Elkarrizketak

Iskander Sagarminaga: "Zeharkaldiko azken hiru kilometroak bereziki latzak izan dira"

Nahia Martinez Gondra 2023ko abu. 18a, 10:19

Iskander Sagarminagak 11 ordu eta 3 minututan zeharkatu du Mantxako Kanala. © Iskander Sagarminaga

Hiru urteko itxaronaldiaren eta bi saiakeraren ostean, azkenean Iskander Sagarminaga igerilariak bere ametsa lortu du: abuztuaren 4an Mantxako Kanala zeharkatu zuen 11 ordu eta 3 minutuko denbora eginda. Ur Irekiak Galeako igerilaria da Sagarminaga, eta bere taldeko Riki Minguez Gabiña eta Iñaki Amorrortu Martinez algortarrakaz ibili da erronka berezi honetarako prestatzen. Gainera, bere bikotekidea eta ilustratzailea den Eider Eibarren laguntza ere jaso du, izan ere, zeharkaldi osoan zehar egon da bera zaintzen, baita marrazkiak egiten ere. Horregatik, Sagarminagagaz hitz egiteko aukera izan dugu bere abentura handiaren xehetasun guztiak ezagutzeko helburuagaz.

Nola sentitzen zara Mantxako Kanala zeharkatu ostean?

Oso esperientzia polita izan da. Azkenean denbora luzez egon naiz itxaroten erronka hau egiteko; orotara hiru urte. Aurten ere ia-ia egin barik bueltatu naiz etxera, izan ere, aurreikusita nuen epetik kanpo bota naiz uretara, marea biziak zeudenean. Halaber, Mantxako Kanala egitea oso zaila da eta oso baldintza meteorologiko zehatzak ditu. Batzuetan eskuak hutsik bueltatzen zara etxera, nahiz eta ahalegin handiak eta entrenamendu gogorrak egin aurretik. Beraz, azkenean egiteak poztasun handia eman dit.

Mantxako Kanalera Ur Irekiak Galea taldeko Riki Minguez Gabiña eta Iñaki Amorrortu Martinez lagunekin joan nintzen, baita nire bikotea den Eider Eibarrekin ere. Bera ilustratzailea da eta ni zeharkaldian laguntzeaz eta zaintzeaz gain, marrazkiak egiten joan zen. Denok joan ginen uztailaren 24an, baina Riki eta Iñaki abuztuaren 1ean bueltatu ziren igeri egiteko nuen zehaztutako tartea bukatu zenean. Ezin izan ziren gehiago gelditu. Eider eta biok egonaldia luzatu genuen epeetatik kanpo irteteko aukera zegoela esan zigutelako, eta zeharkaldia egin nuen abuztuaren 4ean, 11 ordu eta 3 minutuko denborarekin. Ura 17 gradutan zegoen, eta neopreno barik egin beharra dago. 

Beste bi saiakera egin dituzu lehenago. Zer gertatu zen aurrekoetan?

2020an hegazkina hartu nuen Ingalaterrara joateko, baina aurreko eguneko gauean guztia itxi zuten COVID19-a dela eta. Bestalde, 2021ean, Ingalaterran egon ginen hiru astez: lehenengoa koarentena egiten pasatu genuen, eta, hurrengo asteetan, marea hil eta biziak egon ziren, eta eguraldia oso kaxkarra zen. Horregatik, saiakera egin gabe bueltatu ginen etxera. 

Zer faktore hartzen dira kontuan zeharkaldia era seguruan egin ahal izateko?

Zeharkaldi hauek egitean mareak oso kontuan hartzen dira, eta Mantxako Kanaleko mareak munduko altuenetarikoak direnez, beti atera behar zara marea altua eta baxuenaren arteko tartea gutxienekoa denean, hau da, 3-4 metroko tarteagaz.

Ordea, marea bizietako tartea 7 metrokoa da, eta korronteak askoz biziagoak dira, eta, beraz, denbora gehiago tardatzen duzu zeharkaldia egiten. Horregatik, normalean, igerilariak tartea gutxienekoa denean ateratzen dira. Baina, igerilari azkarra bazara, marea bizietan ere atera zaitezke. Nire kasuan, aipatu bezala, ez naiz aurreikusitako tartean bota, eta marea bizia egon den azkenengo egunean bota naiz.

Zergatik erabaki zenuen egin gura zenuela Mantxako Kanala?

Azkenean Mantxako Kanalari itsasoko Everest-a deitzen diote. Itsas erronka luzeetako probarik esanguratsuena da hainbat arrazoirengatik: munduko marea altuenetarikoak ditu, zati bat gauez egiten duzu, korronte indartsuak ditu, historikoki oso esanguratsua da, merkantzia daramaten itsasontzien "autopista" moduko batetik pasatzen zara horiek sortzen dituzten olatuekin… guztia dauka eta oso berezia da.

Zein izan da erronkako gauzarik zailena?

Zailena da eguraldiaren eta itsasoaren baldintzen menpe egotea eta hori kudeatu behar izatea. Aurreikusi behar duzu leku batera joan zaitezkeela eta saiatu gabe itzuli. Azkenean, mendiko espedizioetan ere hori gertatzen da.

Nire kasuan epetik kanpo bota nintzenez, marea bizietan, zailtasun handiagoa izan nuen. Marea 7 metrotan zegoen ilargia dela eta. Gainera, ibilbideko azken hiru kilometroak bereziki zailak dira, izen poetiko bat dute: Ametsen Hilerria. Inguru horretan kanporantza eramaten zaituen korronte bizi bat dago eta marea bizietan igeri eginda are gehiago nabaritzen da. Beraz, momentu hori niretzako nahiko latza izan zen.

Beldurrik pasatu duzu?

Hasierako momentuetan zalantzak eduki nituen ez nekielako nola eramango nuen gaueko iluntasun hori, marmokak inguruan egotea... Aitzitik, gau horretan ilargi betea egon zenez, super ilargia deitzen dioten hori, nahiko ondo kudeatu nuen iluntasuna.

Beldurra pasatu nuen aipatutako azkenengo hiru kilometro horietan: korronteak alde batera eta bestera mugitzen ninduen eta ez nuen ondo ikusten zer egiten ari nintzen. Galdetzen nion neure buruari ea ez nintzen ni ere Ametsen Hilerrian geldituko… infernua bihurtu zen niretzako hainbeste korronterekin kar-kar.

Nola prestatu zara horrelako erronka baterako?

Ur Irekiak Galea taldeko kidea naizen aldetik, itsasora joan gara urte osoan zehar gure gorputzak prestatzera. Gainera, taldeko beste hiru lagunek jada Mantxako Kanala egin dute, eta lehen aipatutako Riki eta Iñaki gugaz etorri dira prestaketako bidaiak egitera. Beraz, psikologikoki lagunen esperientziek asko lagundu didate, eta prestaketa dibertigarria izan da haiekin egon naizelako egiten duguna disfrutatzen. Maila altua dugu eta egurra ematen diogu elkarri.

Bereziki Iñakik eta Rikik paper garrantzitsua jokatu dute, izan ere, Mantxako Kanala egin baino aste bat lehenago anginak hartu nituen Galiziako Batalla de Rande erronka egin ostean. Bertan egon ziren eta egunero atera ginen entrenatzera, eguraldi txarra egin arren. Beraz, kanalaren zati handi bat eurena da. Gainera, Rikik aurreko urteetako esperientzia du eta guztia oso ondo neurtuta zuen. Pena eman zidan haiek lehenago bueltatu behar izana. 

Horretaz gainera, zure bikotea den Eider Eibar ilustratzaileak ere erantzukizun handia zuen. Zer egin behar zuen Eiderrek?

Horrelako zeharkaldi luzeetan laguntzaile bat eduki behar duzu aldamenean. Jatekoa programatuta du igerilari bakoitzak eta 45 minuturo ematen zaio janaria igerilariari. Beraz, Eiderrek denbora hori pasatzean ur isotonikoa edota jana ematen zidan. Gainera, itsasontziko kapitainek esaten zizkidaten argibideak komunikatu behar zizkidan Eiderrek, horrelako zeharkaldietan igerilariaren ondoan doan itsasontzi eta kapitain bat kontratatu behar duzulako bidea ondo erakusteko.

Beraz, lan handia zuen Eiderrek: elikadura eman, bertako kapitainen ingeles itxia ulertu eta gure arteko komunikazioa bermatu, ni lasaitu eta zaindu... Horretaz aparte, ilustratzailea den aldetik, marrazkiak egiten eta ni grabatzen ere egon zen, izan ere, Margo Piratak izeneko proiektu bat dugu Kokoak.eus  ekimenaren barruan. Bertan, Mugi Muki izeneko euskarazko sticker batzuk sortu ditugu, eta Mantxako Kanalaren abenturako sticker berriak aterako ditugu laster.

Mantxako Kanalaren erronka behin beteta, beste zeharkaldiren bat duzu buruan?

Bai, baditut hainbat froga buruan… Triple Corona edota Zazpi itsasoak deritzotenak, adibidez. Baina frogak egiteko itsasontzia alokatu behar dut, eta bidaiatzeko dirua aurreztu ere. Halaber, munduan badaude hainbat froga esanguratsu; mendian 8.000ko mendiak dauden bezala maila altuko kanal eta zeharkaldi ugari daude, eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Baliteke hurrengoan Ipar Irlandatik Eskoziarako kanala egitea, Iparraldeko Kanala deritzona. Urak hotzagoak dira eta marmoka andana daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun