Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egingo dute Getxon barikuan, San Nikolas plazan

Erredakzioa 2022ko aza. 14a, 08:00

Artxiboko irudia.

Getxoko Euskaraldiaren irekiera ekitaldia egingo dute barikuan, azaroaren 18an, ariketaren lehen egunean, Algortako San Nikolas plazan, udalerrian hori sustatzen duen batzordeak –Egizu, Bizarra Lepoan eta Udalak osatutakoa– antolatuta. Hasiera ospatzeko Euskaraldiaren Ahalduntze Eskola irekia egingo dute 18:00etatik aurrera, zalantzak argitzeko edo beldurrak uxatzeko, besteak beste; horretarako izen-ematea 688 65 30 42 zenbakira deitu edo emaila bidali beharko da euskaraldiagetxon@gmail.com helbidera. Ondoren, 19:00etan, irekiera ekitaldia hasiko da. Bertan, euskararen aldeko urratsak ematen ari diren zenbait elkarte beraien prozesuaz mintzatuko dira, ondoren, herritarrak gonbidatuko dituzte euren konpromiso eta erronkak idaztera, eta bukatzeko Ziztada & Rlantzaren kontzertua izango da.

Euskararen erabilera handitzeko ohiturak aldatzea helburu duen hizkuntz ariketaren hirugarren edizioa abenduaren 2ra arte izango da, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean. Aurrekoetan bezala, Getxon parte hartzaileek ahobizi (euskaraz ulertzen duten guztiekin beti), belarriprest (euskaraz dakitenei euskaraz egiteko eskatuz) edo irribizi (nahiz eta ez jakin, aldeko jarreragaz) rola aukeratu ahal izango dute. Aurrez aurreko izen-ematea, informazioa, txapa edo merchandaisinga eskuragarri izango da aipatutako hamabostaldian jarriko dituzten Euskaraldia bulego/dendetan hurrengo tokietan eta ordutegietan: Tangora etxean (Algortako etbd.98, Algortan), eguaztenetan, 09:00etatik 14:00etara eta eguenetan 17:00etatik 19.00etara; eta Getxo Elkartegian (Ogoño 1, Areetan) martitzenetan, 16:30etik 18:30era.

Gainera, Euskaraldiari buruzko informazio-totema jarriko dute Areeta-Romo artean, Ibaiondo kalean, azaroaren 14tik 21era eta 21etik 28ra Algortako Telletxe plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun