Portu Zaharreko jai-batzordeak agertokia jartzea "debekatu" diola deitoratu dute Algortako Gazte Txosnako kideek

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 22a, 17:08
Algortako Gazte Txosnak kontzertuak antolatu izan ditu Portu Zaharreko jaietan, besteak beste. © ALGORTAKO GAZTE TXOSNA

Azkenengo urteetan, urterik urtera txosnaren ondoan jarri izan duten agertokia jartzea "debekatu" die Portu Zaharreko jai-batzordeak Algortako Gazte Txosnako kideei, “bion egitarauak bateragarriak ez direlakoan”, deitoratu dutenez. Gazteek haien egitarau propioa osatu dute urtero txosnaren inguruan, “jaietan gazteontzako aisialdi eskaintza alternatiboa osatzeko”, eta egoera berri horren aurrean, sinadura bilketa abiatu dute gazteek.

Abuztuaren 11tik 14ra bitartean izango dira aurten Algortako Portu Zaharreko jaiak. Antolatzaileek buru belarri dabiltza egunotan festen ospakizunak prestatzeko zereginetan eta, besteak beste, Algortako Gazte Txosnako kideak ere buru-belarri ibili dira hilabeteotan haien “aisialdi eskaintza alternatiboa” osatu guran.

Azkenengo urteetan, gazteek haien oholtza propioa jarri izan dute euren txosnaren ondoan, askotariko ekitaldiak antolatzeko bertan, hala nola kontzertuak eta jolasak. Aurten, baina, deitoratu dute Portu Zaharreko jai-batzordeak “debekatu” egin diela agertokia jartzea, “haien ustez, bion egitarauak ez direlako bateragarriak”. Gazteek adierazi dutenez, saiatu dira azaltzen haien eskaintza “gehitu besterik ez duela egiten” eta “herriak ere esker onez hartzen duela beti”.

Hori dela eta, Gazte Txosnako kideek sinadura-bilketa bat abiatu dute Change.org plataformaren bitartez, haien lana babesteko eta jai-batzordearen erabakiaren aurka agertzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun