Atzeratu dute Silviaren kontrako epaiketa, emakumeari eraso egin zion ertzainaren aurkako froga berriak sartu baitituzte

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 4a, 19:07

Egunotan protesta ugari egin dituzte Getxon Silviaren alde.

Atzeratu egin dute 2018ko maiatzean emakume batek Getxoko ertzain-etxean jasandako erasoen epaiketa. Hala erabaki dute gaur epaileek, kolpatua izan zen Silvia izeneko emakumearen abokatuaren protesta onartu ondoren. Silvia modu irregularrean atxilotu zuten urte hartan, supermerkatu baten atean, etxerik gabeko pertsona baten defentsan atera zenean, polizia jazartzen ari zitzaiolako. Ondoren, ertzain-etxean bertan, tortura polizialaren biktima izan zela salatu du, "zaintzen zuten agenteetako batek bortizki eraso egin baitzion". Ertzainak, berriz, lesioengatik eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik salatu zuen emakumea.

Silviaren abokatuak protesta egin du gaurko epaiketa-egunean, Bizkaiko Auzitegiak ez ziolako utzi ahozko saioan hainbat froga egiten, emakumea kolpatu zuen ertzainaren aurkako akusazioa sostengatzeko.

Instrukzio judizialeko bost urteetan, defentsak errekurtso ugari aurkeztu ditu, uste baitu zantzu sendoak daudela Fiskaltzak ertzainari leporatzeko osotasun moralaren aurkako delituak, torturak eta atestatua faltsutzea, besteak beste. Beste froga batzuen artean, abokatuak prozeduran Istanbulgo Protokoloari lotutako peritu-txostenak sartzea eskatu zuen. Protokolo hori tortura, zigor eta tratamendu krudel, anker edo iraingarriei buruzko ikerketa eta dokumentazio eraginkorraren nazioarteko eskuliburua da eta, horrela, Silvia artatu zuten psikiatra, psikologo eta mediku bati deklarazioa hartzeko eskatu zuen abokatuak, baina atzera bota zuten eskaera instrukzio judizialean, lesioei buruzko frogak aurkeztea soilik baimenduta, eta ez tratu iraingarria.

Hala ere, gaurko saioan, eta luze eztabaidatu ondoren, auzitegiak onartu egin du osotasun moralaren aurkako delituei buruzko froga berri horiek egitea. Hala, Bizkaiko Auzitegiko lehen sekzioak epaiketa atzeratzea erabaki du, dena elkarren segidako jardunaldietan egin dadin.

Silviaren aldeko protestak

Getxoko hainbat eragilek eta SOS Arrazakeriak kanpaina bat abiatu dute Silviak pairatutako "polizia-indarkeria" salatzeko. Hala, hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin dituzte egunotan, azkena, gaur, Bilboko justizia jauregiaren aurrean. Bertan elkarretaratzea egin dute, epaiketa hasi aurretik, emakume getxoztarrari elkartasuna adierazteko. Hala ere, bertan zeudela, Ertzaintzak manifestariak behartu ditu pankarta kentzera, "leloa" delitua delakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun