Gazteok  Getxo 2015-11-10 15:30

Gasteizko herri-harresian atxilotutako itzubaltzetarrek deklaratu dute Getxon

Itzubaltzeta/Romoko gazte bi atxilotu zituzten joan den maiatzaren 18an, Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Esteban gazteak babesteko Gasteizen egindako herri harresian. Zazpi hilabete igaro dira ordutik, eta gaur, azaroak 10, Getxoko epaitegian deklaratu behar izan dute. Egoera hori salatzeko, "Elkartasunak ez du etenik" lemapean, elkarretaratzea deitu dute gaur 20:00etarako Itzubaltzeta/Romoko Xake plazan.

Gasteizko herri-harresian atxilotutako itzubaltzetarrek deklaratu dute Getxon
Gaur goizean deklaratu dute Itzubaltzetako bi gazteek. © ErnaiUK | Ikusi handiago | Argazki originala

Robles, Zaldibar eta Estebanegaz batera, beste lau kide kondenatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, sei urteko espetxera. Segi gazte-erakundearen eta 28 gazteren aurkako auzian zigortu zituzten zazpiak, eta kalez jantzitako poliziek Xabat Moran, Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal eta Ainhoa Villaverde atxilotu zituzten maiatzaren 6an. Esteban, Zaldibar eta Roblesek, aldiz, ihes egitea lortu zuten, desobedientzia dinamika bati hasiera emanez. Ezkutuan egon ostean, maiatzaren 18an atzeman zituzten, Gasteizko herri harresiaren babesean.

Sagastizabalek izan ezik, gainerako seiek urte eta erdi inguru egin zuten preso lehen aldiz atxilotu zituztenean; 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsail-martxoan atzeman zituzten auzi horretako 28 gazteak.

Azaroaren 4an, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak Robles, Sagastizabal, Madernaz, Zaldibar eta Moran aske uzteko agindu zuen. Hala ere, aske utzi dituzten arren, orotara bi urte inguru egin dute preso gehienek. Ez dago argi zer pasako den Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebanegaz.

2015/11/10 20:00

Xake plaza | Getxo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa