Erandion lan-istripu batean zauritutako 32 urteko behargina hil egin da

Ander Zarraga 2023ko urr. 19a, 09:32

LAB sindikatuak prekarietatea salatzeko egindako ekitaldi bateko irudia. © LAB

Aurreko urriaren 9an, Erandion amianto-plakak kentzen ari zela lau metrotik erori eta larri zauritu zen 32 urteko langilea hil egin dela jakinarazi du LAB sindikatuak. Adierazi dutenez, "lehen zantzuen arabera, badirudi erorketa gertatu zenean, langileak ez zuela babeserako lotura-sistemarik".

LAB sindikatuak argitaratutako adierazpenean azaldu duenez, "prozesu arriskutsuenetan, araudirik zorrotzenak izanik ere, prebentzio-araudia ez da betetzen patronalak bitartekoak ipintzen ez dituelako. Langileek beren bizitzarekin ordaintzen dute hori".

Era berean, sindikatuak gogoratu du iaz 11 langile hil zirela altueratik erorita, eta daborduko aurten lau langile zendu direla arrazoi berdinagatik. "Argi dago konponbidea langileen presiotik eta mobilizaziotik etorriko dela, beren bizitza baita jokoan dagoena", azpimarratu dute sindikatutik eta datozen orduotan intersindikalek deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun