Elkarrizketak

Battita Boloquy: "Herri-elkargo berriak ahalak ukanen ditu Hegoaldearekin zubiak eraikitzeko"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko aza. 28a, 12:00

HODEI TORRES

Battitta Boloquy baxenabartarrak berba egin zuen Ipar Euskal Herriko udalek herri-elkargo bakarra sortzeko hartutako erabakiaz, azaroaren 16an, Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatutako Iparra Galdu Gabe jardunaldien barruan. Iparraldeko Hautetsien Kontseiluko zuzendaria da Boloquy. Herria eta hizkuntza izenburuko mahai-inguruan parte hartu zuten berak eta Hélène Charrittonek, Baionako Etxepare Lizeoko zuzendariak.

Iparraldeko Herri Elkargoa urtarrilaren 1ean martxan ipiniko da. Lurralde-banaketari dagokionez, zelan aldatuko da egoera?

Orain badira Iparraldean hamar herri-elkargo, adibidez: Baiona, Angelu, Biarritz, Bokale eta Bidarte kudeatzen ditu elkargo batek; eta horrela badira bertze bederatzi. Hamarretatik batera pasatuko gara; hamar herri-elkargo horiek desagertuko dira eta, horien ordez, bat eginen da. Horien eskumenak herri-elkargo bakar horrek kudeatuko ditu.

Herri-elkargo bakarra izanda, baliabide gehiago edukiko dituzue, ezta?

Horretan da ezberdintasuna; erran nahi dut, alde batetik, aurrekontua, medioak... azkarrago izanen direla. Herri-elkarte horrek ahal gehiago ere ukanen du herri horiek ustiatzeko. Herri-elkargoko ogasunak pisu gehiago ukanen du, alde batetik, Akitania herri handiarekin; eta bestetik, kanpora begira, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoarekin, Nafarroarekin... negoziaketak, elkarren arteko eztabaidak edo proiektu komunak egiteko.

Zein ezaugarri edukiko ditu herri-elkargo berriak?

Herri-elkargo horrek eskumen asko izango ditu: enpresak non kokatu eta horien garapena nola landu; etxebizitza; ingurumena, hondakinen tratamendua eta uraren kalitatea; hizkuntza politika; kultura; hurbiltasuneko zerbitzuak... horiek denak ustiatuko ditu herrientzat.

Gaur egungo egoerara heltzeko zein pauso eman behar izan dituzue?

Iparraldean bada aspaldidanik instituzio baten arazoa mahaiaren gainean pausatua; ez zen gehiengo bat atera duela 25 urte instituzio bat sortzeko. Orduan, bi elkarte sortu ziren: Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua.

Zelako lana egin dute elkarte bi horiek?

Horiek erabili dute 25 urtez zenbait adar garatzeko. Hizkuntzari buruz, adibidez, lan asko egin izan da; baita lurrari eta beste gai batzuei buruz ere. Denbora luze horretan, gizarte zibilak eta hautetsiek kontuan hartu dute egiten ahal zen lana tresna horiekin egin zela, baina, orain beste instituzio bati buruz behar zela joan. Koska hori 2009an hasi zen; Frantzia mailan izan zen erreforma bat eta, erreforma horretan, orain arte Euskal Herriak zuen ezagutza desagertzeko arriskuan izan zen. Orduan, Hautetsien Kontseiluko ordezkariak Garapen Kontseiluko sostenguarekin harremanetan sartu ziren nazional mailako ordezkariekin, gobernuekin... eta abiatzeko gogoeta egin zuten, ikusteko nola Iparraldean zerbait sortzen ahal zen. Lehen proiektu bat asmatua izan zen: kolektibitate berezi bat sortzea Iparraldearendako... Hori proposatua izan zen Gobernuari, 2012an.

Hala ere, Frantziako Gobernuak ez zuen proposamena aintzat hartu.

Bai. Horri buruz, Gobernuak ezetza eman zuen; baldintzak ez ziren orduan, eta lege bat behar zen nazional mailan horrelako proiektu bat sortzeko. Ez zen egin. Horren ordez, Estatuak proposatu zuen 2014an, Frantzian egiten zen erreforma orokor batean, herri-elkargoak eraberrituak izango direla Frantzia guztian. Orduan, Estatuak proposatu zuen Iparraldeko hamar herri-elkargo horietatik bat egitea. Hor, bazela gako bat instituzio berezi bat sortzeko, Hautetsien Kontseilua hamar herri-elkargoetako ordezkariekin lanean hasi zen horri begira; ikertu zuen zein ondorio ematen ahal zen.

Eta bozketa egin zenuten.

Hor, adostasun bat atera da, kontrakoak ere izan dira... Baina, joan den udaberrian prefetak proposatu zuen herriak bozkatzeko, herrien iritzia jakiteko, baita biztanleena ere. Herrien %71 eta biztanleen %66 atera da herri-elkargoaren alde. Gehiengo handia izan da proiektu berriaren alde eta, hori ikusiz, prefetak erabakia hartu du herri-elkargo bat egiteko, 2017ko urtarriletik goitik. Hara zer izan den gure prozesua proiektuari buruz. Bidean oztopoak ere izan dira; bada, nola erran, kontra direnak proiektu horri begira, eta hainbat arazo ematen dituzte mahaiaren gainean.

Euren ustez zeintzuk lirateke arazo horiek?

Herri-elkargo berri horrek 232 hautetsi bilduko ditu; legeak ematen du hori, zeren eta herri bakoitzak gutxienik ordezkari bat behar du, eta, gero, herri handiek gehiago badute. Oraingo moduan, baserriko herriek gehiago pisu ukanen dute herri-elkargo horretan; orduan, zenbait hautetsi beldur dira desoreka horrek problema batzuk sor ditzan. Hori izan da kontrakoen iritzia.

Kontrakoen iritzia hori da; baina, aldekoek zer iritzi diote gai horri?

Aldekoek erran dute, hala izanik ere, ordenantza berezi bat asmatzen aldera eta sartzearen alde, horrek ongi funtzionatzeko. Bi puntu baikor ikusten dituzte alde direnek: alde batetik, herri-elkargo handi bat ukaitea, Akitania Berrian, 300.000 biztanle pisatzen duen elkargo batek, ahal gehiago ukanen duela negoziatzeko, bai eskualdearekin, bai mugaz bestaldeko lurraldeekin. Bestetik, anbizio handiko politika publikoak ezartzen ahal direla ikusten dute. Azkenik, horrelako instituzio batek Euskal Herriaren instituzio problema konpontzen du; arazo horri erantzun bat ematea bada.

Hala ere, urtarrilera bitartean lan handia egiteko dago oraindino, ezta?

Bai. Momentuan bada lan-talde bat; astearte arratsaldetan biltzen da. Erabakitzaile-talde hori ari da ikertzen herri-elkargoaren eskumenak zertan izango diren, 2017ko aurrekontuan nola prestatu, langileria zertan izango den herri-elkargo horretan... Bataz beste, 1.250 langile ukanen ditu herri-elkargoak; horiek kudeatu eta gero, formazio-sistemak zelan kudeatu... horiek denak ari dira ikertzen, urtarrilaren 1ean prest izateko.

Herri-elkargo hori urtarrilean bilduko da lehen aldiz; lehendakaria, lehendakariordeak... bozkatuak izanen dira, eta hor denak hasiko dira...

Zer uste duzu Hego eta Ipar Euskal Herria hurbil edo urrun daudela?

Hurbil, bihotzean; eta urrun, berdin egiteko politika publikoetan. Desoreka eta desberdintasun handiak badira; instituzioen eskumenak ez dira berak. Baina, nik pentsatzen dut Iparraldean sortuko den tresna horrek eskumenak emanen dituela Iparraldeari Hegoaldeko instituzioekin orain arte baino lan gehiago egin ahal izateko. Eta instituzio berriak mugaren alde bietako euskal herritarren arteko zubiak eraikitzen lagunduko du; Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubiak, alegia. Eta herri-elkargoak ahalak eta eskumenak ukanen ditu zubi-lan hori egiteko.

Baliagarriak ikusten dituzu Iparra Galdu Gabe bezalako jardunaldiak, mugako alde bietako bizilagunen arteko harremanak sendotzeko, batean eta bestean egiten diren ekimenak ezagutzeko?

Iparra Galdu Gabe jardunaldietan, azaroaren 20an izandako mahai-ingurua biziki interesgarria da guretzat; baita bertan izan zirenentzat ere, Iparraldean nola lanean ari garen ikus dezaten. Zubi horiek arrunt beharrezkoak dira gizarte zibilaren artean, hautetsien artean... Guk duela 20 edo 25 urte hasi genuelarik gure lana Iparraldearen etorkizunari buruz, argi zen mugaz bi aldeetako harremanak eta kooperazioa behar zirela elkartu; Iparraldearen etorkizuna, ekonomia eta beste sail asko, kooperazio horren inguruan sortuko zela argi zen. Guk falta genuen tresna zen Iparraldean instituziorik ez izatea; Iparraldeak, bere osotasunean, nekeziak baditu oraindaino, Hegoaldearekin loturak egiteko. Espero dugu, instituzio hori sortuz, gai askotan zubi horiek sortuko direla eta obratuko direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun