#0KM - Berton bertokoa

Sonia Peña: "Beti artaziak eskuan ibiltzen nintzenez bezero batek esan zidan 'manos tijeras' nirudiela"

Nahia Martinez Gondra · Aroa Sotelo Velasco 2024ko urt. 31a, 14:20

Duela ia 20 urte sortu zen Erandioko Manos Tijeras ile-apandegi herrikoia, 2005ean, alegia. Udalerriko erdigunean kokatuta, Sonia Peñak 28 urtegaz erabaki zuen bere ileapandegi propioa sortzea hainbat urtez beste negozioetan lanean egon ostean. Hurbiltasuna da haien bereizgarri nagusia, izan ere, berak argi du "pertsonakaz" lan egiten duela. Hala ere, krisi-ekonomikoaren eta pandemiaren ostean, bere negozioaren egungo egoera onena ez dela onartu du: "Bizirauten gaude".

Manos Tijeras ile-apandegiaren izenaren istorioa bitxia da: "Lan egiten nuen aurreko ile-apaindegian beti nengoen ilea mozten, nire buruzagiak hori egiten soilik uzten zidalako. Beti artaziak eskuan ibiltzen nintzenez bezero batek esan zidan "manos tijeras" nirudiela. Gainera, Tim Burton maite dut. Horregatik, nire negozioari hala deitzea erabaki nuen", azaldu digu Soniak.

Hala, egun dituen bezeroei dagokionez, apur bat denetarik duela baieztatu du: "Jende nagusia asteburuetan dator. Astean zehar gazteagoak diren lagunak etortzen dira". Hala ere, gaur egun bezero fidelik ez duela nabarmendu du. "Bezero fidela dela uste duzuna, bat-batean egun batean etortzeari uzten dio. Beharbada urte batzuk eta gero bueltatu egingo da. Baina, orokorrean, aldatzen doaz".

Era berean, bere ile-apandegiaren bereizgarria "hurbiltasuna" dela nabarmendu du. "Jende asko horregatik datorrela uste dut, hurbila naizelako eta beren gauzak kontatzen dizkidatelako. Beste ile-apaindegi batzuetan hotzagoak dira, eta ondo dago profesionaltasuna ematen diolako negozioari, baina ez dugu ahaztu behar pertsonakaz lan egiten dugula". 

Manos Tijeras ile-apaindegia sortu zuenean beldurrik eduki ez zuela aitortu du Peñak, bera beti "apur bat zoroa" izan baita. Hala ere, gaztea zenean ilusio handiagoa zuen eta ile-apaindegia bere amets gisa irudikatzen zuen. Denboragaz errealistagoa bihurtu dela dio, batez ere, bizitako garaiak eta gero. Igarotako krisi ekonomikoak eta pandemiak eragin gogorra izan du ile-apaindegian eta egungo egoera onena ez dela aitortu du. Beraz, oraintxe bertan negozioa "bizirauten" dagoela deitoratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun