Elkarrizketak

Old Port Films: "Euskal baleazaleen sarraskia ez da oso ezaguna gurean"

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 12a, 13:25
Aitor Aspe, Katixa de Silva eta Aner Etxebarriak osatzen dute Old Port Films.

Old Port Films ekoiztetxe getxoztarra "Baskavigin" dokumentala grabatzen dabil egunotan. Aitor Aspek, Aner Etxebarriak eta Katixa de Silvak urtebete daroate euren proiekturik "handiena" lantzen, 1615ean Islandian 31 euskal baleazaleren kontrako sarraskiaren historia birsortzen, alegia. Horretarako, hainbat adituren kontakizunak jaso dituzte, ezbeharra fikzioan irudikatzeagaz batera, besteak beste.

Islandian orain dela 400 urte jazotako 31 euskal baleazaleen kontrako sarraskiaren inguruko dokumentala egiten zabiltzate. Zelan doa grabazioa?

Historialari eta adituen elkarrizketa ia guztiak grabatu ditugu daborduko. Halere, oraindik Sjon izeneko islandiar bat elkarrizketatu behar dugu. Dokumentalak hiru ildo nagusi izango ditu: elkarrizketak, garaiko irudiak (grabatuak, koadroak...) eta birsortze historikoa. Azken hori anbizio handieneko atala da, lan gehien behar duena, garai hartan, 1615ean, gertatu zen guztia berreraiki gura dugulako. Daborduko hiru baleontziren eszenak grabatu ditugu. Horretarako Victoria itsasontzia erabili dugu; Bilbon egon zen porturatuta, eta ikustera joan ginenean, dokumentalerako oso egokia zela iruditu zitzaigun. Hala, Cadizeko portuan zegoela, bertara joan ginen grabatzera. Martxoan, berriz, hiru egun ibili gara barnealdeko irudiak grabatzen; orain, apirilean, Islandiara joango gara 10 egun, kanpoaldeko gainerako irudiak grabatzeko. Erritmo onean goaz orokorrean.

Zein lekutan grabatu duzue?

"Victoria" itsasontzian grabatzeaz gain, txalupa batean ere egin ditugu grabaketak, bale-ehiza bat irudikatuz; balea ondoren digitalki gehituko dugu. Halaber, elkarrizketak hainbat tokitan grabatzen gabiltza, berbarako, Pasaian, Islandian, Ingalaterran eta Getxon. Toki esanguratsuak jaso gura izan ditugu; izan ere, proiektua ezagutzen ez duen jendeak dokumentala nahiko "lokala" dela esan arren, hori ez da hala.

Hainbat historialari garrantzitsu elkarrizketatu dituzue, ezta? Nortzuk dira?

Bai, Michael Barkham, Jose Antonio Azpiazu, Tapio Koivukari, Xabier Irujo, Magnus Rafnsson, Sigurður Sigursveinsson, Viola Miglio eta Selma Huxley, besteak beste. Azken hori historialari izugarria da, mundu horretan mito bihurtu dena; berari buruz aparteko dokumental bat ere egin daiteke, Indiana Jones modukoa da, baina benetakoa! Emakume horrek euskal baleazaleen Ternuako kokalekuak aurkitu zituen. Berak bazekien inguru hartan egon behar zutela, baina ez zegoen inolako aztarna arkeologikorik. Halere, bera haraino joan, eta kokaleku horiek aurkitu egin zituen. Bestalde, Viola Miglio, hizkuntzalaria da, eta gai oso interesgarri bat ikertu du: islandieraren eta euskararen arteko hizkuntza hibridoa, hau da, bertako pidgina. Pidgin hori garai hartan sortu eta ondorengo urteetan garatzen hasi zen; izan ere, euskara-islandiera hiztegiren bat badago, baina garai hartan ez zegoen oso garatuta. Hala, Migliok azaltzen digu zer-nolako arazoak egon zitezkeen hizkuntza aldetik, besteak beste, sarraskia jaso aurretik. Izan ere, baliteke arazo linguistiko baten ondorioz jazo izana gertakari hori.

Orokorrean, historialari bakoitzak bere ikuspegi historikoa eskaintzen du, baina ez onen edo txarren aldetik. Bakoitzak bere ikuspegia eskaintzen du, ikusleak gertatu zeneko ikuspegi osoa izateko, eta ulertu ahal izateko benetan zer gertatu zen.  

Elkarrizketez gainera, sarraskia birsortu gura duzue Islandian, ezta?

Bai, une hori orain apirilean grabatuko dugu, Islandian. Hainbat eszena izango dira, etxola barruetako hilketak, eta "ikusgarriena", kanpoaldean gertatu zena, Martin de Villafranca kapitaina hil zutenekoa.

Labur bada ere, konta egiguzue historia hori, zelakoak izan ziren hilketa horiek?

Euskal baleazaleak Islandian harrapatuta gelditu ziren. Baleen ehiza oso ona izan zen, eta etxera bueltatzeko zirenean, denborale batek itsasontzi guztiak suntsitu zituen. Danimarkako koroak ez zuen onartzen irlan gelditzea behin horretarako lizentzia igarota; hortaz, euskaldunak legegabe gelditu ziren bertan. Horrenbestez, tripulazioak apurka-apurka banatzen hasi ziren, talde txikietan, irlan barrena. Hortaz, ez zen sarraski bakarra eta handia izan, ugariak barik.

Dokumentalari "Baskavigin" izena jarri diozue. Zer esan gura du?

Bitxia bada ere, hemen, Euskal Herrian, historia hori ez da oso ezaguna. Orain dela gutxi prentsan agertu zen Islandian euskaldunak hiltzea onartzen zuen legea indargabetu zela, eta ondorioz horren inguruko interesa piztu da gurean. Hala ere, Islandian oso ezaguna da gertakari hori, eta horren inguruko dokumentu historiko asko daude, gainera. Dokumentalaren narratzailea pertsonaia historiko bat da: Jón Guðmundsson. Tipo hori Islandiako garaiko eruditua zen, eta, dirudienez, euskaldun haien laguna. Berak ez zuen sarraskirik nahi, eta hilketak jazo zirenean, horren guztiaren nondik norakoak azaltzeko liburua idatzi zuen; eta horren ondorioz, irlatik kanporatu zuten. Liburu hori oraindik ere Islandiako Museo Nazionalean dago. Lan horren izena "Spánverjavígin" (Espainolen sarraskia) da, baina guk "Baskavigin" izena jarri gura izan diogu, zehatzagoa delako, ondo geratzen delako eta interesgarria delako.

Zelan otu zitzaizuen gertakari horren inguruko dokumental bat egitea?

Unibertsitateko irakasle batek esan zigun Islandiako idazle bat zebilela euskal baleazale batzuen inguruko liburu bat osatzen. Aner horretaz interesatu zen, eta idazleagaz harremanetan hasi zen. Idazleak ideia garatuta zuen, baina azkenean beste bide batetik jo, eta kontu hori bertan gelditu zen. Gertakari historiko horrek jakin-mina piztu zion Anerri, eta bere kabuz ikertzen hasi eta Guðmundssonen liburua irakurri ondoren, gaia azaldu zigun; ikusi genuen abenturen pelikula batek behar duen guztia zuela gertakari historiko horrek. Berez kontatuta zegoen bezala, gidoi on baten gako guztiak zituen. Abenturen istorioa, jendea irla batean harrapatuta, etxera bueltatzeko orduan ekaitza bueltatu ezinik geldituz, intriga politikoak, biolentzia... Gidoi on baten antza zuen, eta gainera historikoa da. Hala, materiala bazegoela ikusita, hori lantzea erabaki genuen. Istorio horretaz maitemindu ginela esan genezake; osagai guztiak ditu istorio on bat izateko.

Aurretiaz mota horretako lanik egin duzue?

Ez. Unibertsitatea amaitu ostean, Madrilen ibili gara lanean, lau urte. Denbora tarte horretan, besteak beste, film laburrak egin ditugu, eta esanguratsuena Mi lucha izan zen. Horregaz sari asko jaso genituen, eta Oscar eta Goya sarietarako aurre-hautaketan egon ginen. Ondoren, krisi ekonomikoaren ondorioz, Madril oso geldirik zegoenez, gurera bueltatu, eta hemen ekoiztetxe bat sortzea erabaki genuen. Hala, 2013tik horretan gabiltza, eta oso ondo joan zaigu. Hainbat gai jorratu ditugu: bideo korporatiboak, instituzionalak, infografiak... Hala ere, guk benetan produkzio propioak, fikzioak eta dokumentalak egin gura ditugu. Hala, hau da gure lehenengo egitasmo "handia". Dokumentala eta fikzioa barnebiltzen ditu, horrek dakarren aurre-prestaketa, grabaketa eta postprodukzio guztiagaz.

Zelakoa izan da mota horretako proiektu handi batean murgiltzea?

Orain arte egindako proiekturik handiena dugu hau. Bestelako fikziozko proiektu batzuekaz alderatuta, gurea aurrekontu txikikoa da; hala ere, guretzat  oso handia da aurrekontu txiki hori! Kontua ez da gutxi ala asko izatea, baizik eta eskalagaz jokatzea. Aurrekontua kontuan izan behar dugu zer egin ahal dugun eta zer ez jakiteko, eta uste dugu ondo egiten ari garela. Eszena bat grabatzerako orduan, ondo planifikatu behar dugu, ditugun baliabideakaz ahalik eta ondoen grabatu ahal izateko. Film laburren mundutik gatozenez, oso kontuan hartzen dugu hori.

Nortzuek osatzen duzue taldea?

Aitor Aspe zuzendaria da; dokumentala Aner Etxebarriak idatzi du, eta Katixa de Silva produzitzen ari da. Horrez gain, fotografia-zuzendaritzan Zaragozako Jorge Roig dabil, eta Josemi Laspalas nafarra arte-zuzendaritzako arduraduna da. Guztiok nahiko gazteak gara, baina oso gogotsu gabiltza lanean, eta hori emaitzan nabaritzen ari dela uste dugu.

Dokumentala Donostiako Zinemaldian aurkeztea aurreikusi duzue. Zer itxaropen duzue?
Gure buruekiko apeta oso serio hartzen ari gara, kontu bigatik. Alde batetik, jaialdi hori oso garrantzitsua delako, eta horretan aurkezten diren lanen mailan egon gura dugulako. Horixe da gure helburua, eta ziur gaude lortuko dugula. Bestetik, denbora-kontuak asko baldintzatzen gaituelako. Izan ere, dagoeneko Islandian grabatzen ez bagaude baldintza klimatologikoengatik besterik ez da, ez duelako zentzurik hilketak jazo ziren tokira joatea grabatzera, orain arte ezinezkoa bada bertara heltzea. Eragin handia du epemuga bat izateak, dena 10 egunean ondo grabatu behar izatea, ondoren editatu ahal izateko eta soinua gehitzeko; ostean paraleloki infografia guztiak sortu behar direlako, eta efektu bisualak gehitu, Zinemaldian aurkeztu ahal izateko.

Behin dokumentala Zinemaldian aurkeztuta, uste dugu harrera oso ona izango duela. Azaltzen dugun istorioa oso indartsua da, eta Donostiagaz duen lotura izugarria da. Espero dugu jendeari gustatzea, eta, batez ere, denboran barrena bidaia txikia egitea zer kontatzen dugun ondo ulertzeko, eta ez mendekuzko ikuspegi batetik. Egia esanda, sarraskia alde batera utziz gero, kontatzen duguna oso polita da; ezaugarri historiko interesgarri ugari azaltzen ditugu, esaterako balearen ehiza eta koipearen tratamendua zer-nolakoa zen.

Gure ideia, halaber, jaialdietan dokumentala aurkezteaz gainera, lanak ibilbide komertziala izatea ere bada. Hala ere, historia ezagutaraztea da garrantzitsuena guretzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun