"Txikia"ren memoria aldarrikatu dute dozenaka lagunek

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 28a, 17:26
Dozenaka lagunek Txikia plazaren izena mantentzea aldarrikatu zuten atzo.

Eustakio Mendizabal "Txikia" militante antifrankistaren oroimena gordetzeko asmoz, Algortako Txikia plazaren izena mantentzea aldarrikatu dute dozenaka lagunek. Getxoko hainbat eragilek elkarretaratzea deitu zuten atzo Udalak gune horren izena aldatzeko hartu duen erabakia salatzeko. "Txikia"ren senideak ere bertaratu ziren, eta ekitaldiaren ostean, lore-sorta bat eskaini zioten, euren babesa adierazteko asmoz.

Ekitaldi politikoari amaiera emateko, bertaratutako lagun denek Telesforo Monzonek Eustakio Mendizabali eskainitako abestia kantatu zuten.

Eustakio Mendizabal "Txikia" militante antifrankista hil zuen Espainiako Polizia Armatuak, 1973an Algortan. "Beste hainbat kasutan bezala, epaitua izan barik hil egin zuten Franco bizirik zegoela eta polizia faxista inpunitate osoz aritzen zela", salatu dute.

EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia

Imanol Landa Getxoko alkateak jakinarazi duenez, Udalak ez du errekurrituko Algortako Txikia plazaren izenari buruzko sententzia. EAEko Auzitegi Nagusiak plazari izena aldatzeko agintzen duen epaia eman du, eta alkateak adierazi du haren izenaren aldaketa bultzatuko duela. Hala, 1980ko maiatzaren 17an hartutako akordioa baliogabetuta geldituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun