Elkarrizketak

Imanol Uria Albizuri: "Bertsolaritzak euskarazko eremuak bermatzen ditu"

Ander Zarraga 2022ko urr. 7a, 11:59

Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian arituko da lehen aldiz Imanol Uria Albizuri. Gainera, Jone Uria bere arrebagaz batera eskualdeko ordezkari bakarrak izango dira lehiaketa horretan. Algortarrak hainbat urte daramatza bertsolaritzan, baina salto hori emateak zer sentiarazten dion galdetzeko eta beste hainbat kontuz galdetzeko beragaz egon da HIRUKA. 

Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko duzu lehen aldiz. Nola sentiarazten dizu horrek?

Egia esan, oso gogotsu nago; duela bost urte ordezko geratu nintzen, eta orduan ere gogo handia nuen kantatzeko. Oraingoan ere ordezko geratu naiz, baina Etxahun Lekuek ezezkoa eman duenez, parte hartzeko aukera izango dut. Egia esan ilusio handiarekin nago, azkenean, Txapelketa Nagusia jende askok ikusten du eta erakusleiho handi bat da. Bizkaikoa hemengoek edo oso bertsozaleek bakarrik ikusten dute; bestea Euskal Herri osoan ikusten da. Futbolarekin konparatuta, bertsolaritzako Champions-ean jokatzearen modukoa izango litzateke.

2012an parte hartu zenuen aurrenekoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Nolakoa izan da Bertsolari Txapelketa Nagusira ailegatzeko ibilbidea?

Oraindik urduritasun puntu hori mantentzen dudala esango nuke. Baina, beste aldetik, egia da lasaiago igotzen naizela taulara: 2012an, 18 urte bete berritan, nahiko urduri egon nintzen, eta ez nuen oso ondo egin. Horrez geroztik, lasaiago joan naiz, eta, egia esan, ez ditut emaitza txarrak lortu. Zenbat eta saio eta txapelketa gehiago egin, orduan eta lasaitasun gehiago ematen dizu, eta zuri geratzearen beldur hori galtzen zoaz; hobeto kantatzen saiatzen zara eta bertsotan gehiago esateko aukera duzu.

Ibilbide horretan ALBEk zein leku izan du?

Oso paper garrantzitsua izan du. Hasieran, bertso-eskolara etorri aurretik, ikastoletan egiten den lanari esker hasi nintzen LH bosgarren edo seigarren mailan, 10 edo 11 urte nituela. Orduan, Fredi Paia etortzen zitzaigun ikastolara. Hortik, 18 urte bete arte, bertso-eskolak berebiziko papera izan du, irakasle baten figura izan dugulako astero praktikatzeko, aholkuak emateko, eta, azken finean, irakasteko. Horren ondoren, gauza autonomoagoa bihurtu da; orain gu geratzen gara irakasle barik praktikatzeko eta elkarri aholkuak emateko. Gainera, bertso-eskolan geratzen gara bertako jendearekin. Gaur egun, beste irakaste-sistema batzuk erabiltzen dira, baina gure garaian, duela 20 urte, bertsoak idatziz egiten hasi ginen, eta gero pasatu ginen zuzenean inprobisatzera. Orain, sistema ezberdinak daude, asko zuzenean inprobisatzera pasatzen dira, eta, aldi berean, idatzizkoa ere tartekatzen dute. Bakoitzak bere onurak ditu, baina, orokorrean, jendeari gehiago kostatzen zaio idatzizkotik bat-batekora pasatzea, alderantziz baino. Kasu horietan, jendea saiatzen da bertso osoa bere buruan sortzen eta gogorarazten gero kantatzeko.

Parekidetasuna
"Emakumeen kopurua handitzen doa, eta gizonezkoen pare dago orain, baina erdizka lortu den zerbait da, azken finaletan eta finalerdietan gizonek gehiago egiten dutelako aurrera. Beraz, demokratizazio hori txapelketen azken pausoetan ere eman beharko litzateke parekidetasuna erabatekoa izateko; ez dadila izan Lujanbio finaletan ikusten dugun emakume bakarra izan"

Zentzu askotan, ALBE erreferentea dela diote askok, bai eskualdean baita Euskal Herrian ere. Zergatik uste duzu dela hori?

Gure aurretik egon direnek lan handia egin dute bi alorretan: alde batetik, eskualdeko ikastola eta eskoletan bertso-eskolak txertatu dituzte eta jendea bertso-zaletu dute; eta, beste aldetik, eskualde mailan ere bertso-saio eta jaialdi asko antolatu dituzte. Horrek indar asko eman dio bertsolaritzari, zaletasuna sortzen delako, eta inguruko herri guztietan saiatzen gara saioak antolatzen. Horren atzean lan handia dago, ikastetxeetara, jai-batzordeetara eta udaletxeetara joan behar delako proposatzera; zuk aukera proposatzen ez badiezu, askori ez zaie okurritzen horrelakorik egitea. Horrez gain, lana suposatzen duten beste hainbat gauza ere egiten dira, eta horrek bere fruituak ere eman ditu. Berez, sortzez eta izenez Algortako Bertsolari Eskola bada ere, gaur egun zalantzarik gabe eskualdeko bertso-eskola da, bai Sopela, bai Leioa, bai Berango hartzen baititu, eta inguruko herrietako jendea gugana datorrelako bertso-saioak eta -eskolak antolatzeko. Beraz, esango nuke eskualde mailan erreferente bat dela, bai.

Bertsolaritzak euskalduntze-prozesuan ere zer nolako garrantzia dauka?

Nik uste dut bertsolaritzak eragin handia daukala euskalduntze-prozesuan, guretzat eskualdean euskaraz egiteko eremu bat bermatzen digulako, bai gure artean baita hurbiltzen zaigun edonorekin ere. Eskualdean edo inguruan, zoritxarrez hori ez da normalena, edo ez da orokorrean geratzen den zerbait. Nik kuadrillako lagun bat daukat bertso-eskolan sartu zena ikastolan geundenean, berak bere euskara maila hobetu nahi zuelako, besterik gabe. Berak ikusi zuen bertso-eskola inguru euskaldun bat zela eta jendearekin euskaraz egitea bermatuta zuela. Azkenean, horren ondorioz, bera eta bere inguruko asko ere bertso-zaletu dira. Beraz, esan dezaket guk giro euskaldun hori ziurtatzen dugula eta horrek euskalduntze-prozesuan ere eragina daukala.

Fisika ikasitakoa zara; bateragarriak dira fisika eta bertsolaritza?

Egia esan, ez dakit bertsolaritza fisikarekin lotura nola egin daitekeen. Egia da fisikan beti bete behar diren lege batzuk daudela, eta bertsolaritzan ere legeak daudela, eta bete ezean puntuazioan eragina izango dutela, baina ez da zehazki bete behar den zerbait. Gainera, zientzian oso objektiboak eta zehatzak izaten saiatzen gara, aldiz, bertsolaritza oso gauza subjektiboa da: arau batzuk daude bete behar direnak (metrika, errimak…), baina bertso berdina hamarrekoa izan daiteke batzuentzako eta zazpikoa besteentzako. Matematikan eta fisikan, aldiz, formulak ondo edo oker daude, bai ala ez da. Zientzietatik gatozenok frustrazio hori izan dezakegu subjektibotasun puntu horregatik, pentsatzen dugulako ea zergatik ezin daitekeen formula batekin zehaztu eta bertsoak modu zehatzean neurtu. Azkenean, artearen gauzekin gertatzen den bezala, margolan bat gustatu ahal zaizu ala ez, baina ezin diozu nota bat jarri irizpide erabat objektiboen arabera.

Imanol Uria urriaren 9an Lizarran egingo den Txapelketa Nagusiko lehen faseko azken saioan arituko da. 

Irakasle zabiltza orain. Nahiago zenuke ikerketan edo beste arloren batean aritzea?

Berez, fisika ikasi nuen, eta tematu ez arren, nire ideia ikerkuntzan aritzea zen, baina, masterra egiten ari nintzenean, irakaskuntzan sartzea erabaki nuen. Azkenean, ni bertso-eskolan ere irakasle aritu naiz eta gustatzen zait klaseak ematea. Hala ere, enpresa batean sartu nintzen, eta mundu horretan ibili naiz lau urtez. Interesgarria egiten zitzaidan arren, aita izateko asmoarekin, lan-baldintzak eta ordutegia ez ziren oso bateragarriak kontziliaziorako, beraz, irakaskuntzara salto egiteko erabakia hartu nuen.

Irakasle, goi-mailako bertsolari eta, orain, aita. Zelan daramazu hiru betebehar horiek batera uztartzea?

Ez pentsa, zorionez edo zoritxarrez ez naiz goi-mailako bertsolaria; ez ditut hainbeste plaza, eta ditudanak hemendik hurbil daude. Beraz, alde horretatik, ez naiz astebururo mugitu behar urrun dauden saioetara. Gainera, bikotekidea ere bertsozalea dut, beraz, saioetara etortzeko prest dago. Alaba ez dakigu nolakoa izango den, oraingoz saioetara doa, eta ez da kexatzen.

Bertsolaritza eta fisika
"Zientzietatik gatozenok frustrazioa izan dezakegu bertsolaritzaren subjektibotasun puntu horregatik, pentsatzen dugu ea zergatik ezin daitekeen formula batekin zehaztu eta bertsoak modu zehatzean neurtu"

Zer eman dizu bertsolaritzak?

Hasteko, niri bertsolaritzak lagun kuadrilla handi bat eman dit. Txikitako eskolako lagunez gain, badaukat bertsolaritzari esker ezagutu dudan lagun-talde handi bat. Uste dut hori oso aberasgarria dela, hainbat saio eta jarduera egiten ditugulako elkarrekin. Horretaz gain, giro euskaldunago bat ere eman dit, kuadrillan lagun euskaldunak izan arren, askotan gertatzen den bezala, euskara ez dakien jendearekin zaudenean gaztelerarantz doan giroa sortu ohi delako. Pertsonalki, heldutasun puntu bat ere eman dit, mikrofonoaren aurrean jarri eta publikoa zain dagoenean, ziurtasun bat izan behar duzulako; adibidez, klaseak emateko niri oso ondo etorri zait hori. Horretaz gain, bertsolaritzak frustrazioa kudeatzen ere lagundu dit, beti ezin baita nahi den guztia lortu.

Oraingoan, zure arrebagaz batera arituko zara txapelketan. Gainera, Uribe Kostako ordezkari bakarrak izango zarete. Pikea egongo da zuen artean?

Aurrekoetan Xabi eta Fredi Paia aritu dira, baina Bizkaiko Txapelketan parte hartzeari utzi zioten, eta Euskal Herrikoan Bizkaikotik sailkatzen denez, aurten Jone eta biok joango gara. Uste dut bai Jonek bai nik helburu desberdinak ditugula a priori: ni lehen aldiz noa, eta nire helburua disfrutatzea da, hala ere, gustatuko litzaidake finalerdietan sartzea; Jonek, ordea, laugarren txapelketa du, eta guztietan sartu da finalerdietako bigarren bueltan, beraz, uste dut bere helburua izan beharko litzatekeela finalean sartzea. Bion arteko pikea egongo da, bai, baina bera abantailarekin doala esan dezaket. 

Bertsolaritzak emandakoa
"Pertsonalki, bertsolaritzak heldutasun puntu bat eman dit, mikrofonoaren aurrean jarri eta publikoa zain dagoenean, horrek ziurtasun bat ematen dizulako; adibidez klaseak emateko niri oso ondo etorri zait"

Abenduaren 18an Nafarroa Arenako oholtzaren gainean ikusten duzu zure burua?

Oholtza gainean egotea oso-oso zail ikusten dut, baina publikoan ziur egongo naizela. Hala ere, itxaropena daukat Uriatar bat behitzat oholtza gainean egongo dela.


Hala izatekotan, zeinen arteko finala izatea gurako zenuke?

Esango nuke aurreko finalistak sartuko direla, eta horietaz gain hautagai batzuk daudela, batez ere emakume kuadrilla bat oso fuerte datorrena: nire arreba, Alaia Martin, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal… Egia esan, uste dut polita izango litzatekeela Maialen Lujanbio emakume bakarra izan duen oholtza horretan beste emakume bi edo gehiago sartzea. Hori da nire apustua. Oro har, emakume parte hartzaile kopurua handitzen doa, eta gizonezkoen pare dago orain, baina parekidetasuna erdizka lortu den zerbait da, azken finaletan eta finalerdietan gizonek gehiago egiten dutelako aurrera. Beraz, demokratizazio hori txapelketen azken pausoetan ere eman beharko litzateke berdintasuna erabatekoa izateko; ez dadila izan Lujanbio finaletan ikusten dugun emakume bakarra izan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun