Korrika 20

Korrikari ondoetorria egingo diote barikuan Erandiogoikoan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 16a, 17:39
Aurrekoan legez, gauez pasatuko da Korrika Erandiogoikotik. BERBOTS

Bihar, barikuan, martxoaren 17an, Erandiogoikoko auzokideek harrera egingo diote euskararen lasterketari. Arrasti osoan, zenbait jarduera izango dira Euskadi plazan antolatuko duten Korrika-festan.

Hala, 18:00etan, umeentzako eta gazteentzako tailerrak eta herri-kirol erakustaldiak egingo dituzte. Ostean, pandero-ikasleen emanaldia izango da, Goi-Alde taldearen dantza-erakustaldiaren aurretik. Musikak ere bere tartea izango du, 20:00etatik aurrera Seamrog-ek ekitaldi-musikatua egingo du eta. Eguneko azkenengo ekitaldia herri-afaria izango da, Dandaka jatetxean, 22:00etan. Arrasti osoan, Korrika-denda zabalik egongo da plazan.

Erandioko lehenengo auzoa izango da Erandiogoikoa Korrikari ondoetorria egiten, baina ez da bakarra izango: hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Altzagan hilaren 24an, 25ean eta 31n; eta Korrika-festa egingo dute Astrabuduan, apirilaren 1ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun