Elkarrizketak

Jonathan Castroviejo: "29 urtegaz, badut denbora bete-betean asetuko nindukeen garaipen hori lortzeko"

Joseba Derteano Bilbao - Anboto 2016ko urr. 6a, 12:00
Jonathan Castroviejo Movistar taldeko txirrindulari itzubaltzetarra. © MOVISTAR

Urte hasieran eroriko larri bat izatetik, munduko txapelketan urreagaz amestera igaro da Jonathan Castroviejo (1987) txirrindulari itzubaltzetarraren gaurkotasuna. Algarven (Portugal) etapa baten osteko jaitsieran zale bategaz tupust egin eta, besteak beste, seigarren lepaornoa hautsi zuen otsailean. Errekuperazio delikatua gaindituta, azpimarratzeko moduko mailan dabil azken aspaldian. Europako erlojupeko txapelketan urrea irabazita, munduko txapelketan dominaren borrokan ibili gura du.

Nork esango zizun otsailean sasoi honetan garaipenez berbetan ibiliko zinela...

Bai. Egia esan, martxoan aurreratu izan balidate ze emaitza lortuko nuen handik hile batzuetara, ez nuen sinetsiko. Europako txapelketan urrea irabaztea garrantzitsua da. Daramadan denboraldiaren aurrean sari txiki baten modukoa izan da.

Gertaera traumatikoen ostean, bizitza ikusteko modua aldatu egiten omen da. Zuri antzerakorik gertatu zaizu?

Apur bat aldatu nau, bai. Bizitzarekiko ikuspuntuak areagotzen dizkizu eta, azkenean, ikasgaiak ateratzen dituzu: oro har, bizitzako edozein gauzarekiko errespetua izaten edo, bizikleta, berez, kirol arriskutsua dela onartuta, bizitzan benetan behar dena baino arrisku handiagoak ez hartzen ikasi dut, esaterako. Seguruenik, mentalki indartsuagoa naiz orain.

Bizikleta gainean ibiltzeko modua aldatu dizu?

Apur bat bai, beharbada ez zara mugaraino heltzen. Eta hori lasterketa batean sekula ez dudala eroriko handi edo larririk izan! Baina, hala ere, beti ematen dizu zer pentsatu. Txirrindularitzan badaude muga-mugan zabiltzan une batzuk, eta egoera horietan alferreko arriskurik ez hartzen ikasten duzu.

Fisikoki erabat errekuperatuta zaude?

Hezetasuna ez datorkit bat ere ondo. Noizean behin, tentsio handiko etapa luzeetan oraindik min izaten dut saman, eta apurtuta izan nuen orno zerbikalaren inguruan. Baina, tira, ez da ia ezer. Ukondoan, aldiz, min dezente izaten dut. Kubitu hezurra osatzeko jarri zidaten inplantea kentzeko ebakuntza bat aurreikusita dugu, azaro erdian. Ea ebakuntza eguna laster heltzen den, apur bat deserosoa da eta.

Errekuperazio fisikoa gogorra izan da. Eta psikologikoa?

Jendeak esaten dizu "bueno, hiru hilean ez duzu ezer egingo, atseden hartu eta lasai egon", baina buruari buelta asko ematen dizkiozu, eta, modu horretara, geldi egotea lasterketetan lehiatzea baino askoz gogorragoa da. Epe laburrerako helburuak jarri izan ditut. Helburu txiki bat jarri, eta hori gauzatzean beste bat ipini.

Ezagutzen zaituztenek zure izaera positiboa azpimarratzen dute. Txarto egonda ere, Rioko edo Tourreko hitzorduak, esaterako, beti buruan zeneuzkala.

Errekuperazio prozesuan gehien lagundu didan pentsamenduetako bat Frantziako Tourrera heltzeko lan egitea izan da. Parte hartzeko ilusio handia neukan. Arin eta ondo errekuperatzen saiatzeko motibazioa izan da. Eta ondo heldu nintzen. Tourra lehiatu baino hamar egun lehenago, Espainiako erlojupeko txapelketan bigarren amaitu nuen. Sasoi onean nengoen. Baina, jakina, zuzendari denek lez, gureek ere dudak zituzten, lesio larri bat igarotako txirrindulari bat Tourrera eraman ala ez, eta, azkenean, ez nintzen joan. Hurrengo helburua Poloniako itzulia izan nuen. Orduan, ez nekien Riora joango nintzen ala ez; joan baino sei egun lehenago jakinarazi zidaten hautatuen artean nengoela. Eta Riotik bueltan, ez nekien Espainiako Itzulira eramango ninduten. Horrela ibili naiz.

Rioko Joko Olinpikoetan lau segundora geratu zitzaizun brontzezko domina. Gustura zaude erakutsitakoagaz?

Oroitzapen onak ditut. Pozik nago. Garbi dago pena dela orain etxean domina olinpiko bat ez izatea, baina, joan aurretik, sinatuko nuen Rion egindakoa. Begira, iaz munduko txapelketan laugarren amaitu nuen, eta brontzezko dominatik hiru segundora geratu nintzen; Rion berdina gertatu zait. Amorru apur bat ematen dizu, bai, baina erakutsitako konstantziagaz geratzen naiz. Egin ditudan erlojupeko ia denetan lehenengo lauren artean sailkatu naiz. Hori oso garrantzitsua da etorkizunari begira.

Elkarrizketaren batean aipatu izan duzu zure palmares oparoan garaipen handi bat falta zaizula. Europako erlojupeko urrea izan da garaipen hori?

Ez dut uste. Espezialista batzuk falta ziren arren, garaipen garrantzitsua izan da, bai, baina nire helburua munduko txapelketan domina bat lortzen saiatzea izan behar da, eta zergatik ez urreagaz amestu? Badakit aurtengo ibilbidea ez dela nire dohainentzat aproposena, baina 29 urtegaz oraindik badut denbora bete-betean asetuko nindukeen garaipen hori lortzeko.

Zergatik diozu munduko txapelketako ibilbidea ez dela zuretzat aproposa?

Katarrek ez dauka desnibel txikienik ere. Ibilbidea erabat laua da. Ez diot niretzat ibilbide txarra denik, baina ni baino hogei kilo gehiagoko aurkarien kontra arituko naiz, eta hori desabantaila bat da.

Noiz joango zara Katarrera?

Urriaren hasieran abiatuko gara harantza, 9an jokatuko den taldekako erlojupekoari begira. Ondoren, banakako erlojupekoa hilaren 12an izango da.

Espainiako Itzuliak zer sentsazio utzi dizkizu?

Rioren ostean, apur bat nekatuta nengoen, eta motibazio handirik barik hasi nuen. Gerora, erritmoa hartu nuen, eta itzuli polita irten zait. Etapa denetan maila onean ibili naizela uste dut. Eta, jakina, Nairogaz itzulia irabazi dugu.

Nairo Quintanaren garaipena, inoiz baino gehiago, talde lanaren ondorioa dela iruditu zait. Movistar indartuta irten da Itzulitik?

Bai, batez ere taldeko garaipena izan da. Errealista izan beharra dago, eta, gaur egun, oso zaila da buruz buruko batean Froome gainditzea. Froomek erakutsi du erlojupekoan gehiago dela, eta mendian biak oso berdinduta ibili dira. Talde lana garrantzitsua izan da garaipena lortzeko.

Elkarrizketa originala Anboto.org-en topa daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun