Elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu dute gaur Getxoko epaitegian

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 23a, 12:50
35 bat lagun kontzentratu dira gaur Getxoko Epaitegiaren aurrean.

Gaur goizean Imanol Arrieta "Txente" gazte sopeloztarra epaitu behar zuten Getxoko Justizia-jauregian, 2013ko azaroaren 26an Metro Bilbaoko Algortako geltokian Sevilla II-ko presoen aldeko margoketa bat egitea egotzita. Falta horregatik isuna eskatu du fiskalak. Aurretik, baina, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzen saiatu zen fiskalak, baina epaileak ez zuen "terrorismoa goratzeko" aztarnarik ikusi. Bista goizeko 11:30ean hastekoa zen, baina arazo batzuk direla medio, oraindik zehazteke dagoen beste egun batera atzeratu behar izan dute. Bitartean, "Elkartasuna ez da delitua" goiburupean, 35 lagun bertaratu dira epaitegiaren sarrerara, gazte auzipetuari babesa helarazteko.

2013ko azaroaren 26an, Sevilla II espetxean zeuden euskal preso politikoek bertoko bizi baldintzak salatzeko 30 egun borrokaldian zeroatzatenean, horiei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen burutu ziren Uribe Kostan. Horien artean, Algortan hainbat gaztek margoketak egin zituzten Metro Bilbaoko geltokian. Ekimen horretan parte hartu zuelakoan, Ertzaintzak Imanol Arrieta gaztea atxilotu zuen geltokiaren inguruetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun