Aurtengo lehenengo esku-hartzeak hasi dira Begoñako galerietan

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 4a, 17:31

Aurtengo lanak aurkeztu dituzte Begoñako galerietan. © GETXOKO UDALA.

Aretoa iragazgaiztea, hegoaldeko galerian sabai aizunen eskoratzea, aretoaren azpiko espazio berriko sarrera egitea, igogailu panoramiko bat jartzea eta hegoaldeko galerian sarrera berria egitea izango dira 2017ko lehenbiziko lanak Begoñako galerietan.

Imanol Landa Getxoko alkateak azaldu duenez, datozen asteetan martxan jarriko dituzte urte honetarako aurreikusita dauden lanak Begoñako galerietan, "EHUk eta Getxoko Udalak galeriei balioa emateko proiektuan duten lankidetza estuaren harira". Landak esan duenez, honako lan hauek egingo dituzte lehenik: "areto nagusia irazgaiztuko dugu, hego galeriako sabai faltsuak eskoratu, aretoko behealdeko eremu berrirako sarbidea jarri, igogailu panoramiko bat instalatu eta hegoaldeko galeriatik sartzeko gune berria egin".

Bestalde, Arturo Mugak, EHUko Zientzia Garapen eta Transferentziarako erretoreordeak, unibertsitatearen eta Udalaren arteko elkarlana azpimarratu du: "Instituzio biren arteko koordinazioari esker proiektu konplexuak modu arrakastatsuan aurrera atera daitezkeela erakusten ari gara. Errekurtsoak eta ezagutzak partekatuz lortzen diren sinergiak direla eta lortu dugu, bestela ezinezkoa litzateke".

Urko Balziskueta udal arkitektoak azaldu duenez, lanon helburu nagusia da "eraikinera iristeko modua hobetzea bertako espazioen erabilera errazteko eta galerietan aurkitutako arazo premiazkoenetako batzuk konpontzeko lanak martxan jartzea".

EHUren parte-hartzea funtsezkoa izan da lehen lanak abian jartzeko eta lanen irismena mugatzeko, Juanma Madariaga proiektuko ikertzaile nagusiak esan duenez. "Gure ikerketei esker, galerietako arazoak aztertu ahal izan ditugu, konponbideak proposatu eta obrak kontratatzeko beharrezko espedienteen proiektuak ikuskatu. Gainera, aretoa irazgaitzeko lanean esaterako, arazoaren fokua aurkitu dugu, eta mugarritu; horren ondorioz, konponbide askoz lokalizatuagoa eta ekonomikoagoa proposatu dugu".

Areto nagusia iragazgaizteko lanak

Galerietako areto nagusiaren arazo handienetako bat ura da. Hain zuzen ere, aretoaren gainean ur putzu bat sortu da, eta urak behera pasatu eta kalte egiten die egiturari, hormei eta pinturei, eta itoginak ere eragiten ditu. Hori dela eta, 2017ko bigarren seihilekoan, arazoa aurkitu den gunea irazgaiztuko da. Horri esker, aretoa apaintzen duten elementu eta materialak babestuko dira, eta aretoa gutxieneko konfortagaz erabili ahal izango da galeriei balioa emateko prozesu osoan.

Hego galeriako sabai faltsuen eskoratzea

Hego galeriako sabai faltsuen egoera ez da ona. Zenbait zati jausi egin dira eta beste batzuk edozein momentutan erortzeko arriskuan daude. Ondorioz, beharrezkoa da gune handi hori estaltzen duen sabai faltsua eskoratzea.

Elementu hori osatzen duten hormigoizko plaken egoera oso ezberdina denez, udal arkitektoak zera azaldu du: "Lanak hasi aurretik aztertu egingo dugu sabai faltsuaren zein parte eskoratu behar den eta zein desmuntatu behar den".

Gainera, sabai faltsuen balio didaktikoa aprobetxatzeko asmoz, egoera txarrean dauden zenbait gune, desmuntatu beharrean, mantendu egingo dira (beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta) eraikinaren parte hori nola eraiki zen erakusteko galeriak ezagutzera datozen bisitariei. 

Aretoaren beheko eremurako sarbidea

Azaldu dutenez, "ezusteko handia" izan da areto nagusiaren behealdean beste gune bat aurkitzea, eraikinaren planoetan ez zelako ageri. Eremu horrek areto nagusiaren antzeko neurria du, eta apirilean hasiko dira bertara sartzeko bidea lantzen. Urko Balziskuetaren berbetan, "gune horretan aretoko forjatuaren egitura eta zimenduak nola dauden ikus daiteke, baina horretarako sarbide seguru bat jarri behar da". Denboragaz, leku hori galerietako aurkikuntzak eta jarduerak azaltzeko erakustoki gisa erabiliko da.

Igogailu panoramikoa

Aurreikusita zegoen bezala, urteko bigarren hiruhilekotik aurrera errazagoa izango da galerietara iristea, igogailu bat instalatuko baitute Ereaga hondartzaren pareko sarreran. Begoñarako aukeratutako igogailua panoramikoa da atzealdetik, eta eraikinaren aldera eta hondartzako zenbait gunetara emango du. Galeriek ondare gisa duten balioa dela-eta, eta galerietan inpaktu bisual eta fisiko ahalik eta txikiena eragite aldera, eraikinagaz bat datorren diseinua hautatu da. Hiru geldialdi egingo ditu, 9 pertsona eta 675 kilogramo hartzeko edukiera izango du, eta altzairu herdoilgaitzez egina egongo da. Martxoan hasi dituzte igogailua instalatzeko lanak.

Begoñarako sarbide berria ipar-mendebaldeko galeriatik

Gaur egun, ez dago sarbiderik ipar-mendebaldeko galeriaren kanpoaldetik (Arriluzeko Gurutze Gorriaren eraikinaren aurreko lorategietatik). Horrenbestez, teknikariei, ikertzaileei eta gune horretatik kanpoko bisitariei pasatzen uzteko sarbide bat jarriko da, hondartzaren pareko sarbidearen antzeko egitura baliatuta. "Zur naturalezko egitura bat da –esan du udal arkitektoak–; izan ere, bi sarbideetatik jende asko ibiltzen da, eta eraikinarekin bat etorriko den irtenbide propioa lortu nahi da, material eta baliabide ahalik eta gutxiena kontsumituta". Urteko hirugarren hiruhilekoan hasiko dira lanak.

Bisita gidatuak

Apirilaren 1etik uztailaren 30era bitartean galeriak bisitatzeko aukera dago. Landak esan duenez, "aurtengo bisita gidatuek beste formatu bat izango dute; ibilbide gidatuaz gain, hilero erakusketa desberdinak jarriko ditugu, proiektuaren aurrerapenak azaltzeko. Elementu dinamikoen eta dibulgatzaileen bitartez erakutsi nahi ditugu EHUk egindako ikerketak, eta elementuok hilero aldatu, lanak modu bisual eta erakargarriago batean azaltzeko". Apirilean, erakusketa galerien azpiko flysch motako labarraren ingurukoa izango da.

Gainera, abuztu osoan doan sartu ahal izango da galerietara, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta ez da bisita gidaturik egingo. Orain arte bezala, aurrez izena eman behar da udal webgunean edo Turismo Bulegoko 94 491 08 00 telefono zenbakian.

Webgune berria

Azkenik, Imanol Landak duela aste gutxi sortu zen webgune berria aurkeztu zuen: www.puntabegona.eus. "Herritarrei galeriak nabarmentzeko proiektuaren inguruan gertatzen diren berritasun eta aurrerapen guztien berri eman nahi diegu", esan du Landak. Webguneak askotariko edukiak biltzen ditu: galeriak eraiki aurretik Begoña nolakoa zen jakiteko informazioa; proiektuari, haren ardatzei eta orain arte egindako lanei buruzko informazioa; argazkiz eta planoz osaturiko artxibo bat, aberastuz joango dena; eta proiektua aurkezteko eta testuinguruan jartzeko bideoak, besteak beste. Horrez gain, blog bat ere badu, dinamikoagoa, proiektuaren inguruko azken berriak zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun