Erandioko EH Bilduk "gobernu aurrerakoi berria" osatzea proposatu die PSE-EE eta Elkarrekin Podemosi

Ander Zarraga 2023ko eka. 16a, 14:49
Erandioko osoko bilkura telematikoa, artxiboko irudian.

EH Bilduk sei zinegotzi lortu ditu Erandioko Udalbatzan eta Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren botoakaz Imanol Eguskiza alkategaia gobernu-buru izan liteke. Bihar osatuko dira udal-gobernuak eta ikusteko dago zer gertatuko den, baina aurreratu dutenez, itxaropen gutxi dute beraien proposamena aurrera ateratzea.

Orain arte EH Bildu eta PSE-EE alderdiek bosna zinegotzi izan dituzte Erandioko Udalbatzan, baina maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean, koalizio abertzaleak seigarren zinegotzia eskuratu zuen, eta sozialistak laugaz geratu ziren. Zapatuan, Udalbatzak osatzen dituztenean, Erandion EH Bilduk Imanol Eguskiza aurkeztuko du aginte-makila jasotzeko, baina hori gauzatzeko PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen babesa beharko luke.

Momentuz, PSE-EE EAJren alkategaiak sostengatuko dituela aurreratu du, zuzenean botoa emanez edo abstentzioaren bitartez. Horrenbestez, ekimenak ibilbide laburra izatea aurreikusten dute, "gure saiakerak gorabehera, uste dugu Aitziber Oliban izango dela alkatea datozen lau urteetan, PSE-EEren babesari edo abstentzioari esker".  

Dena den, koalizio abertzaleak "lehen indar aurrerakoia" izatea lortu duela azpimarratu dute, eta EAJ Alkatetzatik kentzeko ezkerreko alderdiei elkarren arteko "gobernu aurrerakoi berri bat eraikitzeko" proposamena luzatu diela jakinarazi du ohar bidez. "Erandion politika egiteko moduak aldatu egin behar dira. Baina ezin da izan gure herriaren etorkizuna Erandiotik kanpoko bulego batean eta Erandiokoak ez diren pertsonek erabakitzea", aldarrikatu dute Erandioko EH Bildukoek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun