#0KM - Berton bertokoa

Javier Lario: "Produktuaren kalitatea, hurbiltasuna eta prezioa zaintzen ditugu, uste dudalako guztiaren gainetik zintzoak izan behar garela"

Ander Zarraga 2023ko abe. 27a, 16:58

Duela sei urte hasi zen Javier Larioren abentura: Calabazas de Ibarrondos. Erandiogoikoko ibarreko lur emankorretan hondatutako baserri bat berreskuratzen hasi zen eta inguruko baserritarrengandik ikasitakoari esker zonaldeko nekazaririk ezagunenak dira gaur egun.

Baserrian bertan eta inguruko nekazariek eta abeltzainek ekoiztutako produktuak zuzenean eskaintzen dituzte etxeko atarian, bide ondoan eta denen bistara. Dutenaren aniztasuna da arreta deitzen duen lehenengo gauza: askotariko tomateak, porruak, frutak, kalabazak, kontserbak, eztia... "Daukaguna zerbaitegatik daukagu; adibidez, eztia txikitan Leonen jaten nuena da eta tomateak Meabe familiarenak dira, belaunaldiak daramatzatelako horiek ekoizten eta mundialak direlako; nik ere ekoizten ditut, baina ez dut beraien jakituria", azaldu du Lariok.

Calabazas de Ibarrondos sare sozialetan oso aktiboa izan arren, benetako ospea pandemian lortu zutela dio Lariok: "Konfinatuta egon ostean, jendeak paseatzeko baimena izan zuenean inguru honek Ibilaldi bat zirudien, jendetza pasatzen zen emetik egunero eta aukera baliatu genuen arrautzak, kalabazak eta tomateak saltzeko. Orain, jendea zuzenean etortzen zaigu".

Baserrian zero kilometroko produktu freskoen defendatzaile sutsuak direla azpimarratu du nekazariak, "produktuaren kalitatea, hurbiltasuna eta prezioa zaintzen ditugu, uste dudalako guztiaren gainetik zintzoak izan behar garela". Horrez gain, nabarmendu du beraiek ekoizten dituzten ortuariei ez dietela ongarri artifizialik botatzen eta animaliei ere artoa eta elikagai naturalak bakarrik ematen dizkietela, "hemen animali guztiak etxekoen modukoak dira, txerriak ere etxe barruan egiten du lo".

Baserrian ekoizten dituzten ortuarien artean, Apurtuarte piperrak ere dituztela jakinarazi du Lariok. “Apurtuarte Asuko futbol taldea da eta bere koloreak gorria eta berdea dira piperrarenak bezala. Oso preziatuak dira, baina inork ez ditu landatzen, nahiko zailak direlako eta batzeko momentua ere oso zehatza izan behar delako, hain zuzen ere, gorria eta berdea dagoenean izan behar da”.

Berreskurapena

Etxaldearen historia ere hurbiletik ezagutzen du Lariok, bera inguruotan ibiltzen baitzen gaztetan: "Baserria Jesukristo deitzen zioten gizon batena zen, eta produkzio ikaragarria zuen, inguruko baserririk onena zen, bai gizonaren lanagatik, baita lurraren emankortasunagatik ere. Lekak eta indabak tonaka ekoizten zituen eta behiak, idiak eta txerriak ere zituen". Lekua "zoragarria" zela gogoratzen du.

Tamalez, lurrak oinordekoek hartu zituztenean, "espekulatzeko" erabili gura izan zituztela azaldu du, baina lehen minutuan okupatu eta inguruak "Mordor" itxura hartu zuela gogoratu du. Horrela 16 urte eman zituen, eta azken okupek konponketa batzuk egin zituzten arren, baserria eta ingurua egoera negargarrian aurkitu zituzten alokatu zituztenean. "Ez zegoen argirik, ezta aterik edo leihorik ere, dena zegoen panpa-belarrez eta sasiz beteta, ikusten diren berritze- eta garbiketa-lan guztiak guk egin ditugu, baina oraindik asko falta da".

Galzorian dagoen bizimodua

Lario baserriaren aurpegi ezaguna da, baina aitortu du dakitenak eta bertan lan egiten duten bizikideak direla, "ni oso berbatia naiz eta inguruko baserritarrengandik ikasi dut eta beraien produktuak saltzen ditut". Aste barruan baserritarrak kamioi bat gidatzen du eta aste-akabuetan eta jaiegunetan egiten du baserrian lan. Hala ere, berari baserritik bizitzea gustatuko litzaiokeela dio: “Baliabide gehiago beharko genituzke asko ekoizteko eta horretaz bizitzeko, beraz, diru-sarrera finko bat behar dugu hori lortu bitartean”.

Baserritarren ogibideaz galdetuta, berak argi dauka galzorian dagoen mundu bat dela: "Zorionez edo zoritxarrez, guk hau egiteko zoramena daukagu, duela 100 urte bezala bizi gara, baina sei urte daramatzat oporrik hartu gabe; animaliek egunero jan behar dute, ortuariak egunean batu behar ditugu, eta beti daude zereginak".

Hala ere, dioenez, gogoa eta lana eginez gero edonor bizi daiteke lurretik, "baina lan handia eskatzen du eta jendea ez dago prest, nahiago dute enpresa batean sartu eta soldata finko bat jaso. Hona datozenean, aborigenak bezala ikusten gaituzte, pentsatzen dute hau parke tematiko baten modukoa dela".

Horrez gain, aldaketa klimatikoak ere ezinegona sortzen diela aitortu du, daborduko hasi baita landareen zikloei eragiten: "Abenduan tomateak izan ditugu eta piperrak negutegitik kanpo barra-barra ateratzen dira". Bere iritziz hori ez da ona, lehenago aldaketa klimatikoak egon diren arren, orain ezberdina delako, gizakiak sortua eta azkarrago gertatzen ari baita, "pentsatzen dut ez dugula horretara egokitzeko denborarik izango eta landareek are gutxiago”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun