utziko horrelako operaziorik egiten eta "ahal dugun bitarteko denak" erabiliko dituztela.

Hamar urteko ibilbidea

2006an, Gamesak GES enpresa saldu zion 3i taldeari, sortu eta zazpi urtera. Erosketa-hitzarmenean Gamesak 3i onartzen zuen zerbitzu-hornitzaile nagusi gisa, GES enpresaren bidez. Halere, CCOOk salatu duenez, "akordio hark indarra galdu zuen eta ez dago berritzeko asmorik, hortaz uler daiteke Gamesak GESen zerbitzuei uko egin gura duela".

Krisi ekonomikoa hedatu zenetik, ez dira garai onak izan GES taldearentzat. 2014an, 627 behargin kaleratzeko asmoa agertu zuen enpresak, haietako 96 Erandioko plantakoak. Azkenean, 290ek galdu zuten lana.

Pasa den martxoan, berriz, GESek taldeko Siemsa Industria eta Siemsa Control y Sistemas enpresak saldu zizkion Ferroviali.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa