Sindikatuak oharrean azaldu du Erandion zauritutako 32 urteko langilea Reformas Maver amiantoa kentzeko RERA erregistroan dagoela, baina "zehazteke" dagoela lan-delegaritzara bideratu beharreko dokumentuak eta lan-planak egoki zituzten ala ez. "Argi dagoena da lan plan horiek ez direla behar den bezala jarraitu, langilea segurtasun arauak bete gabe, lotu barik zegoelako", azpimarratu dute.
ELAk gaineratu du eraikuntzako eta erreformako sektoreetako lanetan lan-erritmo oso altuak izaten dituztela ezarritako epeak betetzeko, "eta, askotan, gabeziak izaten dira norbera babesteko ekipamenduetan, lan-istripuak edo lanbide-gaixotasunak izateko probabilitatea areagotuz".
Oharrean gogorarazi duenez, aurten hiru langile hil dira altueretatik erortzearen ondorioz, eta nabarmendu du "prebentzioan inbertitzen dela gutxien horrelako sektoreen onura ekonomikoak hobetzeko, eta horrek eragin zuzena du langileen segurtasunean". Halaber, sindikatuak gogoratu du 2023an 39 langile hil direla Hego Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz.
"Prekarietatearen ondorioz, lan baldintzak urtetik urtera geroz eta okerragoak dira. Ez da prebentzio edo lan segurtasunean nahikorik inbertitzen, ez zaio arriskuen informazio eta formakuntzari duen garrantzia ematen, eta enpresek etekinak lehenesten dituzte langileon segurtasun eta osasunaren aurretik", adierazi du ELA sindikatuak oharrean.