Getxoko EH Bilduk zabaldutako oharrean azaltzen denez, Silvia modu irregularrean atxilotu zuten 2018an, supermerkatu baten atean, etxerik gabeko pertsona baten defentsan atera zenean, "polizia jazartzen ari zitzaiolako". Ondoren, ertzain-etxean bertan, tortura polizialaren biktima izan zela salatu du koalizio abertzaleak, "zaintzen zuten agenteetako batek bortizki eraso egin baitzion". Koaliziokoek gogoratu dutenez, erasoa gaur egun publikoa den bideo batean ikus daiteke, "baina, hala ere, polizia-atestatu bat aurkeztu zen, osatu gabe eta lerratuta, polizia-etxeak berak egina".
Silvia, tras esta brutal agresión por un agente de la Ertzaintza en dependencias policiales, es acusada de varios delitos por los que le piden 7 años de cárcel.
— SOS Racismo Bizkaia (@sosracismobiz) February 10, 2022
Es intolerable, inadmisible.
Pedimos justicia y reparación para Silvia
pic.twitter.com/G1GTLBkPvR
Kolektiboek deitoratu dutenez, erasoa egin zuten agenteek atestatu faltsu bat eta biktimaren salaketaren kontrako adierazpen bat aurkeztu zuten, "gertakariak desitxuratuz eta biktimak zirenaren itxurak eginez". Azaldu dute bideo-proben aurrean poliziek atzera egin behar izan dutela euren kontakizunean; "izen ere, auto judizialaren arabera, poliziaren jarduera neurrigabea da, eta agentearen gehiegikeria bat adierazten du".
Hala ere, gogoratu dute Eusko Jaurlaritza auzian pertsonatu zela eta, gaur egun, zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen duela Silviarentzat, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. "Are abusuzkoagoa den kapitulu batean, justiziak ukatu egin dio Istanbulgo Protokoloaren txosten bat froga gisa aurkezteko aukera, tortura-irizpenarekin auzitegi-medikuek egina. Istanbulgo Protokoloa nazioarteko eskuliburu bat da, eta nahitaez aplikatu behar da tratu txarrak eta tortura ikertzeko eta dokumentatzeko", azpimarratu dute EH Bilduko kideek.
Ebidentziak gorabehera, koalizio abertzaleak deitoratu du Eusko Jaurlaritzaren jazarpen gisa interpreta daitekeela Silviaren aurkako "neurrigabeko" akusazioa, "poliziaren torturak salatzeagatik zigor gisa". Era berean, barne-ikerketen erregistrorik ez egotea kezkagarria dela mahai-gaineratu du.
Mobilizazioak absoluzioa eskatzeko
Horren guztiaren aurrean, eta epaiketa urriaren 4an eta 5ean egingo dela kontuan hartuta, Getxoko hainbat taldek –Algortako Bilgune Feminista, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Haziak, Mujeres con Voz, Ongi Etorri Errefuxiatuak– bat egin dute Bizkaiko SOS Arrazakeria erakundeagaz, kasua salatzeko kanpaina bat egiteko eta auzokideari elkartasuna adierazteko. Hala, urriaren 3an manifestazioa egingo dute Itzubaltzeta/Romon, 19:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Halaber, epaiketa izango den egunetan, elkarretaratzeak egingo dituzte 09:45ean, Bilboko epaitegien aurrean.
Gainera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bateratua aurkeztuko dute datorren eguenean, irailak 28, izango den Udalbatzan. Bertan, kasua salatu eta auzipetuari elkartasuna adierazteaz gain, Getxo torturaren eta polizia-jarduera arrazisten aurkako udalerri gisa deklaratzea proposatuko dute talde ezkertiarrek. Egun horretan ere, gogoratu dutenez, udaletxearen atarian elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean.