Garazi Sanchezek Euskal Surf Zirkuituaren txapela jokatuko du aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 13a, 19:19
Garazi Sanchez, artxiboko irudian. © LAURENT MASUREL - WSL

Garazi Sanchez Ortun surflari getxoztarrak azken ahalegina egin behar izango du zapatuan eta domekan Mundakan, Euskal Surf Zirkuituaren sariketako txapela jantzi gura badu. Getxoztarrak 2.000 puntu ditu sailkapen orokorrean eta bigarrena da, Janire Gonzalez-Etxabarrirengandik 25 puntura.

Asteburu honetako proba zirkuituaren laugarren eta azkena izango da. Garazi Sanchez onena izan zen Sopelako eta Getariako olatuetan. Lehenengo proban, ostera, Iara Dominguez iruindarra nagusitu zen Donostiako Zurriola hondartzan.

Bestalde, Jatyr Berasaluze sopeloztarrak oraindino badauka aukera txapela janzteko. Berasaluce gizonezkoen sailkapeneko hirugarrena da, Imanol Yereguirengandik 790 puntura. Azkenik, Sara Urresti sopeloztarra zortzigarren lekuan dago eta ezin izango du bere posizioa hobetu, sailkapeneko lehenengo lau emakumeentzako proba izango baita Mundakakoa.

Mundakako itsasadarreko ezker olatuak baldintza egokiak izango ez balitu, proba Bakioko hondartzan burutuko litzatekeela iragarri du Euskal Herriko Surf Federazioak.

Euskal Surf Zirkuituaren emakumezkoen sailkapena

  1. Janire Gonzalez-Etxabarri (ZISKE), 2.025 puntu
  2. Garazi Sanchez (GST), 2.000
  3. Mikele Beato (ZSE), 1.895
  4. Mireia Molini, 1.895
  5. Iara Dominguez (GIST), 1.860
  6. June del Campo (GIST), 1.720
  7. Ainara Aymat (ZSE), 1.400
  8. Sara Urresti (PTX), 1.400

Euskal Surf Zirkuituaren gizonezkoen sailkapena

  1. Imanol Yeregui (ZISKE), 2.860 puntu
  2. Hodei Collazo (ZSE), 2.590
  3. Jatyr Berasaluze (BRA), 2.070
  4. Norman Landa (GIST), 1.860
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun