Algortako sexu erasoaren ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 31a, 10:20

Domeka goizaldean Algortan jazotako sexu erasoaren ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzemandakoa 19 urteko gizonezko bat izan da.

Erasoa goizeko 06:30ean jazo zen; erasotzaileak Algortako metro geltokitik jarraitu zuen emakume gazte bat, hura etxeko aparkalekura heldu arte. Bertan, sexualki eraso egin zion, eta hura defendatzen saiatu izan zenez, aurpegian kolpeak ematen hasi zitzaion, biktimak salatu duenez. Horren ondorioz, emakumezkoa Gurutzetako Ospitalean artatu behar izan zuten.

Biktimak salaketa aurkeztu eta gero, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen atzo, astelehenean, arrastian.

Erasoaren berri izan ondoren, Udalak gaitzetsi egin zuen bortxaketa, eta bi elkarretaratze deitu ditu gaurko: 12:00etan, udaletxeko eskaileretan; eta arratsaldean, 19:30ean, Telletxe plazako puntu morean. Algortako mugimendu feministak bigarren deialdi horregaz bat egin du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun