Kultura 2014-12-30 01:12

Adiorik ez, gero arte baino!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko azaroaren 8an jaio zen UKBERRI.NET, "Euskaldun Egunkaria"-ren "Bizkaia" gehigarriaren desagerpenak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. 11 urteotan 20.000 istorio baino gehiago argitaratu ditu Uribe Kosta eta Erandioko euskarazko agerkari digitalak. Irakurtzen ari zaren hau UKBERRI.NETen azken albistea duzu. Hori dela eta, amaitu baino lehen, eskerrak eman gura dizkiegu, jarraitu gaituzuen eta lagundu diguzuenoi, berriemaileei... denoi mila esker! Baina, ez pentsa hau adioa denik. "UK" aldizkariarekin, Justuri irrati-egitasmoarekin eta euskalgintzako eragileekin batera, Uribe Kostako komunikazio-talde euskaldun berria sortu dugu: HIRUKA. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, paperezko astekaria eta irratia. Azken hori hilabete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Argazkian, HIRUKA bultzatzen duten langile eta eragiletako batzuk "UK"n argitaratutako irudian / © Asier Mentxaka - "UK" aldizkaria.
  Jendartea 2014-12-30 00:44

Krisialdiak gizarte laguntzen beharra handitu du Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak 826.560 euro banatu behar izan ditu aurten Gizarte Larrialdiko Laguntzetan (GLL), iaz baino ia hamarren bat gehiago, %9,14. Udalak berak zabaldu duenez, udalerriko behartsuenak larrialditik atera eta bizi baldintza duinak izatea xede duten funtsak 593 familiaren artean banatu dituzte (bataz beste, urteko, 1.393,86 euro besterik ez), 949 espedienteen bidez. Prestazio horien dirua jartzea Eusko Jaurlaritzaren ardura bada ere, Getxok laguntzen %28,14 (232.560 euro) ordaindu behar izan du, "eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko". Izan ere, Lakuatik 594.000 euro besterik ez dute bideratu Uribe Kostako udalerririk populatuenarentzat. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordainketak gauzatzeaz arduratu dira. Azken urteotan GLLak emateko zuzendutako diru kopurua areagotu da. 2013an, guztira 757.113 euro banatu ziren, haietatik 196.711 udal kutxatik. 2011n, berriz, 679.560 euroz erantzun zieten 459 eskaerei. Ja orduan, Udalak 173.640 euro inbertitu behar izan zituen pobreziaren hainbat egoerari aurre egiteko. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Elena Coria zinegotzia 2012ko martxoan, PSE-EEk gidatutako Jaurlaritzak beharrak estaltzen ez zituela azpimarratzen / © Getxoko Udala.
  Politika 2014-12-29 23:59

Motxiladunen turismoa erakarri nahi du Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sei hilabete baino gutxiago falta dira datorren maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako eta alderdi gehienak ari dira jada beren posizioak hartzen. Getxoko PSE-EEren kasuan, Jose Luis "Txefo" Landa Artetxe aukeratu zuten alkategai pasa den azaroaren 30eko primarioetan. Orain dela egun batzuk, maiatzean aurkeztuko duen programa sozioekonomikoaren lehen zirriborroa plazaratu zuen Txefo Landak, Algortako Portu Zaharrean erdara hutsean egindako agerraldian. Zerrendatutako ildoak izan ziren hiritarren parte-hartzea, tokiko merkataritza, Ibarbengoako industrialdea, maila ertaineko turismoa, espekulazioaren aurkako neurriak, Emakumeen Etxea eta Algortako Portu Zaharrerako babesa. Agerraldiak Getxoko PSE-EEren batasuna irudikatu zuen, bertan aurreko alkategaia, Luis Almansa, eta primarioetako arerioa, Agus Ruiz, Landa babestuz agertu zirela. Argazkian, "Txefo" Landa.
  Jendartea 2014-12-29 20:55

Gizonezko bat larri zauritu da Berango parean izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gaur goizean 34 urteko gizonezko bat larri zauritu da Getxon izandako auto-istripuan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, 07:00etan gertatu da ez beharra BI-637 errepideko Berangoko irteeran, Sopelarako noranzkoan. Citroen ZX autoa errepidetik atera da eta hormigoizko heziaren kontra jo du. Ondorioz, suhiltzaile eta sanitarioek erreskatatu behar izan dute gidaria eta, ondoren, anbulantzian eraman dute Gurutzetako ospitalera. Gainera, bideko errailetako bat moztu behar izan dute ertzainek eta trafikoa bideratu 09:15ak arte. Bestalde, herenegun, larunbatean, bi neskak zauri arinak pairatu zituzten errepide berean, Erandioko udalerrian, izandako beste istripu batean. Argazkian, pare bat ertzain trafiko kontrola ezartzen artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

  Jendartea 2014-12-29 20:40

Droga-trafikoa egotzita atxilotua Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean, Sopelan, osasun publikoaren kontrako delitua egin izana egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, etxebizitza bateko eta txoko bateko miaketetan, kilo eta erdi speed, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Gainera, legez kanpoko arma elektriko bat eta sei mila euro konfiskatu ei zizkioten gizonezkoari. Operazioa ostegunean izan zen, goizeko bederatziak inguru. Izan ere, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon batek drogarekin trafikatzen zuela etxean eta txoko batean. Ertzainek bi lekuak miatu zituzten, jabearen baimenaz. Etxeko izozkailuan, gutxi gorabehera kilogramo bat speed zuen poltsa bat aurkitu zuten. Beste gela batzuetan, marihuana eta haxixa aurkitu zituzten. Susmagarria txokoan aurkitu zuten eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten. Txokoan, gainera, beste kilo erdi speed, sei mila euro inguru eta legez kanpoko arma elektriko bat aurkitu zituzten. Argazkian, Ertzaintzak aurkitutakoak aurreko operazio batean / © Segurtasun Saila.

  Kultura 2014-12-29 14:35

Urte Berriari kantaldi ibiltariarekin ongi etorria emango diote Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetarako, urtarrilak 1, "Umeen oles kantak" izeneko haurrentzako jaialdia antolatu du Barrikako Jai Batzordeak, Jubibarrika elkarteak eta tokiko Udalak. Hori dela eta, aita-ama barrikoztarrei laguntza eskatu diete auzoz auzo umeak kotxez eramateko. Izena emateko, 946 775 163 telefono zenbakira deitu edo liburutegi[abildua]barrika.net helbide elektronikora idatzi ahal izango da. Horrenbestez, 2015eko lehenengo egunean, 12:00etan, Ander Deuna kultur aretoan (Goierri) jarri dute hitzordua Barrikan. Auzoz auzo aterako dira Urte Berria barrikoztar guztiei zorionduz, Ibilaldiaren ostean "pikoteoa" egongo da Nagusien Etxean. Argazkian, hainbat ume Olentzerori kantari / cc-by-sa euskalherrian.
  Jendartea 2014-12-29 14:05

Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bilketa hasiko da urtarrilean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Nuyum elkarte sopeloztarra Sahararekin elkartasunez antolatzen den XI. Euskal Karabanan lanean hasi da, Sopelako Udalak jakinarazi duenez. Eta aurreko urteetan bezala, behar-beharrezkoak diren elikagaiak eta higiene gaiak jasotzen hasiko dira: arroza, pasta, atuna, sardinak, azukrea, konpresak, eta abar. Batzen diren jaki eta gai guztiak Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Aljeria) dagoen saharar herriari bideratuko da. Urtarrilean zehar Uribe Kostako ikastetxeetan, enpresetan eta merkataritza guneetan produktuak jasoko dira. Edozein pertsona, enpresa eta eragilek parte har dezake. Informazio gehiagorako 695 788 185 telefonora dei dezake. Nuyum-en helburua Saharako herriari sostengua ematea da, orain 38 urte hasitako borrokarekin bat eginez. Izan ere, Saharak autodeterminaziorako eskubide osoa du, eta kanpamenduak erresistentzia baketsu eta nekaezin horren isla dira. Argazkian, udan eskualdera heldutako Saharako umeak, artxiboko irudian.

  Politika 2014-12-29 13:56

Sopelako udal aurrekontuak abenduaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 30ean hilabete honi dagokion osoko bilkura ospatuko da Sopelan, eta bertan, besteak beste, 2015. urteari dagokion udal aurrekontuak bozkatuko dira. Horrela ikus daiteke tokiko agintariek plazaratutako udal batzarrerako gai-zerrendan. Udalak gogoratu du auzokideek udal bilkuretara joateko eta parte hartzeko eskubide osoa dutela. Hitzordua 19:30ean izango da, udaletxeko areto nagusian. EH Bilduk zuzendutako Sopelako Udal Gobernuak 2015. urterako aurrekontu-proposamena osatu du, ia-ia 13 milioi euroko kontuetara helduz, 12.989.099 euro, hain zuzen ere (iaz aurrekontua 12,5 milioi.eurokoa izan zen). Tokiko iturriek nabarmendu dutenez, inbertsio nagusiak honakoak izango dira: bidegorrien eraikuntza, umeentzako jolas berriak, HAPO berria eta irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasunaren hobekuntza. Argazkian, bozketa aurreko udal batzar batean / © Sopelako Udala.
  Jendartea 2014-12-29 13:05

Romo ikastetxean aparkatu ahal izango da Gabon Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gabonetako jaietan aparkatzeko izan ohi diren arazoak kontutan hartuta, joan den abenduaren 24an eta 25ean egin bezala, salbuespenezko neurri moduan, Romo herri ikastetxeko jolastokia aparkaleku publiko gisa erabiltzea baimendu zuen Getxoko Udalak. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean ere gauza bera egitea erabaki du. Jolastokia aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia honako hau izango da: asteazkenetik, abenduak 31, 16:00etatik ostegunera, urtarrilak 1, 22:00ak arte. Aparkaleku bezala erabiltzeko ordutegia amaituta, aipatu jolastokitik atera ez diren autoak kendu egingo ditu garabiak, tokiko iturriek ohartarazi dutenez. "Erabaki hau esperientzia pilotu gisa eta Itzubaltzeta / Romoko Auzo Elkarteak egindako eskaera eginez geroztik hartu da", azaldu dute Udaletik. Argazkian, udaltzain bat Romo ikastetxe inguruan.

  Jendartea 2014-12-29 12:56

Gabon Zahar gauean zerbitzu berezia emango du metroak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Metro Bilbao hamalaugarren urtez ibiliko da Gabon Zahar gauean eta hamar minuturo egongo dira trenak ordu jendetsuenetan. Asteazkenean, hilaren 31n, azken konboiak ondoko orduetan irtengo dira: 20:40an Plentziatik Etxebarrira; 20:53an Kabiezestik Basaurira; 20:51ean Basauritik Kabiezesra eta 21:03an Etxebarritik Plentziara. Urteberrian, berriz, 01:00etan hasita, goizaldeko 3:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 30 minuturo Plentziara. Goizaldeko 3:00ak eta 6:00ak bitartean, maiztasuna hogei minutukoa izango da linea guztietan. Halaber, 6:00etatik 9:00ak arte, trenak hamar minuturo ibiliko dira Etxebarri eta Bidezabal zein Basauri eta Kabiezes artean eta 20 minuturo Etxebarritik Plentziara. Argazkian, hainbat bidaiari metroan sartzen.

  Kultura 2014-12-29 12:47

Kotiloietara doazen pertsonen segurtasunaz arduratuta dago Getxoko Udala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gabon zahar gau eta Errege egunean kotiloiak egitea aurreikusita dauzkaten lokalek bete beharko dituzten baldintzen inguruko bandoa ezagutzera eman du Imanol Landa Getxoko alkateak. “Egun hauetan”, gogoratu du agintariak, “jende ugari biltzen da dantzalekuetan eta antzekoetan, baita gisa horretako jarduerak egiteko beharrezkoak diren lizentzia edo baimenak ez dauzkaten lokaletan ere. Bando honen bitartez, lokalek bete behar dituzten baldintzak gogoratzen ditugu, pertsonen segurtasuna bermatzeko”. Izan ere, lokaletan ezin izango da ikuskizun edo jolas-jarduerarik egin horretarako beharrezkoa den baimena eskuratu gabe, beharrezkoak diren era guztietako baimen eta lizentziak dauzkaten dantzaleku eta antzekoetan izan ezik (4/1995 Legea, azaroaren 10ekoa, jendaurreko ikuskizun eta jolas jarduerak arautzekoa). Halaber, halako tokietan eta establimenduetan edukiera errespetatu eta, edonola ere, bertan direnen segurtasuna bermatu beharra dago, udal iturriek adierazi dutenez. Bitartean, gogoratu, urtarrilaren 6ra arte, ostalaritzako establezimenduak zarratzeko ordutegia araudiak baimentzen duen gehienezkora zabalik duela Getxoko Udalak.
  Jendartea 2014-12-29 12:22

Baimendutako gehieneko alkohol-maila hirukoiztu duelakoan atxilotua Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Gaur, astelehena, abenduak 29, Getxoko Udaltzaingoak auto baten gidaria atxilotu du, baimendutako gehieneko alkohol-maila gaindituta gidatzea leporatuta. Hori dela eta, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzi diote. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, atxiloketa, 39 urteko gizon batek gidatutako autoak komunitate-garaje bateko sarrera-ate baten kontra bete-betean jo eta gero egin dute. Auzokide batek deitu ondoren, tokiko poliziak bertaratu direnean gidaria ibilgailuaren barruan aurkitu omen dute jesarrita, logura zuela eta edanda zegoela erakusten zuten zantzuekin. Alkohol-proba egin diote eta botatako arnasan 0,90mg/l atzeman dizkiote, baimendutako gehienekoa alkohol-maila baina hiru bider handiagoa. Hori dela eta, polizia-agenteek atxilo eraman dute bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita eta auzia ikertzeko polizia-eginbideak egiten ari dira, Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko direnak, epaiketa azkarraren prozeduraren pean.

  Politika 2014-12-26 19:24

Presoen aldeko hamaika ekimen dira egunotan eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urteko Azken Ostirala hartuko dute gaur Euskal Herrian 200 herrik baino gehiagok. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimen hori aspaldidanik abiatu zuen Etxerat preso politikoen senide eta lagunen elkarteak, baita Uribe Kostan ere. Besteak beste, Algortan, Itzubaltzeta / Romon eta Leioan 20:00etan izango dira elkarretaratzeak, Telletxe plazan, Xake plazan eta Bulebarrean, hurrenez hurren. Ordu erdi beranduago, 20:30ean, kontzentrazioa burutuko dute Plentziako Astilleron. Hitzordu horietara ez dira faltako gazteak. Izan ere, Ernaik deituta dozenaka gazte batu dira "Denok ala inor ez!" dinamikaren baitako "11 konpromiso, askatasunerantz!" ekimenera. Algortan izan ezik, gaur goizean baraualdiari ekin diote aipatu herrietako gazteek, eskualdeko hiriburukoek azken ostiralarekin batera egingo dutela. Hamaika jarduera burutu dituzte. Bestalde, bihar, goizeko 11etatik aurrera, Algortako Sarek hartuko du Txiki eta Otaegi plaza. Bertan, hainbat mahai izango dira, mugimenduaren inguruko argibideak eman, Sarekide egin, argazkia atera, bideoa ikusi, dispertsioaren liburua jaso, iritzia bota, Urtarrilaren 10eko manifestaziora deitu eta materiala eskuratzeko aukera emango dutenak. 13:00etan, berriz, agerraldia egingo dute, Algortako SAREren oinarriak eta norabideak irakurri eta argazki kolektiboa egingo dutela. Ordu berean, 13:00etan, Basauriko kartzelaren aurrean presoen etxeratzea aldarrikatuko du Sortuk. Argazkian, hainbat gazte Itzubaltzetako baraualdian.
  Kultura 2014-12-23 21:02

Hilaren 29an argitaratuko du azken albistea UKBERRI.NETek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 22ko datarekin egunotan zabaldutako 263. alean egin du publiko desagertzera doala "UK" aldizkariak. UKBERRI.NET ere bere azkenak ematen dabil, zuk lerrook irakurtzearekin batera. Hilaren 29an argitaratuko du azken albistea Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. Baina, ez izutu! Eskualdeko komunikabide euskaldunok ez dugu esango agur betiko. Euskalgintzako eragileekin eta Justuri irrati-egitasmoarekin batera sortu dugu HIRUKA, Uribe Kostako komunikazio-talde euskaldun berria. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, paperezko astekaria eta irratia. Azken hori hilabete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Hiru komunikazio-euskarrien bitartez, elkarteen eta norbanakoen parte-hartzea bultzatu nahi du HIRUKAk. Esaterako, sare-agerkarian, "Komunitatea" izeneko atalean, edonork aukera izango du ekimenak eta iritziak plazaratzeko. Astekariak eta irratiak ere horretarako aukera emango dute. Esan bezala, paperezkoa asterokoa izango da, koloretan eta tabloide formatuan. Argazkian, 2011ko abenduaren 1ean Justuri irrati egitasmo berria aurkeztu zuen Uribe Kostako euskalgintzak, bidean hainbat harri topatu dituena.
  Kultura 2014-12-23 20:42

Uribe Kosta eta Erandio zeharkatuko ditu bihar Olentzerok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamabi hilabetez itxaroten egon ostean, gau berezia izango da biharkoa (abenduak 24) Euskal Herriko haur guztientzat; baita hain txiki ez direnentzat ere. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, afaldu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, bazter guztiak irribarrez eta algaraz gainezka izango dira, Olentzeroren bisitarekin. Uribe Kosta eta Erandion, ohi denez, Neguri-Gobelara egin zuen igandean lehenengo bisita ikazkinak; eta gaur Barrikan, Erandiogoikoan, Itzubaltzeta / Romon... dugu. Azken herri horretan haurren gutunak jasotzen. Hala ere, Eguberri egunera arte itxaron beharko dute neska-mutilek euren opariak zabaltzeko. Bihar, aipatu toki guztietara bueltatzeaz gain, falta zaizkion eskualdeko herriak bisitatuko ditu Olentzerok. Bitartean, opor hauetan neska-mutilek izango dituzte, bakoitzak bere herrian, puzgarriak eta jolasak, antzerkia, kirol ikuskizunak... Argazkian, Olentzero Areetan barrena, aurreko batean / © Getxoko Udala.
  Jendartea 2014-12-22 19:57

Datorren ikasturterako nahi dute martxan Algortako Musika Eskola

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Getxo Antzokiaren eta Algortako Musika Eskolaren ekipamenduko lanak aurrera doaz "aurreikusitakoaren arabera", udal arduradunek diotenez. Gaur egun eraikinaren ingurutzailean egiten ari dira lanak, fatxadetako zati batzuk material nobleekin –egur, beira eta harria– estaltzeko. "Hain zuzen ere, Musika Eskolak behin betiko kanpotik izango duen irudia hasi da ikusten", nabarmendu dutenez. Aurreikuspena da 2015-2016ko ikasturtean martxan jartzea. Horretarako, datorren urteko hasieran abiatuko dituzte barrualdean akaberak egiteko lanak. Uda aldera amaituko dituztela uste da, Musika Eskolako guneak egokitzeko. Getxo Antzokiaren ekipamenduko fatxadan dagoeneko bere inguratzaileari dagozkion lanen %70 inguru eginda dago. Horri esker eraikineko beira eta egurrezko estaldurak nabarmenduz doaz. Argazkian, kazetariek bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten ostegunean Getxo Antzokiko eta Algortako Musika Eskolako lanen garapena, ekipamendu berrira egindako bisita gidatuan / © Getxoko Udala.

  Jendartea 2014-12-22 19:25

Tokiz aldatu beharrean hilerria handitzearen alde dago Plentziako EAJ

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako EAJren udal taldeak argi utzi nahi izan du ez duela "inola ere" babesten Andre Maria hilerria Saratxagara eramatea. Baieztapen horren bidez, jelkide plentziarrek "gezurtatu" nahi izan dute iragan azaroaren 30ean komunikabide batean (ez dute zein zen esan) argitaratu zen informazioa. "Gu ez gaude hilerria beste toki batera eramatearekin ados, eraikuntza ezberdinek, hau da, panteoi eta hobiek kalte konponezinak izateko arriskuan egongo liratekeelako leku aldaketak egiterako orduan. Halaber, inguru horrek balore handia du plentziarrentzat. Bai babesten duguna da espazio zabalagoa beharrezko jotzen baldin bada, hori Saratxaga auzoan egitea", azaldu dute EAJkoek. Bestalde, Udal Gobernu Taldeari eskatu diote, ahal bezain arinen gauzatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin behar den hitzarmena, Plentziako metro geltoki inguruan aparkalekua egin ahal izateko. Jelkide plentziarren hitzetan, hitzarmen berean sartuko litzateke Urdulizen trenbidea lurperatzeko lanak hasten direnean martxan jarriko den autobus zerbitzuaren kokapena. Tokiko EAJk emandako ideien artean, "aparkalekuko zati bat uztea badago autobusek sartzeko eta irteteko maniobrak egin ditzaten". Argazkian, Javier Artaza Ibargurengoitia da EAJren burua Isabel Zarauza Norato independentea buru den Plentziako Udalean.
  Jendartea 2014-12-22 18:50

Obus zahar bat leherrarazi dute Azkorriko hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzaren artezilariek gaur leherrarazi dute atzo, igandea, Getxoko Gorrondatxe edo Azkorriko hondartzan agertu zen obus zaharra. Eitb.com agerkariak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren iturriak aipatuz zehaztu duenez, itsasbeheraren zain egon behar zuten lehergailua hondartzatik ateratzeko. Baina, azkenean, zailtasunak kontuan hartuta, hondartza itxi eta bertan lehertu dute. Esan bezala, atzo obus bat izan zitekeen objektua agertu zen Gorrondatxen, eta Ertzaintzak tokia itxi zuen. 12:00etan pertsona batek eman zuen abisua, itsasbeherarekin objektua ageria geratu baitzen. Hain zuzen ere, 50 zentimetroko luzera eta 15 zentimetroko zabalera zuen objektu zilindrikoa zen, eta litekeena zen garai bateko obus bat izatea. Mareak, ordea, gora egin zuen, eta ezin izan zuten hondartzatik atera. Zailtasunak ikusita gaur leherrarazi dute. Ordura arte, zonalde hori itxita egon da. Argazkian, erakusketa geletatik kanpo agertzen dira maiz gerra garaiko lehergailuak.
  Politika 2014-12-22 18:16

Pinosoloko ustelkeria auzia Legebiltzarretik kanpo nahi omen dute EAJk eta PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igor Lopez de Munain EH Bilduren legebiltzarkideak Gasteizen gaur salatu duenez, “EAJk eta PPk elkarri eskua emanda jarduten dute ustelkeria politikoa ikertzeko saiakerak oztopatzeko, eta kasu horiek izan ditzaketen ondorioak arintzeko”. "Pinosoloko ustelkeria politikoaren arduradun nagusi" Jon Loizaga Leioako Kirol zinegotzi ohiaren agerraldia beraien botoak batuz atzera bota nahi omen dute bi alderdiek. Legebiltzarreko Mahaiak (ganberako jarduna kudeatzen duen organoa) Pinosoloz koalizio independentistak aurkeztu duen agerraldi eskaera oztopatzeko erabakiaren berri izan duenean egin du salaketa Lopez de Munainek. Hori ez dator bat popularrek orain arte emandako pausuekin. Egun Metro Bilbaoren zuzendari Eneko Arruebarrena Leioako alkate ohiaren kargugabetzea Eusko Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilbo, Santurtzi zein Getxoko udaletan eskatuko zutela iragarri zuen joan den astean Bizkaiko PPk. Baita Loizaga eta Arruebarrena EAJren udal ordezkari leioaztar ohien kontra Fiskaltzan aurkeztutako salaketa "kentzeko asmorik ez" zutela adierazi ere. EH Bildukoen iritziz, ordea, gaurkoa “saiakera nabarmena da, gaia Gasteizko Legebiltzarretik ateratzeko eta Pinosolon egon den ustelkeria politikoaren nondik norakoak ez jendarteratzeko”. Argazkian, Torresoloko igerilekuak "1.400.000 euroko gainkostua" izan dute, PPren arabera / © Leioako Udala.
  Kultura 2014-12-21 01:56

Fredi Payak irabazi du Bizkaiko txapela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Zaleak ez ezik epaileak ere konbentzituta, zazpigarrenean eskuratu du Fredi Payak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, Bilboko Miribilla auzoko Bilbo Arenan, 901 puntu metatuta. Atzean, Arkaitz Estiballes (874,5) orain arteko txapelduna buruz burukoraino eutsi dio, eta bien ostean Etxahun Lekue (512), Oihana Bartra (482,5), Jone Uria (482), Onintza Enbeita (479), Iratxe Ibarra (478) eta Xabat Galletebeitia (452) sailkatu dira. Jone Uriak bertsolarien gazteenaren saria jaso du. Kontrako bidetik, Iratxe Ibarrak lehen agurrean iragarri du txapelketak utziko dituela, 40 urteak beteta, nahiz eta plazan abesten jarraituko duen. Finala inoiz egon den jendetsuena izan da, 4.350 bertsozale epelean batu direla, Oihana Bartraren eta, batez ere Xabat Galletebeitiaren hintxada horiaren animazioak lagunduta. Kristina Mardarasek jantzi dio txapela Payari, zutik jarri diren zaleen txaloen eta "Fredi, Fredi" oihuen artean. Aita zenari dedikatu dio berak: "euskaraz eskaintzen dizut / gure artean ez bezela / itsas gizonen zeruan ziur / ikasiko zenuela". Fredik, larru edo urre beltzaren pistan, saio osoan zehar bertsokera mimatu egin du hasieratik bukaeraraino, kartzelatik kartzelara. Argazkian, ezkerretik eskumara, Mari Karmen Ruiz, Fredi, Xabi eta Itsaso bertsolarien ama, Fredi Paya Ruiz, Kontxi laguna eta Xabi Paya Ruiz txapeldun ohia.